17. Korrika

Korrikarentzat ez dago Bizkai erdaldunik

Eurak ere euskaldun direla ohartarazi dute Enkarterrin, Meatzaldean eta Ezkerraldean

Euskalakari gazteak, atzo, lasterka, Balmasedan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Barakaldo
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ostegun goizaldean sartu-irten txiki bat egin ostean, azkenean 17. Korrika Bizkaira iritsi da. Herrialde aldaketarekin ere doinu aldaketa txiki bat nabaritu da: atzo ohi baino trikiti doinu gehiago entzun ziren, eta Bizkaiaz hitz egiten duten abestiak ugari izan ziren.

Goizean batu zitzaizkion euskalakari bizkaitarrak lasterketari, Gordexola parean. Handik abiatuta, Enkarterriko hainbat herri zeharkatu zituen. Herrien arteko tarteetan taldea pare bat dozena ingurukoa izaten zen oro har, baina euskalakari tropelak erruz hazten ziren herriguneetan; batez ere, eskoletako umeei esker.

Zallan, adibidez, ehunka ume ibili ziren Korrikaren atzetik. Maristetako ikasleak uniformearekin atera ziren eskolatik, gona, galtzerdi luze, zapata eta guzti. Herria zeharkatu eta Balmasedara bidean, berehala agertu zen aldapa. Batzuentzat gogorra izan zen, eta bide erdian ito beharrean lasterketa utzi behar izan zuten. Hori ikusita, mikrofonotik animoak ematen hasi zitzaizkien: «Enkarterri euskalduna iratzarri behar dugu!».

Balmasedako herrigunean euskalakari mordoa zegoen Korrikaren zain. Herriko txikiek osatutako kuadrilla handi bat sarrerako biribilgunea inguratzen egon zen, bakoitzak bere ikurrintxoa eskuetan hartuta, lasterkari taldeari agur egiteko. Adin guztietako ikusleak zeuden espaloietan. Euskalakarien taldea haziz zihoan egiten zuen metro bakoitzeko, eta alde zaharrean kabitu ezinik ibili zen. Kale estuetan dendariak larri ibili ziren, sanferminetako entzierroa baitzirudien hark. Haurtzaindegiko umeak ere peto eta guzti atera zituzten kalera, supermerkatuko orgetan sartuta. Azkenean, baina, ez zuten lasterka egin. Begiratoki berezi haietatik erreparatu zuten nola igaro zen paretik jendetza.

Herriguneetatik kanpo ere bai

Lasterkariak galtzen hasi zen Korrika Balmasedatik Sopuertara bidean. Hala ere, kilometroak bata bestearen atzetik lotuz ibili zirenak ere ez ziren falta izan. Gogotik egin zuten lasterka, aldarrikatzeko Enkarterri ere euskalduna dela eta euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen dutela. Karrantzakojendea ere bazen tropelean, haien harana ez baitago aurtengo ibilbidean.

Dagoeneko eguneroko ohitura bihurtu da bertsoren bat edo beste entzutea. Atzo, Jokin Castañosek bi bertso eskaini zizkien bere eskualdeko euskalakariei.

Galdamestik sartu zen Korrika Meatzaldera, eta aurreneko eztanda Muskizen izan zuen. Jendetza atera zen kalera euskalari zirela ohartaraztera. Han ere, gehien bat eskola umeak izan ziren lasterkari. Indartsu egiten zuten oihu, gainera. Petronorri aipamenen bat edo beste egin zioten, ingurumena ahotan hartuta.

Abanton, dantzariek, nesken futbol taldeak nahiz alkateak eta alkateordeak eraman zuten lekukoa. 1.880. kilometroa herri horretatik igarotzerakoan bete zuen Korrikak. PSE-EEk eta ezker abertzaleak erdibana erosia zuten. Lehen 500 metroetan ordezkari sozialistak eraman behar zuen lekukoa, eta azkenetan abertzaleak. Azkenean sozialista gaixo zegoela-eta ezker abertzaleko kideak egin zuen kilometroa osorik.

Bilbon arratsaldean izango zenaren aurrerapen gisa, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon eta batez ere Barakaldon milaka euskalakari ibili ziren kalerik kale lekukoaren atzetik lasterka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.