Azkenaldiko gertakariak latzak izanagatik, Torrealdaik ez dio umoreari uko egin, eta ironia finez hasi du hitzaldia. "Honako hau Martin Ugalde Kultur Parkearen ordez Parque Cultural Menendez Pelayo balitz, eta Andoainen ordez Teruelen balego, honezkero dominaren bat jaso zuten Buruntzape enpresakoek", azaldu du. Baina, tamalez, horrelako ekimen handi bat aurrera eramateagatik Buruntzapekoek jaso duten saria atxilotzea izan dela nabarmendu du: "zaldintzarren oinpera bidaltzea", esan du zehazki.
Ildo beretik,duela hamasei hilabete kultur parkea inauguratu zenean bera hizlari izan zela eta orduan ateratako argazkia ekarri ditu gogora. "Argazki hartan agertzen ginen gehienok, Guardia Zibilaren ziegetatik pasa behar izan dugu", agertu du, Angel Diez, Jose Mari Sors, Iñaki Uria, Jonmari Larrarte eta Torrealdai bera agertzen baitziren irudian.
Nolanahi ere, inaugurazio ekitaldi hartan kultur parkea "berri ona" zela esan zuela oroitarazi du Torrealdaik, "apostu berri, eta euskararentzat jauzi kualitatibo handia delako". Martin Ugalde Kultur Parkeak enpresa, kultura eta teknologia uztartzen dituela nabarmendu du, hau da, "euskarak XXI. menderako behar dituen tresnak". Izan ere, euskarak etorkizuneko erronkei aurre egiteko "duintasuna, azpiegiturak eta baliabideak" behar dituela esan du, eta, ondorioz, kulltur parkea euskararentzat "estrategikoa" dela.
Martin Ugalde Kultur Parkearen kontrako operazioa