Osasuna eta generoa (III). Sexu eta ugalketa osasunaren medikalizazioa

Kontrola: askatasunera kateatuta

Emakumeen sexu eta ugalketa osasuna medikalizatzea eta kontrolatzea ekarri du hormona bidezko tratamenduak orokortzeak. Berriki hasi dira azaleratzen botika horien nahi gabeko ondorioak.

Maite Asensio Lozano.
Zarautz
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Menopausia bizitzako garairik onena dela esaten die Txusa Balbas ginekologo eta homeopatak bere Zarauzko (Gipuzkoa) kontsultara doazen emakumeei. «Zoragarria da, energia aurrezteko plana abiatzeko unea delako: zure energia guztia zugan jarriko duzu, besteengan nahikoa jarri duzulako jadanik». Menopausia minarekin eta hondamen fisikoarekin lotu duen «istorioa desmuntatu» zuen 2007an, Bueno chicas, esto se acabó: una guía para desdramatizar la menopausia liburuan (Bueno, neskak, hau amaitu da: menopausiari dramatismoa kentzeko gida): «Farmazia multinazionalei baino ez die mesede egiten». Andreak askatuko zituzten hormona tratamenduak negozio itzel bilakatu izana gaitzetsi du.

Ugaltzeko aukera izan da hainbat urtetan emakumeen gorputzari aitortutako diferentzia bakarra, baina gorputzok kontrolatzeko erabili da. «Andre izateagatik, interbentzioa diseinatuta dago; hori ez zaie gizonei gertatzen», azaldu du Balbasek; «14 urteko neska baten menarkian esku har dezake osasun sistemak, haren hilekoak zainduz; haurdunaldiek osasun agintaritzen esku egon behar dute, eta erditzeek, gehiago; mundu guztiak omen du hor iritzia emateko eskubidea».

Izan ere, ikusezintasunetik libratutako osasun esparru bakarra izan da ugalketa osasuna, baina, trukean, andreen prozesu fisiologikoak arazo bihurtu ditu medikuntzak. Gaixotasunak balira bezala tratatzen dira hilekoa, haurdunaldia, erditzea eta menopausia. Prebentziotzat jotzen den hori medikalizazioa baino ez dela uste du ginekologoak: «Osasunaz ari bagara, prebentzioak ez du eritasunetan jarri behar indarra, osasuna eraikitzean baizik. Erditzea, haziera edo menopausia medikalizatuz ez gara osasuna eraikitzen ari, boterea erabiltzen baizik, farmazia multinazionalen laguntzaz».

Eta enpresa horien estrategiaren atzean bada diskurtso jakin bat, Balbasen arabera: «Emakume izatea zorigaitza dela adierazten digute: neskatoari hilekoa etortzen zaionean, 'gaixoa' esaten dute, penaz; haurdun geratzen denean ere, 'gaixoa', baina haurdun geratzen ez bada, 'hau pena'; erditzean, 'hau beldurra', eta umeak heztean ere, 'gaixoa'. Menopausiak albiste ona beharko luke, baina ez, hor ere 'gaixoa'. Ikuspegi horrek babesik gabe uzten gaitu emakumeak, eta orduan agertzen da erreskatea, gure biologiatik salbatzera».

Hormona tratamenduen erabileran izandako bilakaerak agerian utzi du hori. Haurdun noiz geratu erabaki ahal izateko sortu ziren antisorgailuak. «Kontrazepzioak libre egiten ditu andrazkoak», gogorarazi du Balbasek. Denborarekin, ordea, hilekoan irregulartasunik zuten nerabeei ere errezetatu zizkieten, nahiz eta gorputza bera arduratzen den zikloa orekatzeaz. Beste adibide bat da menopausiari egotzitako dramatismoa: «Andreei sinetsarazi diete akabo direla, edertasuna berreskuratzeko salbatu behar dituztela, eta, gainera, osteoporosiaren beldurra sartu diete». Eta ustezko gabezia horiek zuzentzeko, hormona bidezko ordezko terapia abiatu zuten.

Ondorioak ia aztertu gabe

Baina tratamendu horien nahi gabeko ondorioak behar bezala ikertu al zituzten? «Ez. Inola ere ez», erantzun du ginekologoak. Eta erantsi du andreak libre egin behar zituen horrek mendeko bihurtu dituela: «Antisorgailu merkeagoak edo gizonek erabiltzekoak merkaturatzeko aukera aztertu al da? Ez. Nahi gabeko ondorioen jakitun dira emakumeak? Ez. Beste ikerketa mota bat bultzatzeko behar adina andrazko dago komunitate zientifikoan? Ez».

Hormonak kontsumitu dituzten emakumeek gerora izandako osasun arazoen harira, gero eta azterlan gehiago agertzen ari dira. 1960-1970eko hamarkadetan merkaturatu ziren hormona bidezko lehen antisorgailuak, oso andre gutxirekin ikertu ostean. Hormona dosi oso altuek metabolismo aldaketak eragin zizkieten kontsumitzaile askori.

Hurrengo pilula belaunaldiak dosia txikituz joan dira, baina ondorioak berdin-berdin azaleratu dira urteen poderioz. Epe laburrean, gizentzea, goragalea, ugatzetako tentsioa, hilekoaren nahasmenduak eta libido sexuala murriztea eragin dezakete hormonek. Epe luzerako efektuen zerrenda luzeagoa da: biriketako tronbosiak eta tronbosi periferikoak, zain eta arterietako tronboenbolismoak, bihotzekoak, garunetako hodietako istripuak eta bularreko minbizia izateko arriskua handitzea.

Menopausiarako terapiari buruzko lehen ikerketek ere hiru eta sei hilabete baino ez zuten iraun, 1990eko urteetan. Proba haiek pisu egokia zuten emakume osasuntsuekin egin zituzten, baina gerora dosi bera eman zieten andre guztiei, kontuan izan gabe nanogramo bat hormonaren eragina hamar aldiz biderkatzen dela gehiegizko kilo bakoitzeko.

Hamarkada amaieran abiatu zuten tratamendua jasotakoei buruz diru publikoz finantzatutako lehen ikerketa: lau urterako aurreikusitako lana erdibidean moztu behar izan zuten, terapia hartzen ari zirenen artean tronbosiek eta bihotzekoek gora egin zutelako. HERS azterlana 2002an kaleratu zen: hogei milioi tratamendu gutxiago eman zituzten, eta hurrengo lau urteetan 14.000 minbizi kasu gutxiago agertu ziren Amerikako Estatu Batuetan.

Hilekoa desagerrarazi?

Horiek guztiek, ordea, ez dute ase farmazia industriaren gosea. AEBetan jada salgai dago azken asmakizuna: hilekoa kentzeko pilula. Hormonak etengabe hartzean datza, hilekoaren bidez ateratzen den endometrioa ez sortzeko, eta horrela odolik ez isurtzeko. «Hilekoa desagerrarazi nahi dute, madarikazio bat delako, saihestu beharrekoa, nazkagarria», deitoratu du Balbasek. «Baina hilekoa bioerregulazio mekanismo bat da, medikuntza ofizialak oraindik sakon aztertu ez duena».

Botikaren entseguak 2.500 andrerekin baino gutxiagorekin egin izanak auzitan jarri du haren segurtasuna, baina kasu honetan pilulen eraginkortasuna ere dudan dago, probetan parte hartu zutenen %53k odola atera zutelako. Eta paradoxa ere badakar asmakizunak: antisorgailu gisa saldu dute hilekoa desagerrarazteko pilula, hau da, haurdunaldia prebenitzeko. Baina, praktikan, hilekorik gabe emakumeentzat zailagoa da jakitea haurdun geratu diren ala ez.

Hilekoa kentzearen guztiz kontrakoa egitea proposatu du Balbasek: «Gure alabei irakatsiko bagenie ziklo sexualean euren gorputzean zer gertatzen den ulertzen, jabekuntzarako tresnak emango genizkieke». Beharrezkotzat jo du menarkiatik menopausiaraino ikuspegia aldatzea: «Zer gertatuko litzateke emakumeei sentiaraziko bagenieke euren bizitzako zikloetan gertatzen dena normala dela?».

Bihar: Gizarte presioak gaixotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.