AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak

Bixente Claverie eta Aize Otaño: «Korrikak loratu du udaberria; izugarria izan da»

Bukatu da 23. Korrika, eta balorazio ona egin du AEK-k. Aurrera begira jarri dira: lekukoa hartzetik harago, erakundeei hizkuntza politika sendoak egiteko eskatu diete: «Euskarak izan behar du ardatza; egun, ez da».

Bixente Claverie eta Aize Otaño. PATXI BELTZAIZ
Bixente Claverie eta Aize Otaño. PATXI BELTZAIZ
Irati Urdalleta Lete.
Baiona
2024ko martxoaren 28a
05:00
Entzun

Korrikaren biharamunetan, azken lanak amaitzeko eta atseden hartzeko egunak dira AEKn, baina hartu dute balorazioa egiteko tartea ere. AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak dira Aize Otaño (Donostia, 1988) eta Bixente Claverie (Maule, 1976). Korrikan euskararen aldeko herri gogoa agerian geratu delakoan daude; orain hori ekintza zehatzetara eramateko garaia dela nabarmendu dute. Bi xede nagusi dituzte: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta doakotasuna.

Amaitu berria da 23. Korrika, eta, Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak esana duenez, inoizko erraldoiena eta anbiziotsuena izan da. Zer balorazio egiten duzue? 

BIXENTE CLAVERIE: Lehen gauza: gure herriaz eta hizkuntzaz harro gaude, baita Korrika antolatu duten laguntzaileez ere. Gainera, gero eta jende gehiagok parte hartzen du. Horrela irudikatzen dut: Korrikaren bidez, haien amodiozko istorioa kontatu dute, euskararekin duten amodiozko istorioa.

AIZE OTAÑO: Bai, euskararekiko atxikimendu soziala izugarria izan da. Euskal komunitatea kalera atera da, eta denok batuta euskararen alde aritu gara errepideak zeharkatzen. Uste dut Korrikak loratu duela udaberria; izugarria izan da. Anek [Elordik] ere esan zuen: inoiz ez zaio hainbeste erreparatu Korrikari, eta inoiz ez da hainbesteko parte hartzerik izan. Badago euskararen aldeko herri gogoa; argi geratu da.

Gero eta zabalagoa da Korrika. Horrek ekar dezake eragileen aurpegi zuriketa? Zer egin daiteke hori eragozteko?

OTAÑO: Korrikan aldarrikatu dugu euskararen herri harroa, komunitatearen ideia, eta ulertzen dugu komunitate horren parte garela guztiok. Aniztasuna beharrezkoa da euskal komunitatea osatzeko. Garazi Arrulak ere esan zuen: arrainak ura eta euskarak ekosistema osoa behar ditu, eta uste dut horren irudia izan dela Korrika hau. 

CLAVERIE: Eta aurpegi zuriketari buruz, esan lekukoa eskuetan hartzen delarik korrikalari guztiek euskararekin konpromiso bat argi hartzen dutela, bakoitzak bere heinean, tokiko elkarte batean edo politika arloan. Eragileek lekukoa hartzen dutelarik, hau argi izan behar dute buruan: «Zer egin dezaket nire tokian, nire ardurarekin, nire funtzioarekin?».

OTAÑO: Bai, eta Korrikan zehar hamaika eragilerekin elkartu gara, AEKren eta Korrikaren berri emateko. Ondoren ere jarraituko dugu haiekin harremanetan.

Aipatzen duzue parte hartze zabala izan dela, baina hutsuneak ere egon dira. Esaterako, Maria Txibite eta Iñigo Urkullu ez dira Korrikan ikusi.

OTAÑO: Bai, harritu gaitu; ez dugu ulertu zergatik geratu diren herri harro horretatik kanpo, zergatik ez diren sentitu komunitate horren zati.

CLAVERIE: Segur aski badituzte euren arazoak, guk ez ditugunak. EEPren [Euskararen Erakunde Publikoan] lehendakari Maider Beotegik harrera egin zigun AEKri eta Korrikari. EEP presente izan da, baita Baionako Herriko Etxea ere.

OTAÑO: Hegoaldean ere beste hainbatek parte hartu dute, eta uste dut parte hartu ez duten horiek ere ezin dutela beste alde batera begiratu. Herri gogoa badela ulertu behar dute, eta horretarako urratsak egiten hasi edo jarraitu.

Herri gogoa ekintza zehatzera eramatea al da orain gakoa? Nola egin daiteke hori?

OTAÑO: Herri akordio bat beharrezkoa da, eta badaukagu horretarako oinarria. Euskalgintzaren Kontseiluak Batuz Aldatu dinamika abiatu zuen, eta Euskalgintzaren Kontseiluak izan behar du gidari akordio soziopolitiko hori lortzera begira; gu bertan egongo gara pausoak ematen eta laguntzen. Akordio horretan, bi oinarri dira garrantzitsuak: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera erosorako espazioak. 

CLAVERIE: Espazioak aipatzen ditu Aizek, eta oso garrantzitsuak dira. Gure lana da eskolak ematea. Gero, ikasleek ikasitakoa erabiltzeko aukerak behar dituzte; guk sortuko ditugu, baina laguntzarik gabe ezin da bermatu ikasitakoa erabiliko dela bizitzan. Hizkuntza baten ikasteko, baliabideak behar dira, eta ikasle batek zerbait ikasiko du baldintza onetan baldin bada. Kalitatezko irakaskuntza emanen da baldintza onetan baldin bada. Gure partea eskolak ematea da; eragileena, segurtatzea bizitza publikoan erabiltzen ahal dela.

«Hamaika espazio ditugu irabazteko. Bereziki administrazioei dagokie horretarako hizkuntza politikak egitea».

AIZE OTAÑOAEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea
Euskarak ekosistema osoa behar duela aldarrikatu zuen Garazi Arrulak, baita AEK-k ere bere mezuan. Zer eremu ditu euskarak irabazteko? Noren ardura da horietan aurrera egitea?

OTAÑO: Ezagutzaren unibertsalizazioa funtsezkoa da, eta, hori lortzeari begira, hiru oinarri ditugu: transmisioa, hezkuntza, eta helduen euskalduntze eta alfabetatzea. Hezkuntzak ez ditu bere helburuak lortzen, ez du ziurtatzen belaunaldi berriak euskalduntzea. Gure arloari dagokionez, Bixentek esan duen bezala, euskalduntze prozesua azkartzeko baliabideak behar ditugu; horretarako, hizkuntza politikak egin behar dira.

CLAVERIE: Zer eremu dituen euskarak irabazteko? Hartuko dut niretzat oso adierazgarria izan den gertakari bat, Korrika hasi baino egun bat lehenago gertatutakoa. Baionan, lau euskaldun auzitan pasatu ziren, ekintza batean parte hartzeagatik. Euskaraz mintzatu nahi izan zuten, eta itzultzaile bat galdegin zuten, baina prokuradorea kontra agertu zen, eta ulertarazi zien euskaraz hitz egitea ez ziela debekatuko, baina isilik egoteko haututzat hartuko zuela. Horrek erran nahi du: «Justizian euskaraz mintza zaitezkete, baina kontsideratuko dugu isilik egon zaretela». Beraz, justizian behar dugu euskara, baina baita gauza sinpleetan ere. Eta nola ez aipatu Azterketak Euskaraz kolektiboa. Espazio horiek guztiak irabazi behar ditugu. Noren ardura den? Denena. 

OTAÑO: Bai, baina administrazio nagusiei dagokie bereziki horretarako urratsak egitea.

CLAVERIE: Bai, bai, argiki. 

OTAÑO: Ez dadila soilik herriaren nahiaren gain gelditu; haiek jarri behar dituzte baliabideak. Lan mundua ere hor dago, aisialdia, administrazioa bera... EAEn atera da administrazio publikoa euskalduntzeko dekretua, baina hankamotz dago. Lan munduan eta eremu sozioekonomikoan ere euskara planak egiten bagabiltza, baina urrats asko daude egiteko. Zer esanik ez aisialdian, digitalizazioan... Hamaika espazio ditugu irabazteko. Bereziki administrazio nagusiei dagokie horretarako hizkuntza politikak egitea. Herriak erakutsi du gogoa badagoela.

CLEVERIE: Eta kontuan hartu behar dute: eskaera hor da, eta, ez baduzu erantzuten, segituko dugu aldarrikatzen.

Hizkuntza politika ausartak eta sendoak aldarrikatu dituzue, baita baliabideak eskatu ere. Zer aldatu behar da? 

OTAÑO: Hizkuntza politiken erdigunean euskarak egon behar du, eta euskarak izan behar du ardatza; orain, ez da hala. Euskara babestu eta sustatu behar duten politikak egin behar dituzte, eta horretarako bidea, agian, gobernantza partekatua izan daiteke.

Nola? 

OTAÑO: Hitz eginda eta elkar entzunda. Nola? Hor daudenek moldatu beharko dute horretarako. Atera dira azken kilometroetan alderdi denak elkarrekin. Uste dut elkarlanerako bide hori urratu behar dela.

CLAVERIE: Hizkuntza politika ausartak eta sendoak behar dira, bai. Eta beti etorriko naiz baliabideetara. Iparraldean badugu diru laguntza bat, baina ez da gure jardueraren araberakoa. Gero eta ikasle gehiago ditugu, eta gero eta pobreagoak dira. Zeren eta diru laguntza emandako eskola orduen arabera kalkulatzen ez duten bitartean, bihar sortzen badugu ikasgela bat Ipar Euskal Herrian, pobretzen gara. Hautu hori egiten dugu, zeren eta gure lana baita euskararen transmisioa.

«Eragileek lekukoa hartzen dutelarik, hau argi izan behar dute: ‘Zer egin dezaket nire tokian, nire ardurarekin?’».

BIXENTE CLAVERIEAEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea
Orain dela bi urteko Korrika amaituta, Alizia Iribarrenek, AEKren koordinatzaile nagusi zela, esan zuen urrats sendoak espero zituela euskararen doakotasunean. Aldatu al da egoera?

OTAÑO: Korrika horretan, doakotasuna aldarrikatu genuen Donibane Garazin. Aldarrikapen hori egin genuenetik jo dugu hiru administrazio nagusiengana doakotasuna guk nola ulertzen dugun azaltzera eta horretan pausoak eman ditzaten eskatzera. Bereziki Hego Euskal Herrian izan dugu aukera administrazio nagusiekin lanketa handiagoa egiteko, baina oraindik hankamotz gaude. Adibidez, EAEn, norabide horretan pausoak emateko nahia badagoela adierazten hasi dira: ikasturte honetan, 16-18 urtekoentzako diru laguntza berria atera dute, eta ikasleek soilik hogei euro aurreratu behar dituzte; gainerakoa Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du. Hori da guk nahiko genukeen eredua. Gainera, ez dadila egon egiaztagintzari lotuta. Datorren urtean badirudi A1 mailakoentzako ere diru laguntza berria egongo dela. Nafarroan, diru laguntzak areagotu dituzte, bai ikasleei bai euskaltegiei begirakoak, baina oraindik urrats asko daude egiteko. Ikusten da nahi denean edo haien gogoaren arabera aukera badagoela.

CLAVERIE: Baina, egun, Iparraldean euskara ikastea ez da doakoa. Gau eskoletan eta ikastaroetan prezio ahal bezain apalak bermatzen ditugu, eta AEK-k hori segurtatzen du; horregatik behar dugu Korrika antolatu, zeren ikasleen ekarpenekin ez ditugu gure gastuak ordaintzen. 

OTAÑO: Eta uste dugu herritarren eskubidea dela bertako hizkuntza doan ikastea. Uste dugu ikasleak dirua aurreratu gabe ikasi ahal beharko lukeela. Horretarako, administrazioek euskalduntze prozesu osoa doan ikasi ahal izateko baliabide ekonomikoak eman behar dituzte. Anek esan zuen bezala, lanean jarraituko dugu. 

Zein dira lehentasunak?

OTAÑO: Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta doakotasuna. Horretarako, administrazioek helduengan sustatu beharko dute euskara ikasteko beharra. 

CLAVERIE: Lehentasuna da helduak euskalduntzea; bestela, transmisioa ez da segurtatua. Gure lehentasuna Euskal Herria euskalduntzea da. 

OTAÑO: Bai, eta gure sektorea berrantolatu behar da, eta Euskal Herriaren ikuspegitik egitura bat eman helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari, egitura egonkor eta iraunkor bat, Euskal Herri osoa hartuko duena eta %100 finantzatua. Gero, euskararen egoera aztertzen badugu, Iparraldean eta Nafarroan oraindik ez da ofiziala.

CLAVERIE: Beti izanen dugu iparrean euskararen ofizialtasuna. VII. Inkesta Soziolinguistikoan eman dizkigute zenbakiak: Iparraldean, %20k dakite euskaraz. Alarma piztua da; badakigu, eta politikariek ere badakite. Ez badugu orain egiten, ez du balio 2040an edo 2050ean egiteak; izanen gara bost edo sei katu euskaraz mintzatzen. 

OTAÑO: Iñaki Iurrebasok ere kristoren ikerketa lana egin du bere tesian, eta hala dio: testuinguruak horrela jarraituz gero, gure komunitatea desagertu egingo da. Has daitezela hizkuntza politika egiten.

24. Korrikari begira jarrita, zerk egon beharko luke aurreratuta ordurako? 

CLAVERIE: Gure eskubideak kontuan hartu behar dira. Azterketak Euskaraz kolektiboa hartzen badugu, espero dut 24. Korrikan egina egonen dela eta kolektiboa desagertuta. Gureari buruz, arlo guztietan hobekuntza bat behar da helduen euskalduntzean. Ez du balio ikasteak, ez baldin bada erabiltzen ahal. Ez du balio bizikletaz ibiltzeak, biderik ez baduzu. Bide horiek ez direno sendoak, euskara erabiltzen ahalko ez duten euskaldunak sortuko ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.