Koronabirusean positibo eman duen 82 urteko gizon bat hil da Bizkaian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Gaixotasun kronikoak nahiz pneumonia ere bazituen hildakoak, eta koronaibirusa ere bazuela gaur bertan baieztatu dute.
Azken orduetan, lau kasu gehiago ezagutu dira. Horrenbestez, guztira, 23 pertsona daude kutsatuta Euskal Herrian. Araban dauden gaixo gehien. Hain zuzen, hamasei pertsona daude kutsatuta, eta horietako bost ospitalean daude. Bizkaian, berriz, bost kasu atzeman dituzte. Azken jakinarazpena adineko gizon batena izan da, gaixotasun kronikoak zituenarena, eta positibo eman ostean hil dena. Lurralde horretan, pertsona batek ospitalean jarraitzen du, eta besteari etxeko jarraipena egiten diote. Gipuzkoan, bi pertsonak daukate koronabirusa, eta horietako batek ospitalean segitzen du. Nafarroan bi kasu daude, biak ospitalean, eta Lapurdin ere, zehazki Baionan, kasu bat baieztatu dute.
250 lagun bakartuta
Koronabirusaren eboluzioaren berri emateko –momentu horretan hamazazpi kasu zeuden baieztatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan– agerraldi bat egin du eguerdian Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Zaintza Epidemiologikoko arduradun Txema Arteagagoitiarekin. Azaldu dutenez, 250 pertsona inguru daude bakartuta, pertsona birusdun bat ondoan izatearen ondorioz haiei ere gaitzaren sintomak ager dakizkiekeelakoan.
Horien artean ehun bat osasunaren arloko profesionalak dira; izan ere, gaitza erruz zabaldu da Gasteizko Txagorritxu erietxean eta hiriko beste zenbait osasun etxetan, hango langile bat eritu eta gero. Osasun zerbitzuan egindako «berrantolaketaren» ondorioz, hala ere, osasun arta «bermatuta» dagoela esan du sailburuak. Adierazi du, halaber, Osakidetzak zenbatutako kasuez harago, Arabako kasuekin lotuta badaudela beste bi ere, Espainian: Errioxan eta Gaztelan.
Kasuen ugaritzea ez da Osakidetzarentzat, hala ere, oraindik aparteko neurriak hartzen hasteko motibo. «Euste fasean gaude». Hala, orain arte emandako garbitasun neurriak gogora ekarri dituzte: eskuak sarri garbitzea, berriz erabili ezin diren musuzapiak erabiltzea, eta eztula eta doministiku egitean ahoa ondo tapatzea. Osasun langileentzat hainbat jarraibide indarrean daudela esan du Murgak, eta lanerako irizpideak zuzendu dituztela «zentro soziosanitarioei» begira ere.