Krisia eta independentzia

Ekonomia ez ezik egungo gizarte eredu osoa krisian dagoela sinetsita, hori gainditzeko neurriak proposatu ditu Nekane Jurado ekonomistak liburu batean. Independentzia du irtenbide bakartzat.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Nire nahia ez da asko saltzea; ez dut nahi liburua apaletan egotea; ez da liburutegietan geldirik egotekoa». Ezohiko adierazpenak erabili ditu Nekane Jurado ekonomistak Independencia. De reivindicación histórica a necesidad económica (Independentzia. Errebindikazio historiko zena, behar ekonomiko) liburuaren aurkezpenean, baina ondo erakutsi du zein den bere filosofia eta argitaratu berri duen lanaren muina: «Eskurik eskura pasa dadila nahi dut, irakur dezatela, landu dadila, eztabaida dezatela». Txalapartarekin argitaratu du, eta azaldu du ez duela «tesi itxirik» jasotzen; ezinbestekotzat duen gizarte eredu aldaketa baterako lan tresna izan nahi duela. Eraldatu ahal izateko beharrezko den hausnarketa eta eztabaidarako oinarri izatea duela helburu.

Eta lanak argia ikusi aurretik lortu du norabide horretan bide egitea. Aurkezpenerako agerraldia bera izan da horren erakusle. Egilearekin batera parte hartu dute Oskar Matute Alternatibako kideak, Pedromari Olaeta Eusko Alkartasunakoak eta Eusebio Lasa ezker abertzalekoak. Liburuan ere, parte-hartze zuzena izan dute hirurek. Hitzaurrea egin dute lehen biek, eta Lasa Juradoren laguntzaile aritu da. Gainera, hemendik aurrera, gaiari buruzko hausnarketa guneak sortuko dituzte horiek guztiek.

Hirurek bat egin dute egungo gizarte eredua aldatu beharra dagoela. Sinetsita daude indarrean dagoen sozio-ekonomia motak ezin duela gehiago eman eta eredu alternatibo bat sortu beharra dagoela. «Ezin dugu merkataritza eredu honetan jarraitu, hilda baitago; eta, ez badago hilda, gu hilko gaitu», azaldu du Olaetak.

«Gero eta jende gehiago baztertzen duen egungo egoerak alternatibarik baduela ikusarazten jakin behar du ezker artikulatuak», adierazi du Matutek, Euskal Herriko ezkerrak bat egin beharra aldarrikatuta. Liburuan proposatutako alor batzuekin «ñabardurak» badituela adierazi du, baina, edozein moduz, aldaketarako egin beharreko biderako «baliabide interesgarria» dela esan du.

«Bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko», independentziaren eta sozialismoaren bidetik egindako «ekarpen» gisa ulertu du lana Lasak. Egungo eredu sozio-ekonomikoak «porrot» egin duela datuen bidez frogatzen duela azaldu du, eta «elkartasun sozialean oinarritutako eredu alternatiboa martxan jartzeko oinarriak» zehazten dituela. Hori «praktikan oinarrituta» egin duela, gainera.

Krisia «orokorra» dela ulertarazi nahi du Juradok: «Ez da krisi ekonomikoa bakarrik; krisi ekologikoa ere bada, balioena, generoarena, gizarte eredu osoarena».Eta hori guztia aldatzeko beharra hedatua dagoela uste du. «Baina, nola aldatu? Badugu baliabiderikhori iraultzeko? Petatxuak jar ditzakegu, baina independentziarik gabe ezingo dugu bestelako eredu bat eraiki, estatuen ereduen menpe gaudelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.