Hizkuntza eskubideak jomugan

Kontseiluak esan du hizkuntza klausulen aurkako azken epaia «oso larria» dela

Hizkuntza eskakizunen aurkako «oldarraldi judizialean» maila bat gora egin dela adierazi du, eta «eremu berrietara» zabaldu dela

arantxa iraola
2023ko martxoaren 30a
12:09
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak hizkuntza klausulen inguruan eman duen azken sententziaren harira, Euskalgintzaren Kontseiluak ohar bat plazaratu du. Hau da sententzia horren sorburua: enpresa batek auzitara jo zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lehiaketa publiko baterako ezarritako hizkuntza irizpideen kontra; izan ere, administrazioaren eskea zen kontratu publikoa lortzen zuen enpresako langileek euskara maila egokia izan beharko zutela administrazioarekin izan beharreko hartu-emanetarako. Enpresak jarritako helegitearen aurrean, ordea, justiziak erantzun du «inposizioa» dela eskakizun hori.

«Euskararen normalizazioaren aurkako» sententzia bat da Kontseiluarentzat, aurrez ere hainbat ebazpenekin abiatutako «oldarraldi judizialean» maila bat gora eginda, eta «eremu berrietara» ere hedatuta. Izan ere, orain arte baziren hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak, baina horiek hartzaileekiko harremanetara begirakoak ziren, haiei eman beharreko artarako eskatzen ziren hizkuntza irizpideen ingurukoak. Hau da lehenbiziko sententzia atzera botatzen dituena kontratu publiko bat duten enpresei administrazioarekin harremanetan jarduteko ezarritako hizkuntza klausulak. Eta ohikoak dira egun klausula horiek, ezinbestekoak baitira euskaraz funtzionatzen duten erakundeen hizkuntza irizpideak errespetatze aldera.

Tankera horretako irizpideen garrantzia nabarmendu du Kontseiluak. «Aspalditik defendatu dugu kontratazioetan hizkuntza klausulek duten garrantzia, egun gaztelera nagusi den administrazioa eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko urrats gisa». Eta bidean agertzen ari diren oztopo ugarien gainean ohartarazi du: «Tamalez, ikusten ari garenez, euskararen biziberritzean eta normalizazioaren alde hartzen den neurri bakoitzeko, epaileak agertzen dira herritarron eskubideak are gehiago murrizteko». Horren atzean «estrategia» bat ikusten du Kontseiluak, «euskararen biziberritzea» eragozteko asmoz ondutakoa. Zenbait auzitegi bide horretan izaten ari diren jarrera ozen kritikatu behar dela esan du Kontseiluak: «Beste behin, administrazio publikoaren hizkuntza politikorako eskumenaren aurkako erabaki baten aurrean gaude. Beste behin, epaileak ari zaizkigu hizkuntza politika egiten. Beste behin, botere judiziala euskararen normalizazioaren aurkako erabakiak ezartzen ari zaigu herritarroi».

Mezu horiei aurre egin behar zaie, ordea, eta kasu honetan, adibidez, Kontseiluak nabarmendu du argi esan behar dela ez dagoela inolako «inposiziorik»: «Zerbitzu publikoa esleitzeko lehiaketa batean, enpresa pribatuei administrazioarekin harremanak izaterakoan gutxieneko euskara ezagutzak izango dituen langilea bermatu dezatela eskatzeak ez dizkio inongo herritarri, ez langileri, eskubideak urratzen».

Helegitea

Bide horretan, Kontseiluak gogora ekarri du «administrazioak hizkuntza baldintzak arautzeko» eskumen osoa duela, eta zerbitzu publikoak esleitzen dituenean ere erabili behar duela eskumen hori. Horiek horrela, ebazpenari errekurtsoa jartzeko babesa agertu dio Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko Sailari, haiek ordezkatu baitzuten Jaurlaritza epaiketan. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du argitu helegitea aurkezteko asmoa duten, ordea; oraindik aztertzen ari dira zer egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.