Komunikabideen aurkako erasoak

Kontzentrazio jendetsuak egin dira 'Gara' egunkariari babesa adierazteko

Ehunka lagun bildu dira gaur eguerdian Donostian, Bilbon eta Gasteizen, ixteko mehatxupean dagoen 'Gara' egunkariari etahango langileei elkartasuna agertzeko. Izan ere, Espainiako Gizarte Segurantzak 'Gara' argitaratzen duen enpresari 'Egin'-ek pilatutako 5,1 milioi euroko zorra ordaintzeko agindu dio. Bihar amaitzen da epea, eta ordaintzen ez badute, 'Gara'-ren ondasunak bahitzea agin dezake Gizarte Segurantzak. `Gara'-k ez du zor hori ordaintzeko asmorik, hango arduradun eta langileek argi baitute 'Egin'-en zorrak ez duela eurekin zerikusirik. Espainiako Justiziaren amarru bat iruditzen zaie auzi hori guztia, hain zuzen ere, euren egunkaria ixteko asmoz egindakoa.

2003ko uztailaren 4a
14:31
Entzun
Donostian Artzain Onaren plazan egin dute kontzentrazioa eta hirurehun bat lagun bildu dira.`Gara'-ko langileez gain, herritar asko inguratu dira. Besteak beste, han ziren Mariano Ferrer kazetaria, Txillardegi idazlea, Pedro Albiste AuBko burua, Luix Barinagarrementeria abokatua, Joxe Iriarte `Bikila' Zutik-eko kide eta idazlea, Xabier Letona 'Argia'-ko zuzendaria eta Martxelo Otamendi 'Berria'-koa. Halaber, 'Berria'-ko langile asko zeuden kontzentrazioan.

Bilbon, berriz, Plaza Zirkularrean bildu dira 'Gara'-ren aurkako neurria salatzekko. Ehun bat lagun zeuden, haien artean ELA eta LAB sindikatuetako komunikazio arduradunak.

Gasteizen, azkenik, beste ehun bat lagun elkartu dira, Andre Mari Zuriaren plazan. `Gara'-ko langileez gain, 'El Periodico de Alava'-koek, EITBkoek eta 'Berria'-koek parte hartu dute.

Kontzentrazio horietan, 'Euskal komunikabideen aurka eraso gehiagorik ez' jartzen zuten txartelak eutsi dituzte parte-hartzaileetako askok.

'Gara'-ko langileen arabera, beren kazetaren aurkako heriotz sententzia izan daiteke Espainiako Gizarte Segurantzak hartu duen erabakia. Horren guztiaren atzean, Espainiako Justiziaren, eta, zehazki, 'Egin' itxi zuen Baltasar Garzon epailearen eskua ikusten dute. Izan ere, legea zuzen aplikatuta 'Egin'-ek Gizarte Segurantzarekin metatutako zorra ez dagoela 'Gara'-ri egozterik uste dute egunkari berriko zuzendaritzak eta langileek, "enpresa erabat independenteak direlako, elkarren artean harremanik ez dutenak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.