Kortxoenea

Kortxoenean hesiak jartzen saiatu dira langileak

08:30ak aldera joan dira gaztetxera hainbat langile, eta eraikinaren ingurua hesitzen hasi dira. Handik tarte batera, hesiak atzera bildu dituzte langileek. Gaztetxeko kideek bertara joateko deia egin dute.

Gazteak Kortxoenea gaztetxea berreraikitzeko auzolanean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2015eko irailaren 21a
08:38
Entzun

Irailaren 5ean saiatu ziren lehen aldiz Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxea hustu eta eraisten. Egun hartan joan zen Kortxoenera lurzoruaren jabe den enpresa, hondeamakinarekin eta udaltzainek babestuta. Baina lanak behin-behinean eten zituen udalak, segurtasun neurriak betetzen ez zirelako: epailearen baimenik gabe eta eremua hesitu gabe ari ziren lanean. Gau hartan bertan gazteek berriro okupatu zuten gaztetxea.

Orduan hasi zen gaztetxearen aldeko laguntza dinamika zabala, hala nola Kortxoenea konpontzeko auzolanak, manifestazioak, protesta ekintzak eta ekinbide kulturalak. Hainbat kulturgilek babesa adierazi diote Groseko gaztetxeari, eta musikari ezagunek kontzertuak eskaini dituzte bertan azken asteetan.

Aurreko asteko asteartean eraikina husteko bigarren saioa egin zuen lurzoruaren jabe den enpresak. Goizaldean enpresako langileak agertu eta gaztetxean sartzen saiatu ziren. Bertan gaua pasatzen egondako gazteen ezezkoaren ondoren, langileek hesiekin inguratu zuten eraikina. Baina ordubetera hesiak kendu zituzten.

Udal gobernuak orduan elkarrizketarako aukera ireki zuen, gaztetxeko "proiektu kulturalari" irtenbidea emateko. Hala ere, Gazte Asanbladako kideek, udalari bere eskaintza "gehiago zehazteko" eskatu zioten. Lurzoruaren jabe den enpresako langileak gaztetxera doazen hirugarren eguna da gaurkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.