Etxerat-en X. Batzar Nazionalaren biharamunean, hedabideekin lotutako hitzorduekin eta egunean bertan jasotako deiei erantzunez, eguna betea zuen Mattin Troitiñok, euskal preso eta iheslarien senideen erakundeko bozeramaileak. Hitzordura berandu iritsi da, aldez aurretik berandutu egingo zela abisua utzita, ordea. Batzarraren prestaketak eta egunak berak eragindako neke pilatua arintzeko astelehena jai hartzea nahiko zukeen arren, badaki ezinezkoa zaiola.
Igande bustian, Arrasaten egindako Batzar Nazionala jendetsua izan zen. Etxerat-eko 750 kide inguruk hartu zuten parte, eta hainbeste jende bildu izanak badu arrazoirik. Une «gogor» batean eta etorkizun «esperantzatsu» baten aurrean, preso eta iheslarien senideak «elkartuta egoteko beharrak» batu zituen hainbeste lagun. «Urte oso gogorra izan da, bai gure senide eta lagun preso eta iheslarientzat, baita haiekiko elkartasun adierazpenarentzat ere, kriminalizatu egin dutelako, elkartea bera kriminalizatzeko saioa egin duten bezala. Baina, era berean, ilusio bat piztu zaigu, Euskal Herrian, agertoki politikoan,gutxieneko demokratiko batzuk betetzen badira, gure senideen eskubideak errespetatuak izango direlako».
Sentimendu gazi-gozo horien gaineko gogoeta egin zuten Batzarrean, aurretik herriz herri egin bezala. Ondorioak atera dituzte bi hizpide nagusi horietatik. «Gure senide preso eta iheslarien eskubide urraketak salatu eta gogor ekingo diogu eskubide horiek berma daitezen lortzeko, eta, aldi berean, beste eragile batzuekin batera, benetako pausoak emango ditugu oinarrizko eskubideen defentsa bermatuko duen agertokira iristeko».
Herritarrak aktibatu
Horren barnean, aurrera begira, eta luze gabe, Etxerat-en ekimen nagusia herritarrak aktibatze aldera joango da, presoen eskubideen defentsan. «Senideei dagokigu errealitate hau; espetxe politika kriminal honetan, gurea da testigantza, gurea errealitate hori zabaltzeko egitekoa. Baina presoen eskubideak bermatzea, gaixoak kaleratzea, bizi arteko zigorra dutenak kaleratzea, hiru laurdenak edo bi herenak beteak dituztenak baldintzapeko askatasunean ateratzea, euskal presoak beren eskubideen jabe Euskal Herriratzea, denon ardura da, ez da senideena bakarrik».
Euskal Herriko politika, sindikatu eta gizarte eragileetara bezala, nazioartera ere joko du Etxerat-ek; baina, Troitiñok dioenez, oraingoan, «euskal herritar guztiengana» iritsi nahi dute: «Indar handia egingo dugu Euskal Herriko sektore eta herritar bakoitzarengana iristeko, eta premia hori pizteko pertsona bakoitzarengan. Inork kontzientzia lasai eduki ez dezan presoen eskubideen defentsan. Herritarren kontzientziak jo nahi ditugu presoei urratutako eskubideen alde».
«Kontzientziak astintzen» hasteko, igandeko Batzarraren hasieran proiektatutako bideoa jarriko dute gaur Etxerat-en webgunean(www.etxerat.info): «Irudikatu nahi izan dugu senideak zer garen, zerk bultzatu gintuen biltzera duela 21 urte eta zertan dihardugun gure senideen eskubideak bermatze aldera. Testigantzak gordinean ikusten dira».
«Kontzientziak jo nahi ditugu presoei urratutako eskubideen alde»
X. Batzar Nazionala egin du Etxeratek, igandean, Arrasaten, urte «oso gogorrak» eta etorkizun «itxaropentsuak» markatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu