UPNk eta PSNk osatu berri duten koalizioko gobernuko zortzi kontseilariek kargua hartu zuten atzo, Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren eta herrialdeko eta Iruñeko bertze hainbat agintariren aurrean egindako ekitaldian. Egungo egoera ekonomikoa eta gobernua osatzen duten bi alderdien arteko elkarlanerako beharra aipatu zituzten kontseilari berriek kargua hartu ondotik kazetarien aurrean egindako lehendabiziko adierazpenetan.
Barcinak berak, kontseilariei haien karguaren adierazgarri den ikurra jarri eta gero, neurritasuna eskatu zien gobernuko kide berriei, bai eta gardentasuna eta herritarrekiko hurbiltasuna ere. Gainera, denek Nafarroako langabeen kopurua jaisteko lan egin beharko dutela azpimarratu zuen. Horretarako, «konfiantzazko esparru bat» osatzea funtsezkotzat jo zuen presidenteak: «Gure artean konfiantza behar dugu; eta konfiantza, halaber, gure erakundeekiko».
UPNko eta PSNko arduradunek dituzten helburu komunei lehentasuna eman dietela erantsi zuen, «gatazkaren alde egin beharrean». Oraingoa arduraz jokatzeko garaia dela erran zuen Barcinak, bai eta ahalegin berezia egitekoa ere, osatu berri den gobernuak Nafarroaren egoera hobetzea lor dezan.
Jimenezen leialtasuna
PSNko Roberto Jimenez izan zen atzo kargua hartzen lehena. Gaztelaniaz irakurri zuen irakurri beharreko formula, baina, bukaeran, «Bai, hitz ematen dut» erantsi zuen, euskaraz, alderdi bereko kide Elena Torresek eta Anai Astizek bezala. UPNko Lourdes Goikoetxeak ere halaxe egin zuen.
«Arduraz eta lasaitasunez hartzen dut kargua; gardentasunez jokatuko dut dauden arazoak konpontzeko», azpimarratu zuen Jimenezek ekitaldiaren amaieran. «Ezberdinen artean» osatutako gobernuarekiko leialtasunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa hartu zuen.
Lehen presidenteordea izanen da aurrerantzean Jimenez; Alvaro Miranda Ekomonia eta Ogasun kontseilari erregionalista, berriz, bigarrena. Sozialistekin egin beharreko lanaz, gobernuko bazkideen arteko harremanak «bikaina» izan beharko duela azpimarratu zuen Mirandak, «elkarrekin aritu ahal izateko, bertzeak bertze, egoera ekonomikoa hobetzeko».
Ekonomia aipatu zuten, halaber, gainontzeko kontseilariek, bakoitzak bere departamentuko erronkak ahaztu gabe. Osasun zerbitzuaren egoera ez duela ia ezagutzen onartu zuen Osasun kontseilari Marta Verak; Azpiegitura kontseilari Anai Astizek mahai gainean AHT edo Nafarroako ubidearen gisako proiektuak daudela erran zuen, baina ikusi beharko dela zer diru eta zer lantalde dagoen. Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek, berriz, bihar bertan DBHko ikastetxeetako zuzendariekin bilera eginen duela iragarri zuen.
Kontseilariek elkarlana eta ekonomia izan dituzte gogoan kargua hartzean
Nafarroako presidente Yolanda Barcinak «neurritasuna, gardentasuna eta hurbiltasuna» eskatu die gobernuko kideeiDepartamentu guztiek langabeen kopurua jaistea izanen dute helburu nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu