Kontrazepzioa. Jose Ramon Serrano. EAEko Kontrazepzio Elkarteko presidentea

«Kontrazepzioan hezteko ez da deus egin; instituzioek sartu behar lukete»

«Mitoak» gaitzesten ditu, antisorgailuei buruz taxuz mintzatzea eragozten duten ideia faltsuak; sendagileen artean ere badirela dio.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2014ko martxoaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EAEko Kontrazepzio Elkarteko presidente Jose Ramon Serrano da atzo Donostian hasitako kongresuko antolaketa batzordeko lehendakaria. Kontrazepzioaz maizago eta ozenago hitz egin beharko litzatekeela dio; bikoteen barruko komunikaziora mugatu gabe, familietan, eskoletan eta osasun etxeetan naro zabaldu beharko litzatekeela. Ondo hezteko.

Krisiak eragina du kontrazepzioan. Medikuek diozue botika merkeagoen eske ari dela jendea. Biltzarrerako goiburu, hain justu, gai horixe aukeratu duzue. Preserbatiboak doako egiteak ez luke lagunduko?

Kontrazepzio eraginkorra sustatu behar dugu, beste ezeren gainetik; hormonen bidezkoak eta umetoki barnean jartzen direnak, horiek dira, batez ere, eraginkorrak. Gero, nerabeei begira batez ere, oso ondo legoke metodo bikoitz bat sustatzea: preserbatiboa erabiltzea, betiere, metodo eraginkorrago batekin batera. Era horretan, sexu harremanen bidezko eritasunak ere saihestu egiten dira. Datuak argiak dira: preserbatiboa da gehien erabiltzen den metodoa, baina ikertzen baduzu, argi geratzen da ez dela beti erabiltzen, edo zenbaitetan beranduegi jartzen dela... Horregatik da zinez garrantzitsua beste metodo batekin batera erabiltzea. Baina, bai, jakina, erabili egin behar da preserbatiboa, eta doan izateak lagunduko luke, bai.

Baina faktore ekonomikoari bakarrik erreparatuta ez dira ulertzen kontrazepzioaren alorrean oraindik ere dauden hainbat gabezia, ezta?

Kasuen ehuneko txiki batean eragiten du. Baina erabakigarriena egin ez den lana da: 2010ko Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa, abortuaren arautzeari dagokionez, ondo ezarri da, baina legearen bigarren zatia, prebentzioari lotutakoa, ez da batere garatu: ez instituzioek, ez ikastetxeek, eta ezta hedabideek ere. Hori da zinez esanguratsua.

Kontrazepzioaren ardura emakumeengan lagatzen da oraindik sarri?

Ikasgai horretan beti egiten dugu kale. Iruditzen zait hamarraldi baten bueltan, beste belaunaldi batekin, igarriko dela aldaketa, baina, gaur egun, oraindik ez. Gaur egun, oraindik ere, ez dute gizon eta andreek era berean parte hartzen kontrazepzioari buruzko erabakietan: inkestek erakusten dute emakumeek hartzen dutela, gehienetan, protagonismoa. Aldatzen ari da hori, baina poliki-poliki, eta oraindik ere ez da izan igartzeko moduko aldaketa bat.

Eta nola heldu gazteengana?

Egun, arazoa da inork ez duela hartzen ardura hori. Eskoletan, esaterako, sexu hezkuntza egin beharrean, etikarekin lotutako zerbait egiten da, ez da benetako heziketa; familietan, berriz, gaiak tabu izateari laga badio ere, ez zaio behar den moduan heltzen.

Kontrazepzioaren inguruan ezagutza falta dagoela iruditzen zaizue?

Hainbat mito daude oraindik ere zinez errotuta daudenak emakume gazteen artean: hormonak txarrak direla, ez direla seguruak, minbizia eragiten dutela... Era horretako mito asko daude.

Baina badira horietako zenbait baieztapenekin eta susmorekin bat egiten duten sendagileak ere, ezta?

Ez da bat egiten dutela: kontua da ez dakitela. Kongresu honen harira, esaterako, ikastaro bat egingo dugu gure inguruko medikuak hezteko. Mitoen gai hori jorratuko dugu; izan ere, oraindik hor daude, gezurra badirudi ere. Nik Europan, esate baterako, hainbat lankide ditut esaten didatenak soilik Espainian aholkatzen dela pilula antisorgailuak hartzean, tarteka, atseden hartu behar dela... Hori ahaztuta dago, oro har, Europan orain dela urte asko.

Sendagileak ez daude, beraz, behar bezala prestatuta kontrazepzioaren arloan. Ahaztutako gaia al da?

Badira, esaterako, ikasketak bukatzeko zorian dauden sendagile egoiliarren artean egindako inkestak, eta erakusten dute justu-justukoa dela askok kontrazepzioari buruz dakitena. Nolanahi ere, esanen nuke lehen arretako medikuek gero eta kontzientzia handiagoa dutela gaiarekin.

Immigrazioak kontrazepzioan izan duen eragina kongresuan aztertzeko ikergaien artean jarri duzue. Ez dituzte ezagutzen edo kosta egiten zaie kontrazepzio neurriak lortzea?

Kultura aldagai garrantzitsua da: etnien arabera, aldaketak daude. Baina, horrez gain, kosta egiten zaie kontrazepzioa eskaintzen duen osasun sisteman sartzea, eta, zenbaitetan, heltzen direnerako, berandu izaten da. Kanpotik heldu eta lehen urteetan izaten dituzte, normalean, nahigabeko haurdunaldi gehienak.

Espainiako Gobernuak egin nahi duen abortuaren lege berria ezin saihestuko gaia izango da zuentzat, egunotan, kongresu honetan. Atzerriko lankideak guztiz asaldatuta daudela diozu. Zer esaten dizuete?

Harrituta daude. Gurea zientziarekin lotutako mundu bat da, eta lege horren atzean dagoena proposamen etiko bat da. Ez du gurekin zerikusirik. Aldiz, 2010eko legea egokia iruditzen zaigu; XIX. gizaldiko errealitateari egokitutako lege bat da. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, oso ondo ezartzen da: hamar bat emateko erakoa da, benetako eredua.

Inboluziorik bada zuen alorrean?

Abortuarena erabateko inboluzioa da. Eta kontrazepzioan hezteko, berriz, ez da deus ere egin. Instituzioek sartu egin behar lukete horretan; zuk ez baduzu eskola curriculumean sexu osasun eta erreprodukziorako hezkuntza txertatzen, horrek ekarriko du bakoitzak egitea bere erara: gogoak ematen dion moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.