Kontseilu Nagusian gehiengoa ezkerraren esku gelditu bada,biarnesen esku dela erran daiteke, sozialistek dituzten 28 aulkietarik bakarrik zazpi direlako Euskal Herriko kontseilarienak. Herenegun izendaturiko Marie-Christine Aragon (Baiona ekialdea), Henri Etxeto (Baiona mendebaldea), Christophe Martin (Baiona iparraldea), Frantxua Maitia (Garazi) eta Arnaud Villeneuve (Atharratze) sozialistak eta 2008an izendaturiko Guy Mondorge (Angelu hegoaldea) eta Kotte Ezenarro (Hendaia).
Proportzioa ez da berdina, haatik, eskuinarentzat eta zentroarentzat. Dituzten 24 aulkietarik hamalau dituzte Euskal Herrian; hots, erdia baino gehiago. Hori ikusiz, pentsa daiteke Euskal Herriaren eta euskararen ezagupenari buruzko aldarrikapenak ez direla orain arte baino ozenago entzunen aurerantzean Pauen.
Labazee, sozialista jakobinoa
Ikus daiteke aitzinetik Kontseilu Nagusiko presidentea Georges Labazee izango dela. Biarnoko kontseilari horrek postura jakobinoa du, eta maiz «Frantziako beste eskualdeen» heinean mugatzen du Euskal Herria. Bi itzulien artean, EH Baik galdatutako lau galderei eman zizkien erantzunek ontsa erakusten dute haren ikuspuntua. Ez du hartu euskal lurralde elkargoari buruzko eztabaida Kontseilu Nagusira eramateko eta kontsulta bat antolatzeko engaiamendurik. Nahiz zehaztu «garrantzi handia» duela euskararentzat, departamenduan ofizialtasuna adierazteko moziorik ez du hartuko. Euskal Herriak xede duen bake prozesua laguntzeko eta Frantziak manera baikor batez parte harrarazteko zein iniziatiba hartzeko prest zen galdatuta, erantzun zuen «auzia kantonamendua baino haratago doala» erran eta «Frantziako eta Europako politikari lotua den gaia» dela.
Hala eta guztiz ere, Maitiaren edo Aragonen gisa, kontseilari batzuek engaiamenduak harturik dituzte. Horien lana izanen da, beraz, mezu horien entzunaraztea Pauen.
Kantonamenduetako hauteskundeak
Kontseiluan, ezkerreko aulkien hiru laurdenak Biarnokoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu