Kontzientzia kritikoa izateko eskatu du Babes Taldeak

Baikor izateko zantzuak izan arren, erne egoteko eskatu dio ospe handiko herritarrez osatutako taldeak gizarteari

Oñati
2010eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Egunkaria auziko jatorrizko babes taldeak kontzientzia kritikoari eusteko eta jarrera aktiboa izaten jarraitzeko eskatu dio euskal jendarteari. Horiek dira gizarteak bere alde dituen baliorik sendoenak Egunkaria auzian zein «beste itxaropen batzuetan», haren ustez. «Euskal jendarte askotarikoak Egunkaria auzian adierazi duen kontzientzia kritikoa eta jarrera aktiboa ez bitza ahulduta harrapa».

Auzipetuek zazpi urte hauetan jaso duten babesa irudikatzeko ekitaldia aprobetxatu zuen jatorrizko babes taldeak bere adierazpena plazaratzeko. 16 lagunek osatzen dute taldea. 2005ean sortu zuten. Denak ospe handiko herritarrak dira: Baltasar Errazti Confesbaskeko lehendakari ohia, Bernardo Atxaga idazlea, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Fermin Muguruza musikaria, Garbiñe Biurrun epailea, Juanmi Arregi Jesuita, Jesus Uzkudun CCOOko zuzendaritzako kidea, Koldo Gorostiaga eurodiputatu ohia, Laura Mintegi idazlea, Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidente ohia, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia, Jonan Fernandez Baketik zentroko zuzendaria, Antxon Lafont enpresaburua eta Jean Haritxelhar Euskaltzaindiko lehendakari ohia. Rafa Diez LABeko idazkari nagusia ere badago taldean, baina espetxean dagoenez, Ainhoa Etxaide sindikatu bereko egungo idazkari nagusiak hartu zuen haren lekua. Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia zena ere bazegoen babes taldean, baina gaur egun Adolfo Muñozek egungo idazkari nagusiak hartu du lekukoa.

Adierazpena irakurtzean, falta ziren bi lagun horiek aipatuz hasi ziren Mendiguren eta Txaro Arteaga Herri Irratiko esatari ohia. Diezi «atxilo daukaten kartzela zuloraino besarkada beroa, elkartasun zintzoa eta laster batean kalean ikusteko desio bizia» helarazi zioten. Epaiketa egitea «bidegabekeria» luzatzea baizik ez dela izan nabaritu zuten. Baina hori alde batera utzita absoluzioa eskatzen indarrak bitzeko deia egin zuten. «Injustizia eginda dago. Handia da eta ez dago itzulerarik. Ez dadila biribildu balizko epai zigortzaile baten bidez». Ez dela erraza izanen argi dute, baina zantzu baikorrak ere ikusi dituzte azkenaldian. Horren adibide eman zituzten joan den abenduaren 19ko Bilboko manifestazioa eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek auzia artxibatzeko eskatu izana. Ongietorria egin nahi izan zieten «orain arte publikoki zentzu horretan busti ez eta orain pauso hori eman dutenei».

Hala ere, argi utzi nahi izan zuten erne egon behar dela fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu zuenean «musika goxoak» entzun zirelako orduan ere. «Doinu atseginak ez gaitu itsutu behar. Nahi genukeenaren aurkako baletor, ez gintuzke berriro ustekabean harrapatu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.