Laneko eta familiako ordutegiak kontziliatzeko politikak eragin «makurra» izaten ari direla, bilatzen zutenaz bestelako ondorioak ekartzen ari direla, ohartarazi du Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak. Kontziliazio neurri horietaz -lanaldia murriztea edo lana aldi baterako uztea, esaterako- andreak ari dira baliatzen, batik bat. Horrek ekarri du andreen lan baldintzak okertzea. Silvestreren hitzetan, gizonen eta emakumeen arteko soldata ezberdintasunak areagotzen ari dira horren guztiaren ondorioz. Adierazi du ez dela aski gizonei ardurak eskatzea, gizarte antolaketa bera aldatu behar dela, berdintasunean aurrera egiteko.
Emakundek antolatu duen VII. Berdintasun Foroan gai horiei buruz aritzeko aukera izango dute. Atzo aurkeztu zuten foroa, eta maiatzaren 30era arte egingo dute; tartean, bilerak egingo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogei bat herritan. Garai berriak gizarte antolaketa erantzunkide baterako, lelo hori hartuko dute foroko jarduerek, eta 59 erakundek esku hartuko dute haietan. Kontziliazioa izango da, hain justu, V. Berdintasun Planaren ardatzetako bat. Emakundek planaren zirriborroa egina du, eta espero da Jaurlaritzak ekainean onartzea.
Kontziliazio neurriak andreei kalte egiten diela ohartarazi du Emakundek
Berdintasun foroko bilerak egingo dituzte maiatzaren 30era arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 20 herritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu