Espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Adela Asua. Zigor Zuzenbideko katedraduna EHUn

«Kriminal handienekin ere, haien duintasuna errespetatu behar dugu»

Espainiak espetxealdi iraunkorra ahalbidetzeko indarrean duen legeria bertan behera uztearen alde manifestu bat izenpetu duten zigor zuzenbideko katedradunetako bat da Asua. Ate arriskutsu bat dela dio.

JUANAN RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Zigor Zuzenbideko ehun katedradunek baino gehiagok agiri bateratu bat izenpetu dute Espainiakoespetxealdi iraunkor berrikusgarria bertan behera uzteko eskakizuna plazaratzeko. Horien artean dago EHUko irakasle Adela Asua (Bilbo, 1948), Jose Luis de la Cuesta, Norberto de la Mata eta Jon Mirena Landarekin batera. «Pena da gai honi buruz eztabaidatzen aritu beharra», deitoratu du.

Bat egin duzue espetxeratze era horren arriskuez abisatzeko.

Atzera egitea esan nahi du. Horrek ekarriko du zenbait delitu mota egin dituzten pertsonak espetxean uztea, beste erregimen batean, aukerarik gabe. Aintzat hartu behar da 2015ean onartu zenean gobernuko alderdia bakarrik agertu zela erreforma horren alde. Eta halako moldaketa batek eztabaida serio bat eskatzen du, eta ahalik eta kontsentsurik handiena. Era horretako gai garrantzitsuei buruz ari garenean, askatasuna tartean dagoenean, kontsentsu handiak behar dira. Ongi aztertu behar da zer onura ekarriko duen; zein arazo ekar ditzakeen. Baina ez zen debaterik egon, nahi izan ez zelako.

Kontra batu zareten adituek diozue zigor horrek ez dakarrela eraginkortasun handiagoa...

Orain hiru urte dago indarrean, eta, hara, oraintxe gertatu da Almerian hil duten mutikoaren kasua. Zigor handiagoaren mehatxuak ez dakar jendeak delituak egiteko orduan atzera egitea. Heriotza zigorrak ere ez. Gauza horiek ongi ikertuta daude. Pertsona batek jakingo balu 40 urte kartzelan egingo dituela, ez luke deliturik egingo; baina delitu bat egiten duenean, ez du horretan pentsatzen, edo burua beste toki batean dauka. Eta nik ez dut esaten halako zigorra merezi dutenik edo merezi ez dutenik; heriotza zigorraren inguruko eztabaida, esaterako, ez da pertsonak merezi duenaren inguruan. Debatearen muina da gizarteak zer egin nahi duen delitu oso larriak egin dituzten kriminalekin. Esperientziak erakusten digu gakoa dela delituak zergatik egiten diren ulertzea: horiek prebenitzea.

Beraz, prebentzioa da giltza?

Delituak egitea dakarten aldagaiak zein diren ezagutu behar da, eta prebenitzeko ahalegina egin behar da. Esperientzia argia da: bizi osorako zigorrik edo heriotza zigorrik gabe ere, gizarte oparoak ditugu. Zigor mota horiek iraganeko garaiekin lotuta daude; tratamendu egokirik gabeko sasoiekin. Baina krudelkeriari krudelkeriaz erantzuten badiogu, sorgortu egiten gara krudelkeriaren aurrean. Ez dugu hartutakoa bueltan itzuli behar; hori da oinarrizko eskubideak maite dituen gizarte moduan erabaki duguna. Horregatik, kriminal handienekin ere, haien duintasunaren alde egin behar dugu; geratzen zaien duintasuna errespetatu egin behar dugu.

Bizi osorako zigorrik ez? Edo Espainiak legeztatuta daukan bizi osorako zigorrik ez? Beti dira halako legeak arbuiagarriak?

Printzipioz, bizi osorako kartzelaldi batez mintzatzeak ja esan nahi du 30, 40 edo 60 urtean askatasuna kenduko zaiola pertsona horri; hori kaltegarria da. Izan ere, guretzat hartzen dugu espetxealdi luzeak ezartzeko ahalmena, paira ditzaten. Eta espetxe zigor batek beti izan behar ditu mugak, gure artean krudelkeria gailen ez dadin. Hain zuzen ere, Estrasburgoko epaitegiak soilik onartzen ditu, bizi osoko zigor deitu arren, berez izango ez direnak. Horrek esan nahi du beti egongo dela modua preso hori kartzelako ohiko jardueretara bideratzeko, kanpoko mundura hurbiltzen hasteko... Bestela, zer? Kartzelan sartu eta hemendik 25 urtera ikusiko dugu nola dagoen? Inbertsioa behar da; psikologoetan eta tratamenduetan aurrera egiteko. Bilatu behar da pertsona horrek egin duenaren gainean gogoeta egitea. Eta patologiaren bat badu, eta horrek bere buruaren gaineko kontrola eragozten badio, bada hori kontrolatzen lagundu egin beharko zaio terapia bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.