Korrikak 20.000 laguntzaile lortu nahi ditu

Hamazazpigarren ekitaldia finantzatzeko laguntza kanpainaren xehetasunak eta salmentarako materiala aurkeztu ditu AEK-k

mikel rodriguez
Donostia
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«20.000 laguntzaile baietz». Erronka hori bota du Edurne Brouard Korrikako arduradunak. Korrika Laguntzailea kanpaina eta salmentarako materiala aurkeztu zituen atzo AEK-k Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Heldu den urtean eginen den Korrikaren 17. ekitaldirako finantzaketa lortzea da kanpainaren helburua. «Benetan harrigarria da horrelako deiei erantzuteko herri honek duen gaitasuna, baina guretzat ia inoiz ez da nahikoa. Iaz baino laguntzaile gehiago lortu behar ditugu», adierazi zuen Brouardek. Era berean, Korrikaren aurkezpen ofiziala heldu den abenduaren 16an eginen dutela iragarri zuen. «Ia dena» jakinaraziko dute orduan. «Beti gordeko dugu sekreturen bat aurrerago argitaratzeko».

Brouardekin batera aurkezpenean egon ziren AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kideak eta Miren Mujika koordinatzaile nagusia. Mujikaren arabera, euskararen alde antolatzen den ekimenik «jendetsuena eta garrantzitsuena ez ezik, munduan parekorik ez duen ekitaldia» ere bada orain Korrika. Hori aitzinera ateratzeko, ordea, «guztien» laguntza beharrezkoa dela nabarmendu du.

Korrika Laguntzailea kanpaina «norbanakoari» begira egin da, Brouardek argi utzi duenez. hamabi euroko ekarpena eskatzen diote laguntzaile bakoitzari, hau da, hilero 50 zentimo ematea Korrikarentzat. «Kopuru eramangarria da euskaltzaleentzat, eta AEKrentzat eta Korrikarentzat, berriz, oso laguntza garrantzitsua da». Hala ere, Brouardek zehaztu du Korrikaren «filosofia» dela laguntza hori ahal den heinean bueltatzea. Horretarako, laguntzaile ororen esku jarri dituzte Korrikaren txapak eta txartelak. Txartel horien bidez, Euskal Herriko ehun komertzio baino gehiagotan beherapenak edukiko ditu Korrikaren laguntzaileak. Txartelarekin batera, komertzio horien katalogoa eskuratuko du laguntzaileak.

Diru laguntzak ez dira nahikoa

Laguntzaile txartelak, jantziak eta salmentarako gainerako materialak euskaltegietan eta Euskal Herriko hainbat dendatan daude salgai. Euskal Herriko jai eta azoketan ere eskuragarri egonen direla jakinarazi du Brouardek, bertzeak bertze, Durangoko Azokan. Korrikaren webgunean ere jarriko dituzte aurki (www.korrika.org).

Korrika sortu zenean, 1980an, AEKrentzat ahalik eta diru gehien ahal bezain azkar lortzea zuen helburuetako bat, Brouardek oroitarazi duenez. Ordutik 30 urte eta hamasei ekitaldi pasatu badira ere, 17.aren «atarian» AEK-k laguntza behar du bere proiektua gauzatzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan diru laguntzen politika «hobetu» dela aitortu du Brouardek, baina «aurrerapausoak baino gehiago, atzerapausoak» ez ote diren emanen «zalantza» dauka. Nafarroan eta Iparraldean, berriz, laguntzek soilik «jardun arruntaren ehuneko txiki bat» betetzen dute. «Korrikak laguntza behar du. Oraingoan ere, eta inoiz baino gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.