Asaldu edo alterazio biokimikoa da nahasmendu bipolarra. Gure nerbio sistema nagusia pizten duten hormonei eragiten die. Hainbatetan, behar baino hormona gutxiago eragiten ditu nahasmendua duenaren gorputzak, eta depresioak hartzen du. Bertze zenbaitetan, berriz, behar baino gehiago, eta goraldia bizi du. Buruko gaitz larria da, eta Sergio Saldañak badu (Iruñea, 1976). Bere istorioa kontatu du Tengo trastorno bipolar (Nahasmendu bipolarra dut) liburuan.
Zure bizitzaren kontrola zure esku duzula sentitzen hasi zarela diozu, horregatik erabaki duzula orain errateko zenuena idaztea.
Hala da. Nire bizitza kontrolatzen dudala sentitzen hasi naiz. Hori uste dut, baina zalantza hor egonen da beti. Nik badakit krisi gehiago izanen ditudala. Egia da aspaldi izan nuela azkena, eta azken hori kontrolatzeko gai izan nintzela gainera. Eta horrek eman dit bidea sentitzeko nire bizitzaren jabe naizela, nolabait.
Zergatik eman nahi izan diozu jendeari duzun gaitzaren berri?
Nire bizipenak partekatu nahi izan ditut. Nire esperientziatik abiatuta, nahasmendu bipolarra zer den kontatzeko. Dramatismorik gabe. Ez dugu biktima bilakatu behar. Nire liburua ez da gaitzari buruzko tesia. Nik kontatzen dut nire nahasmendu bipolarra zer den. Eta horixe nabarmendu nahi dut, nire istorioa dela kontatzen ari naizena. Nahasmendu bipolarra dugun pertsona guztiak, noski, ez gara berdinak. Bakoitzak bere izateko modua du. Eta ni ziur naiz, adibidez, nire anaiaren izateko modua banu, nire istorioa erabat ezberdina litzatekeela.
Jaiotzetik izaten den gaitza da nahasmendu bipolarra, baina eragile batek pizten du. Zure kasuan, nola piztu zitzaizun?
Bizitza erdia egin dut gaitzarekin. 18 urte nituenean egin zidaten diagnostikoa. Hainbat eragile izan nituen. Nire bizitza proiektuari eragin zioten hainbat faktorek, nire egunerokoari, nire ilusioei...
Diagnostikoa jaso zenuen unea, nolakoa izan zen?
Nik hasieran ez nuen sinetsi ere egin nahi. Hurrengo urratsa izan zen ukatzea inolako gaitza nuela. Halako dolu prozesu bat bizi izan nuen nahasmenduarekin. Hasi behar izan nuen botikak hartzen, egunean hiru aldiz. Horrek guztiak argi uzten dizu serio hartu behar duzula gaitza. Analisiak egin behar dituzula. Baina niri kosta egin zitzaidan hori onartzea. Ez nuen onartu nahi buruko gaitz bat nuela. Prozesu luzea eta zaila izan zen. Niretzat, nire gaixotasunarekin lotutako uneen artean okerrena horixe izan zen. Denbora epe labur batean, depresio uneak eta goraldiak izan nituen, bata bertzearen atzetik. Zikloa errepikatu egiten zitzaidan. Gogorra izan zen.
Depresio une eta goraldi horietan, zer sentitzen zenuen? Zer zen nahasmendu bipolar hori zuretzat?
Galdera horrek erantzun ezberdina izanen luke une bakoitzean. Oro har, erraten ahal dizut depresio uneak eta goraldiak bizi eta gero, batez ere, frustrazioa sentitzen nuela; tristura handia, etsipena. Eta kontzientziako harra ere bai, egindako eta errandako astakeria guztiengatik. Goraldietan, hagitz ongi sentitzen nintzen. Ez nuen lo egiteko beharrik, hitz egiten nuen asko. Halakoetan sentitzen duzu mundua mantso mugitzen dela, eta zu hagitz azkar. Nolabait, hutsetik hasi behar nuen berriz, halako krisi bat izan eta gero.
Une horietan, zuk argi izaten duzu gaitz bat duzula, gaitz horren ondorio dela gertatzen ari zaizuna?
Bai. Une horietan ere nik badakit nahasmendu bipolarra dudala. Argi dut ni ari naizela egiten, egiten ari naizena. Badakit zer gertatzen ari den. Inork ez ditu, berez, hiru egun ematen batere lo egin gabe.
Lagunei, ingurukoei, nola erraten zaie buruko gaitz bat duzula? edo uste duzu nahasmendua duenak ez duela zertan erran?
Nik nahasmendu bipolarra dutenei eskatu nahi diet egiteko gaitz horren berri emateko urratsa. Estigma alde batera utzi ahal izateko. Aurrera egin ahal izateko, botikak garrantzitsuak dira, baina ez dira funtsezko; terapia ere ez. Familia eta lagunak, horiek bai, funtsezkoak dira. Hasieran familiako kideen eta lagunen artean harridura nagusitzen da; jendeak ez daki buruko gaitzak zer diren. Haiek ere bizi dute dolu prozesu bat. Ni gaur hemen nago familiaren eta lagunen babesa ezinbertzekoa izan delako. Eusten nauen harresia dira niretzat. Familia eta lagunak zaindu behar ditugu. Gure goraldietan haiek jasaten dituzte gure kolpeak. Krisia atzean uzten dugunean, hor egonen direla badakigu. Amak zaindu behar ditugu, batez ere. Haiei eskaini nahi izan diet liburua.
Zaila da, oraindik ere, buruko gaitzen estigma gainditzea. Buruko gaitza duten pertsonek errateko dutenari gehiago erreparatu beharko genioke hori lortzeko?
Badira buruko gaitzen inguruko elkarteak. Elkarte horiek erraten dute, gero eta gehiago, gaitza duenak kontatu behar duela bere istorioa. Ni ez nago erabat ados.
Zergatik?
Nik uste dut garrantzitsua dela gaitza dutenen ahotsa entzutea. Baina profesionalena, elkarteena, familiena ere bai. Ikuspuntu guztiak hartu behar dira kontuan, egoera osoa ezagutu ahal izateko. Gaitza dutenen zaintzaileak zaindu behar ditugu, eta gaitza duenak bere burua zaintzen ikasi behar du.
Gizarteak zer behar du gaia bertze modu batera jorratzeko?
Nik uste dut informazioa behar dugula. Jendeak ezagutu behar du buruko gaitzak zer diren. Eta, horretarako, jendearen jakin-mina piztu behar dugu. Guri dagokigu jakin-min hori piztea. Eta ezin dugu ahaztu. Nahasmendu bipolarra dut; gaitz horrek nire bizitza baldintzatzen du, neurri batean, baina ni nire nahasmendua baino gehiago naiz. Aurrera egin behar dut, eta hobe umorez bada.
Sergio Saldaña. Idazlea
«Krisia izan eta gero, batez ere frustrazioa, tristura eta etsipena sentitzen nituen»
Buruko gaitz larria da nahasmendu bipolarra. Sergio Saldañak ongi daki zenbateko indarra duen, oraindik ere, halakoen inguruko estigmak. Liburu baten bidez egin dio aurre, bere istorioa kontatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu