Espainiako Estatuari buruz egindako txostena kaleratu du NBE Nazio Batuen Erakundearen Gutxiengoen Aferetarako kontalariak. Kontseiluaren esanetan, kontalariak gomendio bilakatu ditu egin zizkion oharrak. Iazko urtarrilean egon zen kontalaria Espainiako Estatuan, eta, besteak beste, euskararen aldeko erakundeeko ordezkariekin bildu zen. Kontseiluak gaur argitaratutako oharraren arabera, azaldu zioten hizkuntzaren eskubideen zenbait urraketatan oinarrizko beste eskubide batzuk «jokoan» zeudela: «Bereziki justiziaren eta hezkuntzaren eremuan». Eta kontalariak adierazi dio Madrili aintzat hartu beharko lukeela Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua «aldatzea», agintari judizialen aurrean egin beharreko prozedurak «bi hizkuntza koofizialetan egiteko aukera egon dadin». Hala jaso du txostenean. Izan ere, 231. artikuluak zehazten du Justizia administrazioan gaztelera erabiliko dela. Ez da, dena den, kontalariak Madrili aholku hori eman dion estreinako aldia.
Kontseiluak, gainera, «Nafarroan gertatzen diren desorekak» aipatu zizkion kontalariari. Eta NBEren adituak txostenean jaso duenez, jakinarazi diote Nafarroan, nahiz eta herritarrek, «ustez» eskubidea duten «haien hizkuntza propioa», euskara, agintari publikoekin erabiltzeko, ezin dutela erabili.
Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiaren arabera, hainbat gomendio hartu ditu kontuan kontalariak. Adibidez, hizkuntza ereduen inguruko ebaluazioa egiteko gomendioa. «Kezka agertzen baitu eredu eleaniztun berriekin», azaldu du Bilbao. Hizkuntzan oinarritutako irakaskuntzaren «portzentajea jaitsi dezakeen edozein neurri edo jardun» berrikusteko aholkua ere plazaratu duela nabarmendu du idazkari nagusiak.
Gutxiengo nazional, etniko, erlijioso, eta linguistikoko kide diren Pertsonen Eskubideei Buruzko aldarrikapena onartu zuen NBEk 1992an, eta Espainiako Estatuak hori betetzen oten duen egiaztatzeko egin zuen bisita kontalariak. Bilbaok badaki, ordea, aldarrikapenaren eragin ahalmena «oso ahula» dela.
«Harrituta» Madrilekin
Espainiako Estuaren jarrerari dagokionez, Bilbao «harritu» egin du NBEk emandako gomendioen aurrean agertu duen «erasokotasunak». Iruditzen zaio «auzitan» jarri duela kontalariaren «irizpidea».