EAJk, PPk eta UPDk erdibideko zuzenketa bat onartuta, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio "bere eskumenen barruan, indartu ditzala neurriak lan eremuan kontziliazioa eta adingabeen eta menpekoen
arreta errazte aldera". Halaber, galdegin dio bultza ditzala eragile sozialen arteko akordioak "negoziazio kolektiboan, hartara bultzatzeko kontziliazio erantzukiderako neurriak enpresa pribatuan".
Espainiako Gobernuari ere egin dizkiote eskaerak; "egoera ekonomikoak ahalbidetzen duenean eta ordutegien arrazionalizazioa, bizitza pertsonal, familiar eta laboralaren kontziliazioa eta erantzukidetasuna aztertzeko azpibatzordearen gomendioak kontuan izanik, ekin diezaiola jaiotza, adopzio eta harreragatiko baimenen erreforma integralari".
EH Bilduk aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamena. Koalizio subiranistak aurkezutako proposamenak zenbait neurri jasotzen zituen; gurasoek aste kopuru bera izatea —seina hilabete—, %100 ordainduak, eta guraso bati dagozkion asteak besteari emateko aukerarik ez egotea. Gainera, familia eredu ezberdinak aintzat hartze aldera, gurasotasun baimenez hitz egitea proposatu du, amatasun eta aitatasun baimenei buruz jardun beharrean.
Lur Etxeberria koalizioko legebiltzarkideak defendatu du proposamena. Espainiarena da baimenen inguruko eskumena, baina Jaurlaritzari eskatu dio bere langileen artean abia dezala proiektu bat neurri horiek ezartzeko. Islandia jarri du adibide, hasieran Reykjavik hiriburuko udalean ezarritako programa herrialde osora orokortu baitzuten.
Egun, hamasei astekoa da amatasun baimena, eta bi astekoa aitatasunarena. Horrek "rol tradizionalak indartzen" dituela uste du Etxeberriak, eta "zaintzaren ardura nagusia emakumeen esku uzten eta gizonak lan merkatura itzularazten". PSEk babestu du EH Bilduren ekinbidea.