Krisia eta horri aurre egiteko moduak bilatzea. «Lehentasuna» horri emango dio EAJk Eusko Jaurlaritzara iristen bada. «Hazkundea behar dugu, berrindustrializazioa, ekonomia berpiztea, enplegua sortzea», adierazi du Iñigo Urkullu lehendakarigaiak. Akordioak lortu nahi ditu gainerako alderdi politikoekin bozak igaro eta gero. 1980ko hamarkadako garaiak ekarri ditu gogora, eta «larrialdi nazionalaz» hitz egin du, itunak ezinbestekoak direla nabarmentzeko. «Akordiorako kultura berreskuratu behar dugu».
Goizean Bilbon izan zen atzo Urkullu, Bizkaiko hautagaiekin; ekitaldian ziren, gainera, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea. Ekonomia hartu zuen hizpide Urkulluk une oro, eta «lasai» egoteko eskatu zien herritarrei: «Lurrean dauzkagu oinak. Badakigu zer egin behar dugun». Egoera etsitzeko modukoa dela onartu zuen arren, aurrera begira jarri zen. «Aurrera irtengo gara».
Azken asteetan egin duenez, Jaurlaritzaren egoera ekonomikoari buruz susmo txarrak dituela ohartarazi du Urkulluk: «Bistan dago Jaurlaritzaren finantzak hondatu egin direla. Ez dute zuhur jokatu; defizita sortu dute, eta zorra proportziorik gabe handitu». Murrizketak egitearen atzean hori dago, haren ustez: «Gastua gutxitu egin behar da, pertsonen kaltetan». Uste du Eusko Jaurlaritzak ez duela beteko defizit muga.
Garai «gogorrak» iragarri ditu. «Deskonfiantzan erorita gaude, eta itxaropenik gabe». Etsirik ez hartzeko eskatu die, ordea, herritarrei, eta egoera bideratu ahalko dela adierazi du. «Badaukagu etorkizuna, egingo dugu aurrera». Nola? «Elkarrekin lan eginda. Elkarrekin hitza errotu behar dugu. Horren bidez lortuko baitugu hazkundea, ekonomia berpiztea, enplegua sortzea eta herritarren bizi-baldintzak hobetzea».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ
Krisitik ateratzea izango da EAJren ardatza Jaurlaritzan
«Larrialdi nazionalaz» hitz egin du Urkulluk, eta ohartarazi du krisia gainditzeko nahitaezkoa dela akordioak erdiestea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu