Kontu Ganberak dio Onzinedako auziak egoera oso zailean utz dezakeela Lizarra

Asun Olaetxearen ustez, PSNren eta UPNren garaietan zoru jabeekin egindako hitzarmenak «ez ziren egin erabat legearen arabera»

Asun Olaetxea, atzo, parlamentuko batzordean. Lehen lerroan, Begoña Ganuza Lizarrako alkate ohia. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
UPNko Begoña Ganuza isilik geratu zen atzo. EH Bilduko Adolfo Araizek zuzenean galdegin zion aukera ona zuela azaltzeko zergatik sinatu zuen 2007an, Lizarrako alkate zela, Onzineda lursailaren jabe baten hitzarmen baten eranskinean kalte-ordainak jasotzeko preziorik garestiena —108 euro metro koadroa—. Hala ere, Ganuzak nahiago izan zuen UPNren jarreraren defentsa Luis Zarralukiren eskuetan utzi. Araizen eskaerak bazuen zentzua. Izan ere, Lizarrako Udalaren gain dagoen arriskua ez da nolanahikoa. Atzo bertan, Asun Olaetxea Nafarroako Kontu Ganberako presidenteak baieztatu zuen balizko kalte-ordainek egoera zailean utz dezaketela Lizarrako Udala. Auzia irekita dago, baina Lizarrako Udalak 14,6 milioi euro pagatu ditzake guztira.

Asun Olaetxeak Onzinedako auziari buruz Kontu Ganberak egin duen txostena laburbildu zuen parlamentuan, eta haren azalpenek baieztatu zuten auzi konplexua dela. 2005ean, Lizarrako udalbatzaren gehiengo handi batek Onzinedako lursailean kiroldegi bat egiteko proiektuaren alde egin zuen. Horretarako, 89.000 metro koadroko lurraren desjabetzea planteatu zen. Ibarra izeneko tokian eraikigarriak ziren zoruen ordez trukatzea planteatu zitzaien jabeei. Bederatzi hitzarmen sinatu ziren jabeekin, eta horietatik zazpi kasutan eranskinak gehitu zitzaizkien kontratuei.

Itun eta eranskin horiek 2006 eta 2008 artean sinatu zituzten orduko bi alkateek: PSNko Maria Jose Fernandezek 2007ko maiatzera arte, eta hortik aurrera UPNko Begoña Ganuzak. Olaetxeak atzo nabarmendu zuenez, hitzarmenak eta eranskinak «Udal Gobernu Batzordearen baimenik gabe sinatu zituen alkateak». Olaetxearen arabera, ez dago erabaki hori teknikoki, juridikoki edo ekonomikoki justifikatuko lukeen txostenik, «eta eranskinen kasuan hori azpimarragarria da». Zergatik? Ganuzak metro koadroa 108 euroko prezioan baloratzen zuen eranskina izenpetu zuelako, eta aurretik egindako akordioen arabera, lursailen jabeek preziorik garestiena jasotzeko eskubidea luketelako.

Epaitegiek Onzinedako proiektua baliogabetu zuten, eta aldez aurretik hitzartutako zortzi urteko epemuga udalak bete ez duenez, bi jabeek epaitegietara jo, eta preziorik garestiena ezarri zuen epaileak. Olaetxeak nabarmendu zuen UPNren aurreko udalak hitzarmen horien jarraipena eta kontrola kanpoko aholkularien eskuetan utzi zuela, eta horrek zaintza lan hori zaildu egin ziela langile publikoei. Gaineratu zuenez, kontratuak eta eranskinak egiteko prozedura «ez zen erabat legediaren arabera egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.