auzitegiak

Konstituzionalaren arabera, susmoa izatea ez da nahikoa inor hauteskundeetatik kanpo uzteko

Espainiako auzitegiak asteartean jakinaraziko du epaia, baina 'El Pais'-ek zatiak aurreratu ditu. Konstituzionalak dio Bilduko hautagai independenteek ez dutela "ETA-Batasunarekin harreman subjetiborik", ez dagoela frogarik Batasunak koalizioa erabili duen frogarik, eta hautagai denek sinatu dutela indarkeriaren aurkako idatzia. Haren arabera, Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren froga batzuk "oso ahulak" dira.

2011ko maiatzaren 7a
17:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak asteartean jakinaraziko du Bilduri maiatzaren 22ko hauteskundeetan parte hartzea ahalbidetu dion ebazpenaren epaia, baina gaur El Pais-ek idatziko hainbat zati argitaratu ditu, eta Konstituzionalaren arabera, "susmo izatea ez da argudio juridikoa inori parte-hartze politikoa bezalako eskubidearen gauzatzea kentzeko". 

Konstituzionalak dio Bilduko hautagai independenteek ez dutela "ETA-Batasunarekin harreman subjetiborik", ez dagoela Batasunak zerrendetan sartu dituen frogatik eta, ondorioz, Bilduk ez duela Espainiako legediarekiko iruzurrik egin. Independenteek, gainera, ezker abertzalearen ideologia izateko eskubidea eta eta hauteskundeetan parte hartzeko daukate, Konstituzionalaren arabera.

Halaber, auzitegiak dio balitekeela ETAren eta Batasunaren xedea indar independentisten arteko metaketa izatea, baina ez dago euren helbururako Bildu erabili duten frogarik.

Gogoratu du Bilduren barruan bi alderdi politiko daudela —EA eta Alternatiba—, horiek ETA gaitzesten dutela, eta koalizioak zerrendetan independenteak hartzeak ez duela esan nahi EAk eta Alternatibak erakunde armatuarekiko arbuioa "ahaztu" egin dutenik eta alderdiok "engainatuak" izan direnik. Gainera, auzitegiak esaten du koalizioko hautagai denek indarkeriaren aurkako idatzi bat sinatu dutela. 

Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak aurkeztutako beste hainbat froga "oso ahulak" direla dio Konstituzionalak: gutun batzuk, adierazpenak, Arnaldo Otegi eta honen emaztearen arteko kartzelako ustezko elkarrizketa bat... "Ez dute pisurik froga izateko".

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidentearen ustez, "Konstituzionalaren erabakiarez erruz, terrorismoaren kontra urteetan egindako bidean atzera egin dugu".

Konstituzionalak ostegun gauerdian jakinarazi zuen Bilduren babes helegitea aintzat hartu duela. Oso bilkurako 11 magistratuen artetik sei azaldu ziren horren alde, bost kontra. Beraz, atzera bota zuen Auzitegi Gorenaren debekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.