Korrika abian da, eta, aldaketak egitekotan, lasterketa martxan dela egin behar dituzte antolatzaileek. Hain zuzen ere, iragarri dute Zarauzko eta Durangoko ibilbideetan aldaketak izango direla.
Zarauztik gaur gauean pasatuko da Korrika, eta Getariara arteko tartea kostako bidetik egingo du, ez Meagan barrena —bertatik pasatzea zen hasierako asmoa—.
Bestalde, Durangotik martxoaren 22an pasatuko da lekukoa, ostiralean, eta hiru lekutan izango dira aldaketak. Batetik, 2.196. kilometroan: Ramon Rubial kaletik Zeharmendieta kalera joateko, lan batzuk saihestu behar ditu Korrikak; beraz, Unda kaletik pasatuko dira tarte batez, eta Asteizadorre kaletik gero. Bestetik, 2.200. kilometroan ere bada moldaketarik: Sasikoa kaletik joan beharrean, Frai Juan Zumarraga kaletik joango dira, Alluitz kalean sartu arte. Eta azkenik, 2.203. kilometroan: Gasteiz bideko errepide nagusitik joan beharrean, Arriluzeaga eta Tabirabidetik joango dira, berriro errepide nagusia hartu arte.