Hego Euskal Herriko kostaldean itsasbazterrean etxeak egiteko babesa 100 metrotatik 20 metrotara pasatuko da. Kostaldeko lurralde publikoan eraikitako etxeen jabeei 75 urteko kontzesioak emango dizkiete; 2018. urtean eraisten hasi behar ziren hainbat eraikin, baina lege berriak bertan behera utziko ditu eraisketak. Hondartzetan festak egin ahalko dira, "interes turistikoaren" arabera. Hondartzetako txosnek lau urterako kontzesioak izango dituzte, urtebetekoak izan beharrean. Eta Espainiako Gobernuak udal baten kostarako plana gelditu ahalko du, ingurua babesteari eragiten badio. Horiexek dira Madrilgo Kongresuak gaur arratsaldean onartu duen Kosta Lege berriaren puntu nagusiak.
Soilik PPren aldeko botoekin onartu dute legea. CIU abstenitu egin da, eta gainontzeko alderdiek kontra bozkatu dute. ERCk klima aldaketaren inguruko emendakin baten alde bozkatu du. Federico Ramos Ingurumen estatu idazkariak esan du "aliatuak" bilatuko dituela hotel eta txosnetako jabeekin, "ingurumena zaintzeko".
Hainbat talde ekologistek salatu dute lege berriak ez duela "babeserako espiriturik". Hondartza pribatuak sortuko direla uste dute talde gehienek. "Ustiapenerako geldituko da kostaldea, eta interes pribatu zehatzei opartuko diete", esan du Greenpeaceko bozeramaile Pilar Marcosek. Greenpeaceko zortzi aktibistek protesta ekintza burutu dute gaur goizean Madrilen, eta haietako hiru kongresuko eraikinaren gora igo dira. Poliziak talde ekologistako zortzi ekintzaile atxilotu ditu, eta 19:30ean Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute.