Goi tentsioko linea gehiago behar ote diren, gogoeta hasi du Espainiako Gobernuak, eta, ondorioak lortu artean, bertan behera utzi ditu proiektuak. Hego Euskal Herrian abiatutako bi egitasmoei bete-betean eragin die erabakiak: Gueñes eta Ezkio-Itsaso artekoari eta Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso artekoari. Madrilgo gobernuak ez du baimenik emango linea horiek egiteko, harik eta planifikazio berria egin eta beharrezko direla baieztatu arte. Ekainaren 30erako egin beharko du txostena REE Red Electrica de España enpresak —hura ari da bi proiektuak sustatzen—, eta ondoren hartuko du erabakia Industria Ministerioak.
Krisiak aldarazi du Espainiako Gobernuaren jarrera. Argindar kontsumoari buruz egindako planek huts egin dutela aitortu du: 2008-2016rako iragarpena zen kontsumo elektrikoa %3,2 handitzea; ordea, 2008tik 2011ra, %3,8 txikitu da. Eta oraingo aurreikuspenek diote behera jarraituko duela eskariak, ekonomiak ez baitu hartu suspertzeko trazarik. Energia planak eta azpiegiturak egoera horretara «egokitzea» da Madrilgo gobernuaren helburua.
Bitartean, nahitaezko obrekin soilik jarraituko dute aurrera: «Sistemak segurtasunez funtzionatu ahal izateko eta mugakide diren estatuekiko konexioetarako ezinbesteko diren azpiegiturak soilik eraikiko dira». Bi salbuespen horiek ez liekete eragin behar Hegoaldeko bi planei, mugatik hurbil egon arren ez baitiete nazioarteko izaera eman. Dekretu baten bidez agindu dute azpiegiturak geratzeko; argitaratutako testuan, Madrilek dio «presazkoa» dela lanak etetea. «Bestela, sisteman sartuko lirateke oraingo eskariarekin eta hurrengo urteetarako iragarpenekin beharrezko ez diren azpiegiturak».
Bertan behera edo atzeratuta
REEk BERRIAri baieztatu dio jaso duela plan berria egiteko agindua. Gastuak gutxitzea jarri die helburu gisa Madrilek. REE «egoera aztertzen» ari da orain, eta ondorioak gobernuari igorriko dizkio. Horren ondoren erabakiko dute zer gertatuko den azpiegitura plan bakoitzarekin. Oraindik ez dira, ordea, proiektu bakoitza aztertzen hasi. Hori bera berretsi du Industria Ministerioak: «Planifikazioa gaurkotzen ari gara, egoera berrira egokitzeko». Litekeena da proiektuak bertan behera uztea edo atzeratzea. Ministerioko iturriek jakinarazi dute erkidegoekin hitz egingo dutela erabakiak hartu baino lehen. Goi tentsioko bi lineei buruz isilik egon dira orain arte Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua.
Zalaparta handia sortu dute goi tentsioko bi proiektuek, batez ere Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso artekoak. Nafarroa eta Gipuzkoa lotuko lituzke; proiektuaren arabera, 120 kilometroan pasatuko dituzte kableak, 400.000 wattekoak, 148 herritan barrena. Ezinegona sortu da herrietan, eta 191 herriko etxek eta kontzejukproiektuaren aurka egin dute jada, mozioen bidez. Haien esanetan, goi tentsioko linea ez da beharrezkoa; besteak beste, argudio ekonomikoak erabili dituzte —kontsumoa jaisten ari dela—, Madrilek proiektuak eteteko eman dituenen gisakoak. Aste Santuan mendi martxa bat egin zuten linea horrek igaroko lituzkeen herrietan barrena, bizilagunei informazioa zabaldu eta proiektua salatzeko asmoarekin.
Gueñes eta Ezkio-Itsaso arteko proiektua AHT abiadura handiko trenarekin lotu dute. Energia beharko du trenak, eta horiek asetzeko egin nahi du goi tentsioko linea REEk Bizkaian eta Gipuzkoan. 24 herritatik igaroko litzateke 72 kilometroko sarea. AHTaren ibilbidearen paretsuan egingo luke bide gehiena. Datorren urtean linea eraikitzen hastekoak ziren, AHTa jartzerako prest izateko. Ikusteko dago trenarekin lotu dutenez gero proiektu «ezinbestekotzat» hartuko ote duen Madrilek.
Krisia dela tarteko, Madrilek eten egin du goi tentsioko bi lineen tramitazioa
Argindar kontsumoa jaitsi egin da krisiaren eraginez, eta Espainiak «egokitu» egin nahi du egoera berri horretara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu