Euskararen egoera. Elkarrizketa. Josu Labaka. Uemako lehendakaria

«Kontrajarria da Jaurlaritzako batzuek eta besteek diotena»

Herri euskaldunetako datuekin lehen inpresio baikorra dute Ueman. Beste harreman bat dute orain Jaurlaritzako hizkuntza arduradunekin, baina kezkatuta daude lurralde antolaketarekin.

Garikoitz Goikoetxea.
Azpeitia
2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Kultur kontsumoari buruzko datuek hainbesteko zeresana eman duten egunotan, Sanagustin Kulturgunean jarri du hitzordua Josu Labakak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1978), Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak. Kontsumoan eragiteko adibide izan daitekeela dio. Herri euskaldunetan ere bada premia.

Udalerri euskaldunetako jaitsiera eteten hasi dela diote datuek.

Lehen inpresioa baikorra da: atzerakada ikusten ari ginen, eta, lehen begiradan, badirudi geratu dela. Pentsatu nahiko nuke egiten ari den lanak izan duela eragina, baina argi dago krisi ekonomikoak eragin duela etxegintzan, eta immigrazioan ere bai. Lurralde antolaketaren eragina argi dago.

Oraindik jaitsiera dago ia denak euskaldunak ziren herrietan. Onartu beharko da oraingoz ez dela horrelako herririk izango?

Gertatzen ari da. Goitik behera datoz. Herri txikiak dira gehienak, eta edozein aldaketa txikik eragin handia du. Baina, hori horrela onartuko bagenu, akats larria litzateke. Ezer egiten ez badugu, gertatu egingo da. Gertatzen ari da. Baliabide gutxiko herriak dira, eta erakunde nagusietatik ekin behar zaio. Herri horietan inbertitu behar da, eta garapen sozioekonomikoa bultzatu. Nahiz kuantitatiboki pisu txikia izan, kualitatiboki esanguratsuak dira.

Herri euskaldun askotan, kalean gehiago egiten da etxean baino.

Kalean arau sozialek indar handia dute, eta udalerri horietan, arau soziala da nagusiki euskaraz bizi garela. Udalerri horien indarra erakusten du horrek. Baina munduari begira bizi dira herri horiek: ez daude bakartuta. Horrekin batera, gehiago dira bikote mistoak, eta lehen hizkuntzaren aldagaia ere inportantea da. Horrek guztiak eragina du etxeko erabileran.

Udal legean dago proiektuen eragin linguistikoaren ebaluazioa egin beharra. Zertan dago?

Jaurlaritzari hainbat alditan esan diogu estrategikoa dela udal legearen garapena. Ontzat jo genuen EAJk eta EH Bilduk legea egiteko egindako akordioa: urrats kualitatiboa izan zen. Baina garatzen ez bada, bere horretan geratuko da. Esan digute lanean ari direla. Prozesuan parte hartu nahi dugula eskatu dugu. Eta zain gaude.

Lurralde antolaketarako gidalerroak finkatzeko prozesuan ere parte hartu duzue. Azken bertsiotik kendu egin dute euskara.

Kontraesan bat dago: udal legeak dio landu behar dela, eta eragin linguistikoaren ebaluazioa aipatzen da; baina orain esan dute lurralde antolaketaren eta hizkuntzaren artean ez dagoela loturarik. Kolpe latza izan da. Mezu kontrajarriak ematen ari zaigu Jaurlaritza: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin nahiko hausnarketa konpartituak dauzkagu lurralde antolaketaren eta hirigintzaren eraginaz; baina begira Lurralde Antolaketako Sailak zer dioen. Lurralde Antolaketan dauden arduradunak daude. Jaurlaritzan bi bazkide daude, eta kontraesankorra da batzuek eta besteek esaten digutena. Hizkuntza politika ez da soilik Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik egiten. Ikusi beharko da buelta emateko aukera badagoen. Orain da garaia.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin sintonia bat nabari da. Egoera asko aldatu da?

Tonuan, harremanetan, ematen zaigun tratamenduan, bai, aldaketa bat egon da. Aitortu behar da egiten ari diren ahalegina. Euskalgintza osoarekin ikusten dira beste tonu eta keinu batzuk. Euskaraldiko argazkia ikusi besterik ez dago. Denen ahaleginaren ondorio da, eta jauzi bat egiteko aukera dakar. Herritarrei begira adostu dugu diskurtso bat eta elkarlan modu bat. Baina argazki horretatik jauzi bat eman beharko litzateke: hizkuntza politikaren inguruan ere diagnostiko konpartitu bat egin, erabaki ausartak eta bateratuak hartzeko.

Uemari dagokionez, Jaurlaritzaren oniritzia jaso dugu hausnarketak partekatzean. Hizkuntza berdintsuan ari gara. Falta zaigu diagnostiko horretatik benetan urratsetan sakontzea. Egitea.

Udaletan ari zarete sumatzen kezka, ala udalerri euskaldunetan zabaldua dago oraindik dena egina dagoen sentsazioa?

Lan handia egin da hor, gertatzen ari denari buruzko kontzientzia lana. Uemako herri askotan hirigintza planak egitean hizkuntza eraginaren ebaluazioa egin da. Herri gehiago ari dira hor sartzen. Aldaketa bat ikusten ari gara hor.

Kultur kontsumoari buruzko inkesta bat aurkeztu dute: euskaldun gehienek ez dute jotzen euskarazko produktuetara. Arazoa da gune euskaldunetan ere?

Bai, zalantzarik gabe. Euskaldunok badugu ariketa pertsonal eta kolektibo bat egin beharra. Baina egindako kultur politikaren emaitza ere bada. Euskal kulturgintzarekiko beste apustu bat eskatzen dute datu horiek: sortzaileak nola dauden, antolatzaileak... Euskal kulturaren inguruko ekosistema oso bat dago antolatzeko: kontsumitzaileetara iritsi arteko soka. Apustu estrategiko bat behar da.

Euskaraldia badator. Zer izango da udalerri euskaldunentzat?

Bultzada berri bat izan nahi du euskararen erabileran. Oro har, gure eremuak erabilera handikoak dira, eta beste salto bat eman nahi dugu: kultur kontsumoa, hedabideena... Ahalduntze bat behar dugu horietan ere. Udalak eta euskalgintza elkarlanean jartzeko aukera emango du, eta herri horietan jabetzeko zer eragin duten euskararen normalizazioan.

Uema bera nola dago osasunez?

Sendotasun handia lortzen ari da. Agintaldi hasieran izan genituen sartu-irten zalantzak, eta aldi hori gainditu da. Beste erakundeekiko harremanetan lortu dugu toki bat, eta elkarlan bideak. Diagnostiko bat egina dago non eragin; garatzeko elementu asko daude. Datozen urteetan badago hazteko eta sendotzeko aukera: badaude Uemara bildu ez diren udalerriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.