Kortajarenak «aliantza politika berri bat» nahi du Eusko Legebiltzarrean

EH Bilduko kideak EAJri kritikatu dio Nafarroan babesten duena baztertu egin izana Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Nerea Kortajarena EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Nerea Kortajarena, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 26a
16:50
Entzun

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen eledun Nerea Kortajarenak «aliantza politika berri baten» alde egin du, eta horretarako urratsak egiteko eskatu die gainerako alderdiei ere. Koalizio subiranistako kidearen esanetan, «ziklo aldaketa» betean «ekuazio» berriak topatu behar dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politikagintzan, eta Nafarroako politikagintza jarri du eredu gisa. 

Aurpegi aldaketa bat baino gehiago da Eusko Legebiltzarrerako bozekin iritsi dena, Kortajarenak Herri Irratian azaldu duenez. Haren esanetan, euskal gizartea aldatzen ari den seinale da, eta «politika klasikoak» atzean utzi eta «erantzun berriak» topatzeko beharra adierazten du. 

Izan ere, legebiltzarkideak uste du ardura eta erronka berriei erantzun behar diela egungo gizarteak, eta, ondorioz, baita politikagintzak ere. Horretarako, «lidergo berriak» behar dira, haren hitzetan, «herri hau ahalik eta urrunen eramateko artikulatu beharreko erabaki, aliantza, lan eta sinergia multzo hori guztia batzeko» lan egin dezaketenak, uste baitu hemendik aurrera hartuko diren erabakiek datorren hamarkada baldintzatuko dutela. 

Bide horretan, nabarmendu du koalizio subiranista aspaldian ari dela «herri akordioen» aldeko apustua egiten arlo estrategikoetan, zeinetan «bai ala bai herri honen etorkizuna» egituratu beharko den «gobernantza eredu» berrien bitartez. Era berean, baina, azaldu du halako akordioak ez direla alderdi politikoen artean soilik hartu behar, eta eragile sozioekonomikoek izan beharreko rolean egin du indar.

Horiek hala, Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean jorratutako bideei erreparatu die Kortajarenak, non «gero eta jarrera atzerakoiagoak dituen eskuina» ekuaziotik kendu eta alderdi aurrerakoien arteko aliantzei bidea ireki zaien: «Aliantza ezberdinak egiteko aukerak sortu dira; batez ere, beste modu batean heltzeko aurrez aurre ditugun erronkei».

Prozesu horietan EAJk Geroa Bairen bidez parte hartu duela azaldu du EH Bilduko kideak, eta kritikatu jeltzaleek halakorik egin nahi ez izatea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala, uste du «Sabin Etxean erabakitzen» diren itunak «anomalia bat» direla egungo testuinguruan, eta, EAJk eta PSE-EEk argudiatzen dutenaren kontra, jada ez dutela «egonkortasunik» eragiten. Horren adibidetzat jo du Arabako eta Gipuzkoako aldundietako 2024ko aurrekontuak ez onartu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.