Maiatzaren 1a

Krisiaren aitzakian langileen eskubideak urratzen ari direla salatu dute sindikatuek kalean

Milaka lagunek parte hartu dute han eta hemen antolatu dituzten mobilizazioetan. Euskal alderdiei Madrilek proposatutako erreformak ez onartzeko deia egin die ELAk; gizarte lorpenak bermatzeko aldaketa politikoa bultzatu behar dela aldarrikatu du LABek; CCOOk eta UGTk, berriz, enplegua sortzeko inbertsioak eskatu dituzte. Sindikatu txikiagoek ere anteko mezuak zabaldu dituzte.

2010eko maiatzaren 1a
15:30
Entzun
Egoera larria dela uste dute, oro har, sindikatuek: krisia aitzaki hartuta langileen eskubideak murrizten ari direla enpresaburuak eta gobernuak; areago, berme sozialak arriskuan direla ongizate estatu eredu bera zalantzan jartzeraino. Hori guztia dela eta, kalera ateratzeko deia egin diete langileei, baina diagnostikoa bertsua den arren gutxiizan dira ekimen bateratuak.

ELAk euskal alderdiei deialdia

Hala, Bilbon egin du manifestazioa ELAk, Inoiz baino gehiago sindikatua langileekin lelopean. 11:30ean mintzaldia egin du lehendabizi Adolfo Muñoz idazkari nagusiak, euripean. Euskal alderdiei, batik bat, abertzaleei dei berezia egin die: ez onartzeko inola Espainiako Gobernuak lan arloan proposatu dituen erreformak. Besteak beste, negoziazio kolektiboa Madrilen zentralitzatzea litzatekeela erreforma horien ondorioetako bat azpimarratu du Muñozek, eta hori, onartezina dela azpimarratu du Muñozek.

Aurtengo Maiatzaren 1ean sindikatuen egitekoa nabarmendu nahi izan du ELAk, eta ildo horretatik, langileen nortasun kolektiboa jorratzea garrantzitsua dela iritzi dio idazkari nagusiak eskubideen berme gisa. Patronalari ohartarazi dio murrizketen aurka borrokarako prest daudela, eta puri-purian izan diren eta dauden gatazkak ez ditu ahantzi: Sabecoko lorpena izan du batetik gogoan, eta bestetik, luzatzen ari diren gatazkak, hala nola, Ariznabarrakoa, ITVkoa zein eskola jangeletakoa.

Mintzaldiaren ondoren manifestazioan abiatu dira milaka lagun Jesusen Bihotzetik Plaza biribilera, eta lekuan lekuko lan gatazken berri ematen zuten pankartek bete dute ibilbidea. Horrez gain, jende askok eraman ditu ELAren banderak zein ikurriñak. Txarangek lagunduta jai giroan egin dute ibilbidea. Barakaldoko BECen egingo dute bazkariarekin amaituko dituzte ELAkoek Maiatzaren 1eko ekitaldiak.

Aldaketa politikoa eskatu du LABek

LABek, berriz, hainbat manifestazio antolatu ditu, Hego Euskal Herriko lau hiruburetan zein eskualdez eskualde, Langileon borroka aldaketaren indarra lelopean. Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak Gipuzkoako Goierri eskualdean egin dutenean parte hartu du. Lehenik manifestazio jendetsuan joan dira Beasaindik Ordiziara, eta han bertsolarien saioa eta ekitaldiak izan dira. Etxaidek agertu du Goierri bi arrazoirengatik aukeratu dutela: batetik, krisia hasi zenetik langabezia bikoiztu egin delako eskualdean, eta, bestetik, Gema Zabaleta Jaurlariltzako Lan sailburua bailara horretan bizi delako, eta langileak mobilizatzeKo gai direla erakutsi nahi diotelako.

Nolanahi ere, krisiaren nondik norakoak izan ditu LABeko idazkari nagusiak gogoetaren ardatz: krisia ez dela azken bizpahiru urteetako kontua iritzi dio, baizik eta azken 15 urteetako erabaki politikoek eragin dutela. Erabaki politikoen ondorio denez, krisia gainditzeko aldaketa politikoa behar dela azpimarratu du Etxaidek, eta ildo horretatik, Ezker Abertzalearen azken urratsak goraipatu ditu, ekimen politikoa bere gain hartu duela uste baitu. Gainerako eragileei konpromiso bera hartzeko eskatu die LABeko idazkari nagusiak.

Ipar Euskal Herrian, berriz, Hazparnen (Lapurdi) besta eta mobilizazio eguna antolatu du LABek, Iparraldean 10 urte bete dituela ospatzeko.

Enplegurako inbertsioak CCOO eta UGTren aldarrikapen



CCOOk eta UGTk, berriz, batera egin dituzte Maiatzaren 1eko mobilizazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ez, ordea, Nafarroan. Inbertsioak enplegua sortzeko-Babes sozialerako bermeak izan dute lelo Bilbo, Donostia eta Gasteizko manifestazioetan. 11:30etan abiatu da Bilboko manifestazioa, eta CCOOko idazkari nagusi Unai Sordo eta UGTko Damaso Casado han izan dira. Manifestazio ondorengo hitzaldietan krisia eragin dutenek ordaindu behar dutela azpimarratu du Sordok, eta, beraz, zor hori ezin dela langileen bizkarretik kitatu. Casadok, berriz, enplegua sortzeko inbertsioen beharra azpimarratu du, hain zuzen ere, krisia gainditzeko enplegua sortzea eta kontsumoa areagotzea ezinbestekoak direla iritzita.

ESK, CGT, EILAS eta ATTUk manifestazioak egin dituzte elkarrekin Bilbon eta Iruñean, eta lan erreformen kontrako salaketak egin dituzte.

Bi mila lagun Baionan

Baionan, berriz, hainbat sindikatu eta elkarteren babesaz egin da Maiatzaren 1eko manifestazioa. Bi mila bat lagunek parte hartu dute CFDT,CGT, FSU, UNSSA, Solidaire eta ELB sindikatuak bildu dituen manifestazioan. Sindikatuez gain, zenbait alderdi eta elkartek ere parte hartu dute, hala nola, PSk, PCk, NPAk, Segik, Oldartuk eta Bizi! kolektiboak. Bakoitza bere pankartarekin joan da, eta Frantziako Gobernuaren politiken aurkako mezuak, enplegua babesteko eskatzen dutenak eta prekarietatea salatzekoak izan dira nagusi. Era berean, erretreta sistemaren erreformak sortu duen kezka ere agerian geratu da lelo eta aldarrietan. Euria izan du lagun Baionako manifestazioak, eta ohiko jai giroa galarazi du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.