Legea eta ezarritako zigorra osorik bete duen arren, 2017ra arte luzatu nahi diote espetxe zigorra Antton Troitiñori. 2.000tik gora urteko espetxe zigorra ezarri zioten hainbat auzirengatik, eta Parot dotrina deiturikoa ezarri ondoren, horietatik 30 osorik betetzera zigortu zuten. Herenegun geratu zen aske, 24 urteko espetxe zigor «efektiboa» bete ondoren. Kontua da Troitiñok, hainbat auzirengatik, zortzi urte inguru egin zituela behin-behinean preso, eta urte horiek zigorpean espetxean egindako urteei gehitu dizkiotela orain. Alegia zigor totalaren —30 urte— gainean abonatu ditu zortzi urte horiek eta ez zegozkion auzietan, Auzitegi Nazionaleko fiskalak eskatzen duen moduan. Fiskalaren interpretazioaren arabera, behin-behineko espetxealdiko urteak dagokion delituari aplikatu behar zaizkio, 30 urteak «benetakoak» izan daitezen.
Erabaki horrek, baina, badu aurrekaririk. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2008an kaleratu zuen 57/2008 sententzian oinarrituta, bidea ireki zen espetxean behin-behinean egindako urteak zigorraren kopuru osotik kentzeko— eskubide hori jasota zegoen aurreko zigor kodeetan, eta 1973. urteko Zigor Kodean oinarrituta epaitu eta zigortu zuten Troitiño—.
Epaitua izan den auzi batengatik zigorra betetzen ari, baina, era berean, beste auzi batzuengatik behin-behinean preso jarraitzen zuten presoen egoera aztertu zen sententzia horretan. Epaileek ondorioztatu zutenez, egoera horretan zeuden presoek behin-behinean dauden presoen errejimena jarraitzen zuten: hots, ezin zuten zigorpean zeuden presoek disfrutatzen zituzten onurak jaso.
Kalte hori leundu asmoz, behin- behinean espetxean egindako urteak zigorpean egindakoei gehitzea edo zigorraren urte kopuru totaletik kentzea bidezkoa zela interpretatu zuten epaileek.
Auzitegi Konstituzionalaren epaileen ikuspuntuak, baina, ez zen denen gustukoa izan. Hainbat legelariren arabera, Parot dotrinaren aurkakoa zen interpretazio hori. Hala, iazko abenduan egindako erreforman eskubide hori Zigor Kodetik ezabatzea erabaki zuten. Troitiño, baina, 1973ko Zigor Kodean oinarrituta epaitu eta zigortu zuten; beraz, erabaki horrek ez luke eraginik izan behar bere kasuan.
Gorenaren ikuspuntua
Orain, Auzitegi Nazionaleko fiskala Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 28an kaleratutako sententzia bati heldu nahi dio. Sententzia horretan Gorenak adierazi zuen Konstituzionalak ezarritako interpretazioak «batere logikarik ez» duela. «Hilketa bat egin edo berrehun egin berdin izango litzateke», dio. Behin-behineko espetxealdiko urteak dagokion delituaren zigorrera ezarribeharko litzatekeela uste du. Hori hala, ezarritako zigorraren muga 30 urtekoa edo, 2003ko erreformaz geroztik, 40 urtekoa bada, kopuru hori osorik bete beharko lukete presoek.
Koska bat estuago
Behin behinean preso egindako urteak zigor kopuru osoan aintzat hartzearen alde azaldu da Auzitegi Konstituzionala, hainbat legelariren iritziaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu