Kultura «monopolizatu» nahi izatea egotzi die Sumarrek EAJri eta PSE-EEri

Espainiako Kultura ministroak Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektuaz esandakoarekin bat egin dute Sumarrekoek, eta nabarmendu dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dutela «obra faraonikorik» behar.

SUMAR
Sumar mugimenduko kideak, gaur, Bilbon. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko martxoaren 2a
15:45
Entzun

Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektuak eztabaida bizia piztu du Euskal Herrian, eta, asteazkenean, hizpide izan zuten Espainian ere. Diputatuen Kongresuan, Ernest Urtasun Espainiako Kultura ministroak esan zuen balitekeela proiektuak «arazo larriak» sortzea ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspegitik. Haren alderdikideek prentsaurreko bat egin dute Bilbon —Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaurre betean—, eta bat egin dute Urtasunekin; are, kultura «monopolizatu» nahi izatea leporatu diete EAJri eta PSE-EEri. «Euskadik ez du obra faraonikorik behar, eta ez gaitzatela engaina: horien helburua fluxu turistiko masiboak erakartzea da», esan du Andeka Larreak, Sumar mugimenduaren bozeramaileak.

Alba Garcia dute lehendakarigai, baina ez da egon gaur egin duten prentsaurrekoan. Larreak nabarmendu du egungo Jaurlaritza osatzen duten alderdiek ez dutela ulertu zer-nolako garrantzia duen horrelako proiektuek ingurumenean duten eragina aintzat hartzeak: «Klima larrialdiaren garaian, funtsezkoa da kontu handiz ebaluatzea tamaina horretako proiektuek zer eragin duten ingurumenean eta kulturan».

Sumarrekoek prentsaurrekoa baliatu dute zer-nolako kultura politika proposatzen duten azaltzeko. Zehaztu dute haientzat kultura «eskubide bat» dela, eta kultura politikak herritarren beharrak lehenetsi behar dituela «multinazional gutxi batzuen interes ekonomikoen gainetik».

Edurne Garcia Sumarreko kideak EAJri eta PSE-EEri eskatu die «zintzoak» izateko: «Euskadi ez da zuen negozio barruti pribatua, baizik eta gure herrialdea, lurraldearen eta bizilagunen zerbitzura dauden kultura proiektuak behar dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.