Maiatzaren Leheneko ospakizuna baliatuta, Aralarrek, Alternatibak, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak euren akordio sozioekonomikoa kaleratu zuten atzo irtenbidea.net webgunean. Agirian, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriez gain, krisi ekologikoari eta krisi sozialari erantzuteko neurriak ere biltzen dituen eredu bat proposatu dute. Burujabetzaren beharra azpimarratzen dute, «ez soilik identitate eskubideak betetzeko», baita «herritarren beharrei erantzuteko tresnak sortzeko ere». Lau alderdion ustez, bi zentzutan da «ezinbestekoa» burujabetza ekonomikoa. Batetik, beste estatu eta herriekin eduki nahi diren harremanak definitzeko eta aliantzak osatzeko. Bestetik, garapen eredua eta barne antolaketa zehazteko.
Proposamenak 40 orrialde ditu eta lau ardatz nagusi ditu: bata, egoeraren azterketa; bigarrena, eredu alternatiboaren oinarriak; hirugarrena, burujabetza ekonomikoaren beharra azpimarratzeko arrazoiak eta, azkenik, beste eredu baterako proposamenak.
Azterketari dagokionez, Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan ezarritako politika neoliberalen ondorioz, «finantza kapitalismoak garrantzi berezia hartu du, langileriaren eta kapital ez-finantzarioaren kaltetan». Espaniako estatua, kasu, nazioarteko dinamika horren adibide garbia dela iritzi diote, espekulazioaren aldeko apustua egin duelako.
Hego Euskal Herrian, berriz, lehen sektorearen garapena «oso negatibotzat» jo dute. Industrian, «estatuko egoera baino hobea» izan arren, enpresen eta kapitalaren «deslokalizazioa» gertatzen ari dela iritzi diote. Bertako baliabideak «era eraginkorragoan» erabili behar direla azaltzen dute. Sektore publikoa, berriz, «azken urteotako xahutze politikaren biktima» izan dela iritzi diote.
Hala ere, alderdiek uste dute krisialdi sakona «aukera ezin hobea» dela egungo esparru instituzionalaren mugak erakusteko. Alde batetik, Hegoaldeko bi gobernuen erantzuna izan da «enpresei kostua murriztea» eta alor publikoaren eraispenean aurrera egitea. Era berean, zatiketa administratiboaren eragina nabarmentzen dute, «kohesio eta elkarlan naturala sustatu beharrean» kontrakoa egiten delako. Autogobernuak atalez atal dituen muga juridikoen inguruko gogoeta egiten dute: zerga sistema, hezkuntza, lan harremanen esparru, berrikuntza, lurralde antolamendu, finantza sistema edo produkzio sektorearen arautzea.
Lau alderdien ustez, gizartearen gehiengo batek onartzen du egungo estatutuen eredua «agortuta» dagoela. Gainera, krisiari erantzuteko «tresna berriak» behar direla deritzote. «Marko instituzional eta tresna berriak behar ditugu», diote.
Akordioak beste eredu baten aldeko proposamenak eta printzipioak biltzen ditu. «Garapen endogenoa» sustatu nahi da, «tokian tokiko ekoizpenari» eta «energia, garraioa eta materialak aurrezten dituen ekoizpenari» garrantzia emanda. «Ez du inola ere esan nahi eredu autartiko bat proposatzen dugunik. Euskal Herriko ekonomia kanpo merkataritzara irekita dagoen ekonomia da, eta aurrerantzean ere horrelakoa izan behar du».
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hauek:
www.irtenbidea.net
www.berria.info/agiriak/
Krisitik ateratzeko, burujabetza ekonomikoa «ezinbesteko» jo dute
Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek krisiari aurre egiteko beste eredu ekonomiko eta sozial bat proposatu duteLau alderdien ustez, krisiak agerian utzi ditu egungo esparru instituzionalaren mugak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu