Azken boladan areagotzen ari dira sektore mailako gatazken igoera. Azkena, Bizkaiko kontserberen kasua da. LABek salatu du euren egoera, enpresa handiek irabaziak dituzten bitartean, langileek 700 eta 800 euro arteko soldatak jasotzen dituztelako. “Kontuan hartu behar da, gainera, ez dutela urte osoan lan egiten, eta langabeziara bidaltzen dituzten garaiak daudela”, Agurne Gaubeka Lea Artibai eta Busturialdeko zerbitzu pribatuetako arduradunaren esanetan. 1.000 langile inguru biltzen ditu sektoreak, eta horietatik %80tik gora emakumeak direla gogorarazi du. Horregatik, sektore horretan emakumeak pobreziara kondenatzen direla salatu du sindikatuak.
Kontserberetako Bizkaiko hitzarmena azkenekoz 2003 urtean sinatu zuten, eta lau urte beranduago CCOO eta UGTk eragin mugatuko hitzarmen bat sinatu zuten. “Beraz, 2003 edo 2007tik dituzte enpresek euren lan baldintzak berritu gabe”. Baina abenduaren 31ra arteko epea daukate sektorean hitzarmena berritzeko. “Oraingoz soldatak eta lanaldiak mantentzen ari dira, baina kontratazio berrietan hitzarmen estatala aplikatzen ari dira”, salatu du Gaubekak. Hau da, Espainiako hitzarmenaren arabera, urtean 600 euro gutxiago irabaziko lukete langileek, eta kasu batzuetan 8 ordutik gorako lanaldiekin gainera.
Baina LABek dio sektoreko hitzarmenak ultraaktibitatea daukala, eta beste berri bat sinatu bitartean lan baldintza berdinak mantendu behar direla aldarrikatu du. Auzi hori epaitegietan dago orain, eta sindikatua itxaropentsu da aste honetan Bizkaiko grafikagintzako sektorean epaileak antzeko kasu batean arrazoia eman dielako.