PAKISTANDARRAK KRIKETEAN

Kriketa, erro eta sustrai

Pakistanen gehien estimatzen diren kiroletako bat da kriketa. Handik etorritakoek Euskal Herrian ere jokatzen dute. Gero eta herri gehiagotan sortu dituzte taldeak. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2059/[/Berriatb]

ainara arratibel gascon
2014ko martxoaren 8a
07:57
Entzun

Euskal Herrian bizi diren pakistandarrak ordenagailuko pantailari begia kendu ezinda daude azken egunetan. Askotan, sorterrian gertatzen diren berri lazgarrien azken ordua jakiteko egiten dute. Oraingo honetan, ordea, oso bestelako arrazoi batengatik ari dira. Soinean bandera eta elastikoa jantzi, eta gogotik ari dira bultzatzen eta animatzen Asiako Kopa jokatzen ari den Pakistango kriket selekzioa. Baina animatu ez ezik, kriketean ere jokatzen dute. Taldetxo txikietan bildu, eta ondo pasatzeko nahiz herrikideekin egoteko aukera ematen die kriketak. Kirol hori euren sorterriko erroei lotuta egoteko sustraietako bat bihurtu da.

Erresuma Batuan sortutako kirola da kriketa. Beisbolaren antza du. "Britainiarrek ekarri zuten Asiara, kolonizazio garaian", azaldu du Salman Ashrafek. Pakistangoa da Ashraf, eta lokutorio bat eta kebab bat ditu Iruñean. Ahal duen guztietan biltzen da herrikideekin, kriketera jokatzeko. Azpeitian ere (Gipuzkoa) bada kriketean jokatzen duen pakistandar talde bat. Horren bultzatzaile izan zen Mohammad Bilal. Argi azaldu du zein garrantzia duen kriketak Pakistanen. "Kirol nazionala, berez, belar hockeya da. Baina herrikoiena, jendeak gehien jokatzen eta estimatzen duena, kriketa da". Ashrafek uste du kirol nazional bihurtuko dela. "Gazteen artean egun zale gehiago ditu kriketak hockeyak baino".

Umeak hasten dira kriketean jokatzen. Aitak edo aitonak erakusten diete, eta harrobi polita osatu dute, bai emakuzmezkoetan, bai gizonezkoetan. "1992an Munduko Txapelketa irabazi zuen gure gizonezko selekzioak, eta hiru eguneko festa egon zen. Harro gaude", dio Mirza Awaif Shahzabek. Awaif Arrasaten (Gipuzkoa) ari da jokatzen.

Kirol horrekiko zaletasuna eta maitasuna ez dute albo batera utzi, sorterritik joan arren. "Guretzat, kriketean jokatzea kirola egitea baino zerbait gehiago da: gure herrialdearekiko sustraiei eustea da, gure herrikideekin egotea eta izan ditzakegun arazoez ahaztea", dio Ashrafek. Iruñekoen kasuan, ostiraletan jokatzen dute, batez ere. "Sanduzelaiko meskitan elkartu ohi gara. Ostiraleko otoitza egin, eta, ondoren, han inguruan dagoen parke bateko saskibaloi kantxa batean jokatzen dugu". Azpeitian, berriz, jaiegun eta asteburuetan jokatzen dute. "Normalean, ondoren, elkarrekin bazkaltzera joaten gara". Bilbon igandez jokatzen dute. «Denbora dezente daramagu jokatu gabe. Espero dugu udaberrian eta udan berriro hastea", esan du Azam Ali Khanek, jokalarietako batek.

Jokatzeko izaten duten traba nagusia eguraldi txarra izaten da. "Euri asko egiten du hemen", adierazi du Awaifek. Batez ere udan jokatzen dute. "Eguraldia hobea da, eta egunak luzeagoak dira. Horrela, arratsaldeko lehen orduan jokatzen hasi, eta iluntzera arte egon gaitezke jokatzen". Izan ere, partidak oso luzeak dira.

Eguraldiarekin batera, oztopo nagusia zelaia izaten da. "Ez dago zelai apropos askorik", iritzi dio Bilalek. Euren kasuan, duela bi urte egin zioten zelai bat uzteko eskaria Azpeitiko Udalari. "Oraindik, ordea, ez dugu erantzunik jaso. Orain arte Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen zelai batean jokatzen genuen. Baina belar artifizala jarri dute, eta ezin dugu han jokatu. Beste zelai batzuk begiratzen ari gara". Azkoitian, gainera, sinadura bilketa bat egin zuten auzotar batzuek, frontoian jokatzen ez uzteko. Haien arabera, frontoia ez da kriketean jokatzeko, eta arriskua dago pilotekin pertsonei edo autoei kalte egiteko.

Iruñean, Ashraf eta haren herrikideak, Sanduzelaiko zelaia libre ez badago, Orkoienera joaten dira. "Iruñeko Udalari eskaria egin genion zelai bat uzteko. Baina ordainpekoa izan behar zuela esan zigun. Hori dela eta, Sanduzelain ezin badugu jokatu, nahiago dugu Orkoinera joan, eta han dagoena ordu batzuz alokatu. Merkeagoa da guretzat". Bilbo handia izan arren, Khanek eta haren taldekideek parkez parke ibili behar dute lekua topatu arte. Arrasaten ez dute halako kexarik.

Batea topatzea ere ez da erraza. "Hemen ia ez dituzte saltzen. Guk sorterritik ekartzen ditugu", azaldu du Awaifek. Beisbolekoaren antzekoa da, baina zertxobait zabalagoa. Sahats zuriaren egurrarekin eginda dago, eskulekua salbu. Hori zumez eginda dago. 1,1 eta 1,4 kilo artean pisatzen du, eta nahiko arina da. Pilota, berriz, tenisean jokatzeko erabiltzen denaren antzekoa da. Oinarria kortxozkoa du. Kortxo hori sokekin dago estalita, eta gainetik larruzko bi zati ditu, elkarri josita. "Guk, normalean, teniseko pilotak erosten ditugu, eta ondoren zinta moduko bat jartzen diegu", argitu du Bilalek.

Txapelketak antolatzen

Zailtasunak-zailtasun, pozik daude. Izan ere, gero eta talde gehiago ari dira sortzen: Bergaran, Elgoibarren, Elorrion... Elkarren artean harremana dute, eta saiatzen dira txapelketak antolatzen. «Iaz Iruñean txapelketa bat antolatu genuen, eta, besteak beste, Bergarako eta Azkoitiko taldeak gonbidatu genituen», esan du Ashrafek. Azpeitian eta Azkoitian jokatzen dutenek ere antolatzen dituzte norgehiagokak.

Gainera, urtero topaketa garrantzitsu bat izaten dute Logroñon (Espainia). Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako pakistandar taldeak elkartzen dira kriket txapelketa bat jokatzera. "Beti lortzen dituzte emaitza onak hemengo taldeek", esan du Bilalek.

Euren artean ez ezik, hemengo jendearekin jokatzea ere gustatuko litzaiekeela esan dute hirurek. "Jendeak ez du kriketa askorik ezagutzen, eta hori dela eta, jokatzera animatu nahi ditugu", dio Awaifek. Kirol erraza dela iritzi dio Khanek. "Arauak jakin eta teknika apur bat hartuta, nahikoa da. Ez da aparteko ezaugarri fisikorik behar". Integraziorako bide garrantzitsua dela uste du Bilalek. "Kriketak hemengo jendeak gu ezagutzeko balio dezake, baita alderantziz ere". Azpeitian, adibidez, hainbat saio egiten ari dira horretarako. «Nik hitzaldiren bat eman izan dut. Baten bat gure kirolera lotzeko balio badu, ni pozik», esan du Bilalek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.