Tindufko kanpalekuetan (Aljeria) lanean ari diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuz kanpoko hogei erakundek salatu egin dute Espainiako Gobernuak kooperatzaileak handik ateratzeko hartutako neurria. Haien arabera, erabakia «funtsik gabea» da, eta ez dator bat.
Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Jose Maria Garcia Margallok atzo esan zuen «berehala» bahiketa bat izango zelako informazioa zutela eta horregatik eman zuela agindua. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, ordea, erabakia ez dator bat errealitatearekin, eta ez dute adostu Fronte Polisarioarekin eta Aljeriako Gobernuarekin: «Kanpalekuan lanean ari diren kooperatzaileek beste edozein lekutakoek hartzen dituzten arrisku berak hartzen dituzte; ez gehiago. Gainera, azkenaldian, segurtasun neurriak handiagoak ziren».
Salatu dute hartutako neurriarekin Espainiako Gobernuak sahararrei emandako laguntza «urria» ezkutatu nahi dutela eta Fronte Polisarioari presioa egin nahi diotela egungo estatus politikoa onartzeko. «Kanpalekuak bakartzea eta haien garapena oztopatzea sahararrak jasaten ari diren beste indarkeria mota bat da».
Berretsi dute sahararren garapenaren eta askatasunaren alde lanean jarraituko dutela eta kanpalekuetara itzuliko direla. Mundubateko presidente Iñaki Markiegik jakinarazi du abuztuaren 10ean itzuliko direla bere elkarteko kooperatzaileak Tindufera lanera.
Kooperatzaileak Tinduftik atera izana salatu dute han lanean ari diren taldeek
Espainiako Gobernuak kanpalekuetatik joateko emandako agindua «funtsik gabea» dela uste dute erakundeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu