Koronabirusaren biktimak omentzeko lorategi bat sortuko dute Nafarroako Ospitale Gunean

Irailean ekitaldi instituzional bat egingo dute koronabirusak eragindako biktimak omentzeko. Lorategiaz harago, webgune batean bildu asmo dituzte birusaren inguruko testigantzak. Nafarroako bertze herri batzuetan ere birusaren biktimak omentzeko proiektuak sustatuko ditu gobernuak. 

Paziente bat Nafarroako Ospitale Guneko lorategian eserita. IñIGO URIZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko uztailaren 17a
12:55
Entzun

Koronabirusaren ondorioak pairatu dituztenak oroitzeko lorategi bat sortuko du Nafarroako Gobernuak. Lorategiaren bidez, birusaren ondorioak pairatu dituztenak oroituko dituzte, bai senitarteko bat galdu dutenak eta bai koronabirusak bere bizitzetan eragina izan duen herritarrak ere. Hiru dimentsio nagusi izango ditu lorategiak: galdutakoa, ikasitakoa eta eskertutakoa. Nafarroako Ospitale Gunean ezarriko dute. 

Hildakoen senitartekoei dolua egiten laguntzea du asmo lorategiak, baina, asmo horrez gaindi, krisiak dirauen bitartean gizarteari zutik eusten dioten sektoreei eskerrak eman, eta krisiaren ondorioz ikasitakoa ere azaleratu nahi du lorategiak. Nafarroako Gobernuarena da proiektua, baina herritar talde bat izan da sustatzailea. Herritarren parte hartzea bultzatu asmo duen proiektua da, eta, hala, behin irekita, lorategira bertaratzen direnek beren alea paratzen ahalko dute, beren testigantzak idatziz edota loreak landatuz. 

Biktimak oroitzeko ekitaldi instituzionala egingo du irailean Nafarroako Gobernuak, eta orduan aurkeztu asmo du lorategia. Ekitaldian parte hartuko dute bai herritarrek eta bai Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak eta Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak ere. 

«Proiektua espazio fisikotik eta ekitaldi instituzionaletik harago doa. Horregatik lan egingo dugu ahalik eta gehiena zabaltzeko, krisiak lagundu dezan gizarte justuago, demokratikoagoa egiten», nabarmendu du Mikel Baztan proiektuaren sustatzaileak. Izan ere, lorategiaz gaindi, webgune batean bildu asmo dituzte koronabirusaren inguruko testigantzak eta datua,k eta herrietara ere zabaldu nahi dute proiektua. Hala, irailetik aitzinera proiektuaren asmoekin bat egiten duten herriek ere beren lorategi propioa egitera bultzatuko dituzte. Horrez gain, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak nabarmendu du memoria lantzeko bertzelako ekintzak egitea ere aurreikusi dutela. 

Lorategia ospitalean jartzearen sinbolismoa nabarmendu du Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak:«Lorategiak erranahi sakona du. Ospitalean koronabirusak eragindako min handia ikusten da. Gizartean zauri sakonak eragin ditu birusak, eta, oraindik ere, hori ixtea dagokigu. Gizarteak izandako doluak ixtea dagokigu; zauriak itxi nahi ditugu oroimenaren bidez».  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.