Astelehenean egin zuten eskola sartzea Ipar Euskal Herriko milaka ikaslek, eta bihar hasiko dira ikasgeletara itzultzen Hego Euskal Herrikoak. Ikasturte hasiera horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak euskaraz ikasteko eskubideari eta ezintasunei erreparatu die, hezkuntzaren inguruko azterketa nazional bat kaleratuta. Haien esanetan, hezkuntza sistema funtsezko elementua da hizkuntza gutxitu baten berreskuratze, normalizazio eta biziberritze prozesuan, transmisioa bermatzeko bidea baita. Halaber, iruditzen zaie euskararen normalizazio eta biziberritze prozesu horretarako hizkuntza politiketan jauzi bat ezinbestekoa dela, baita hezkuntzan ere: «Hiru errealitate desberdin ditugu hezkuntzan hizkuntzaren auziari eta euskararen normalizazioari dagokienez. Hala ere, aldeak alde, hiruretan ezinbestekoa da jauzi bat egitea, egungo egoerari eta etorkizuneko erronka handiei aurre egiteko».
Hiru errealitateak banan-banan aztertu dituzte oharrean. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, alderdi baikorrari erreparatuta, nabarmendu dute azken 40 urteetan euskararen normalizazioan eta biziberritzean egin diren urratsen bermerik handienetakoa hezkuntza sistema izan dela. Gainera, nabarmendu dute derrigorrezko mailetan eskolatutako ikasle ia denek dutela euskararekin harremana, kasu batzuetan «gutxienekoa» bada ere.
Hori aurkia. Eta ifrentzua? «Euskararen ezagutzan aurreratutako horrek ez du zuzenki eragiten erabileran». Erantsi dutenez, eskolatze osoa D ereduan egin duten hainbat ikaslek ez dute lortzen bizimoduko arlo guztietan euskaraz «eroso» aritzeko adinako gaitasuna. Gainera, hain esanetan, zenbait D ereduk zailtasunak dituzte «egiazko D eredu» izateko. Eta salatu dute Euskal Herrira iritsi berri direnetako «asko» A eredura bideratzen dituztela. Uste dute digitalizazioak eta globalizazioak ere badutela eragina: «Joera da hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago egiten ari direla, eta gutxituak are eta gutxituago». Horiek horrela: «Euskarak, osterantzeko hizkuntza gutxituek bezala, politika publiko indartsuak eta ausartak behar ditu datozen hamarkadetan bizirik eta noranahiko iraungo badu».
Legeari errepara
Ikasturte honetan gertakari garrantzitsu bat ere badago ortzi mugan: EAEko Hezkuntza Lege berria ondu nahian ari dira. Kontseiluak argiki markatu du legeari egindako ekarpenetan beraien irudiko zein izango den euskararen jabekuntzarako bidea: euskara ikasteko eta irakasteko hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.
Horiek kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera bidalitako Hezkuntza Lege proiektuan ikusi dituzte «egokiak» diren alderdiak, hala nola ikasleek eskolatzea amaitzerako B2 maila izatea euskaraz nahiz gazteleraz eta eskola bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin beharra. Alabaina, kezkak gaina hartu die: «Helburuak zehatzak diren arren, haietara iristeko bidea erabat lauso dago legean». Horregatik, Kontseiluak argi du lege berriak zehaztasun gehiago behar duela, «euskara gehiago izan dezan, eta, batik bat, euskara gutxien dutenek gehiago izan dezaten».
Nafarroari dagokionez, hasteko, argazki orokor bat egin dute. Eman dituzten datuen arabera, aurten ikasleen %30 inguru hasiko dira D ereduan, %18 A ereduan, eta %52 G ereduan –euskara ez dute irakasgai gisa ere—. Kontseiluak «kezkaz» erreparatzen die datu horiei. Izan ere: «Euskara ardatz duen irakats ereduak, D ereduak, urteak daramatza %30era hurreratzen den langa hori gainditu ezinik geratuta».
Horren atzean egon daitezkeen arrazoiak aletu ditu Kontseiluak. Haien irudiko, galga jarri dute PAI ereduen bidez. PAIn, gaztelera ez ezik, ingelesa edo atzerriko beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dituzte irakas-hizkuntza gisa. Kontseiluaren esanetan, gobernutik PAI «indartu eta sustatu» dute. Gainera, gaitzetsi dutenez, euskararik gabeko ereduetara bideratzen dituzte Nafarroara iritsi berri diren ikasleak. Azkenik, zortzi familiak eskatuz gero D ereduak sortzeko aukera zabalik badago ere, Kontseiluaren esanetan, oztopoak baino ez dizkiete jartzen familiei, «ia ezinezko bihurtzeraino».
Ipar Euskal Herrian, datuei erreparatuta, euskara jasoko duten ikasleak are gutxiago dira. Hain zuzen, eskola umeen %57k ez dute kontakturik izango euskararekin. Hori ikusirik, salaketa egin du Kontseiluak: «Dudarik gabe, ofizialtasunik eza lasta handia da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarazko ereduetan aurrera egiteko eta hezkuntza bidezko transmisioaren bidez euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko». Halaber, nabarmendu dute ofizialtasunik ez edukitzeak berarekin dakarrela euskarazko irakaskuntza aldian aldiko gobernuen eta erabakien menpe egotea.
Azkenaldiko borrokarik garrantzitsuenetako bati ere erreparatu dio Kontseiluak. Azaldu dutenez, udaberrian lortu zuten Seaskako ikasleek brebeta euskaraz egin ahal izatea, baina oraindik frantsesez pasatu behar dute baxoa. Hori ere euskaraz egin ahal izatea exijitu dute. Halaber, eskatu dute Seaskako ikasleak ez direnei ere probak euskaraz pasatzeko aukera ematea, baita sare publikoan euskarazko ereduak zabaltzeko trabak ezabatzea ere.