Pirinio Atlantikoetan, ADSL zerbitzua dago etxeen %95ean. Gelditzen den %5 hori itzalguneetan bizi da, eta hor Wimaxa hedatu nahi du Kontseilu Nagusiak. Alta, Biarnoan ez dago abantzu itzalgunerik, gehienak Ipar Euskal herrian daude. ADSL sistema ezartzeko inbertsio gehienak Biarnora bideratu direla salatzen dute Wimaxaren aurkako kolektiboko kideek.
Wimax antenen hedapena erabaki instituzionala izaki, deliberatu dute auzapezei, kontseilari nagusiei eta diputatuei presioa egitea. Herritarrak asaldatzen ari direla ikusirik, Kontseilu Nagusiak Baionara deitu ditu itzalguneetako auzapezak. Alta, auzapezek ez dute eman bilkura horien berri, Kontseilu Nagusiak abiaturiko ildotik jarraituko duela errateko ez bada.
«Guztiak gara hiritarrak, berdintasunean. Batzuek ADSL sistema ukaiteko eskubidea badute, guk ere badugu, bertze sistema batzuk eragiten duten osasun kalterik pairatu gabe», adierazi du Daniel Larmantrand Itsasuko kolektiboko kideak.
Frekuentzia apaleko uhin elektromagnetikoek eragin ditzaketen osasun kalteak ezagutzeko, Daniel Oberhausen fisikaria gomitatu dute hainbat bilkuratara. «Naturan ez dago frekuentzia apaleko uhinik, eta ez ditugu ezagutzen eragiten dituen kalteak». Txitoekin egindako esperientzia batean, azaldu zuen Oberhausenek, frekuentzia apaleko uhin elektromagnetikoak pairatu zituzten txitoak hil egin ziren. Alta, ikerketa hura isilean atxikitzeko presio handiak egon direla salatu du fisikariak.
Larrialdi heina finkatzeko arazoak daudela azaldu zuen. Izan ere, legeak debekatzen du proba egitea pertsonengan. Hein jasangarria finkatzea da, beraz, behin-behineko aterabideetariko bat. Lapurdiko Getarian, adibidez, auzapezak 0,6 v/m muga jarri dio Wimaxari. Antenak hortik gora igortzen badu elektrizitatea moztuko diola agindu du auzapezak.
Hartzaile gutxi baditu, frekuentzia hori baino apalago igortzen du antenak, baina eskaria handitzean, jarioa ere handitzen da. Horrela, 200 hartzaile baditu hein hori aise gainditzen dela dio Oberhausenek.
Kontseilu Nagusiak 2006an erabaki zuen Wimax sistema hedatzea. Garaian itzalguneetan emititzeko sistema bakarra zen. Geroztik, France Telecom konpainiak NRA-ZO izeneko sistema hedatu du. Zuntz optikoaren bidez hedatzen du Internet, baina Kontseilu Nagusiak ez du hautu hori hobesten. «Kontseilu Nagusiko eta France Telecomeko arduradunen arteko harremanak txarrak dira, eta Internet zerbitzua bermatzeko prezioa parekoa bada ere, Wimaxa atxikitzea deliberatu du Pauek, osasun kalteak kontuan hartu gabe», dio Larmantrandek.
Kontseilu Nagusiak inbertsio handia egin du Wimax sistema hedatzeko. Alta, protesta egiten duten herritarrek berek hartu behar dute sistema horretako harpidetza. Ekonomikoki porrot izugarria izan daiteke, eta badago horren aurrekaririk. Frantziako La Vienne departamenduko Kontseilu Nagusiak zazpi milioi euroko inbertsioa egin zuen Wimaxa hedatzeko. Bost hilabeteren buruan, mila harpidedun baino ez ditu izan. «Zazpi milioi euroko zuloa eragin dute, entzungor izateagatik», diote kolektiboko kideek.
Osasuna kezka nagusia
Zientzialarien oharrek herritarren kezka piztu dute. Burukomina, trenputxartzeak, minbizia eta arazo neurologikoak eragiten dituela azaldu dute zientzialariek. Informaziorik gabe, azalpenik ez duten trenprutxartzeak pairatu dituztela diote Wimax antenetatik hurbil bizi direnek. Zientzialarien oharrak entzundakoan, «aurreikuspen eta prebentzio irizpideak»indarrean jartzea eskatu dute. Antenak osasun arazoen iturri direla gogorarazi diote Kontseilu Nagusiari eta kalterik eragiten ez duen sistema bat plantan ezarri artean, horiek kentzeko edo ez ezartzeko eskatu diote. Anartean, auzibideak irekiko dituzte hedapena trabatzeko.
Herritarren kezken jomuga ez da Wimaxa, haririk gabeko uhin elektromagnetiko guztiak baizik. Ordenagailu berriek, adibidez, Wimax sistema pizturik dakarte fabrikatik eta bezeroek ez dute horren berri.Haririk gabeko antenak edo Wimaxa izan, jendeek uhinak etengabe paraitzen dituztela salatu dute.
Liskarra France Telecom eta Kontseilu Nagusiaren artean
Kontseilu Nagusiak ez du France Telecomek eskaintzen duen ADSL lokailuen sistema aztertu nahi. Prezioari dagokionez France Telecomek Wimax sistemaren antzekoa eskaini arren, Kontseilu Nagusiak ez du aukera hori onartu, bi egituren zuzendaritzen arteko harremanak ez direlako hoberenak.6,3
Wimaxen aurrekontua. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako itzalguneetara heltzeko, Wimax sistema hedatzea deliberatu du Kontseilu Nagusiak. Sistema hedatzeko aurrekontua 6,3 milioi eurokoa da, baina ez du bermatzen etxe guztietara helduko denik.Bi eta 50 kilometro artera hel daitezke Wimax uhinak
Hiru antena mota ezartzen ari dira. Handiek 50 kilometroko eremua hartzen dute, eta txikiagoetara bidaltzen dituzte uhinak. Mikro antenek 20 kilometroko hedadura har dezakete, eta uhinak bidaltzen dituzte piko-antenetara. Azken horiek bi kilometroko eremua hartzen dute oztoporik ez bada erdian.Informazioa trukatzeko blog bat osatu dute kolektiboek
Webgune bat osatu dute, hiru herrialdeetako kolektiboak elkartu eta informazioa trukatzeko asmoz. Internet erabiltzaileek arianhari.blogspot.com helbidean atzeman dezakete hiru herrialdeetako kolektiboen jarduna. Frantzian Wimaxaren aurka diharduten bertze elkarteen estekak ere badira.Sakelako telefonoen kalteak aztertuko dituzte, etzi
Sakelako telefonoen balizko kalteak aztertuko ditu Frantziako Gobernuak etzi. Antenen hedapenaren aurka diharduten elkarteak entzunen dituzte; Ingurumenaren Mintegian bezala, eragile guztiak biltzea nahi dute, haririk gabeko uhin elektromagnetikoei buruzko ikerketaren antolaketa aztertzeko.Pierra Etxeberri. Wimax sistemaren aurkako Zuberoako kolektiboko kidea
«Borondate politikoa eta ausardia falta zaie»
A.R. MitikileIpar Euskal Herrian Wimax sistemaren aurkako lehen kolektiboa Zuberoan sortu zen, Mitikilen hain zuzen ere. Osasunean kalterik eragiten ez duen ADSL edo zuntz optikoa eskatzen dute, eta gainerateko herritarren eskubide berak dituztela aldarrikatu. Kontseilu Nagusiak ez die azalpenik eman.
Lehen kolektiboa osatu zenuten Zuberoan. Zergatik?
Guztiek nahi dugu Internet etxean, eta Kontseilu Nagusiak Wimaxa aurkeztu zuelarik, pozik hartu genuen berria. Alta, kasualitatez zientzialarien oharren berri ukan genuen. Kanpotik jakin genuen zein arriskutsuak ziren osasunarentzat Wimaxak egozten dituen frekuentzia apaleko uhin horiek. 40 pertsona izan ziren lehen bilkuran, 2008ko azaroan. 350 pertsona bizi dira Mitikilen, eta, dagoeneko, 280k izenpetu dute antenen aurkako eskaria. Geroztik, mugimendua Zuberoara zabaldu da, eta, orain, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko kolektiboekin ari gara lanean.
Zein da zuen aldarrikapena?
Herritar guztiak berdinak gara legearen aitzinean. Gehienek harizko sistema daukate, osasunari kalterik egiten ez diona. Guk ere hori eskatzen dugu. Hautetsi eta Kontseilari Nagusiei presioa egiten diegu hori lortzeko.
Haiek aldiz sistema merkeena hautatu dutela diote, eraginkorrena.
Duela bi urte Wimaxak ez zuen alternatibarik, baina, geroztik, zuntz optikoaren eta satelitearen aukerak balia daitezke legez. Satelitearena garestiegia zen ordura arte, eta enpresa handiek baliatzen zuten. Geroztik, satelitea hartzeko tresneria aloka dezakete norbanakoek, 400 euroan, eta, ondoren, kontratua ordaindu. Wimaxaren harpidetzarengatik 40 euro ordaindu behar da hilabetero; sateliteagatik, 30 euro; eta zuntz optikoagatik, oraindik gutxiago. Beraz, zuntz optikoa Wimaxaren prezioan lor daiteke. Mitikilen hori eskatzen dugu. Hori egiteko aurrekontua 700.000 eurokoa da, eta Herri Elkargoari eskatu diogu laguntza. Bertze aterabide bat ere badago. ADSL sistema nagusiak lokailuak onartzen ditu, eta200.000 euro balio du. Itzalguneetako herrien eskariak batuz, prezioa 120.000 eurora ere apalaraz daiteke. Kontuan hartuz departamendu mailan sei milioi euro xahutuko direla Wimaxa plantan ezartzeko, diru hori ADSL lokailuak ezartzeko erabil daiteke. Hiru herrialdeetako itzalgune guztiek Internetera harizko lotura ukanen lukete horrela, osasunari kalterik eragin gabe.
Zer eginen duzue Kontseilu Nagusiak ez badu eskaria onartzen?
Gero eta kolektibo gehiago sortzen ari dira Wimaxaren kontra. Informazioa zabaltzen segituko dugu, eta presioa eginen diegu hautetsiei gure aldarrikapenak bete arte. Borondate politikoa eta ausardia falta zaie hautetsiei.
Prebentzio irizpideak jarri nahi ditu Europak indarrean
Europako Parlamentuak onartu du uhin elektromagnetikoen balizko kalteak aztertu behar direlaA.R. Baiona
Apirilaren 2an Europako Parlamentuak frekuentzia apaleko uhin elektromagnetikoen eragina aztertzea eskatzen duen mozioa onartu zuen abantzu aho batez. Frederic Ries eurodiputatuaren proposamenak 559 bozka jaso zituen, 22 kontra eta zortzi abstentzio.
Europako Parlamentuak 29 galdera zehatz egiten ditu uhin elektromagnetikoek osasunean eragin ditzaketen kalteak aztertzeko eta arautu ahal izateko. Europako Parlamentuak nabarmendu du bederen bederatzi Estatuk araudi zorrotzak hartu dituztela. 1999an Europako Batzordeak harturiko neurriak gainditu dituzte.
Bio-ekimena txostena
Mundu zabaleko 1.500 zientzialarik 600 orriko txosten bat osatu zuten. Hor, Wimaxen arriskuak begi bistan utzi zituzten, eta osasunean zer eragin duten aztertu.Txostenean zioten minbizia, arazo neurologikoak eta burukominak eragiten dituztela frekuentzia apaleko uhin elektromagnetikoek.
Bio-ekimena txostenaren eraginez, Europako Parlamentuak ebazpen bat hartu zuen 2008ko irailean. Teknologia berri horiek kalteak eragiten dituztela onartu zuen, eta prekauzio eta aurrikuspen printzipioak hobetsi behar direla nabarmendu zuen. Wimax saltzaileei eskatu zien frogatzeko haien sistemak ez duela kalterik egiten. Europako batzordeari eskatu dio irizpide horiek onartzea, ondoren araudi horiek betetzeko eskatzeko Estatuari.
Apirilaren 2an hartu duen ebazpenaren bitartez areagotu egin dio presioa Europako Batzordeari, 1999an hartu neurriak gogor ditzan. Oraingoan, galdera zehatzak egin dizkio, eta kalterik ez dagoela frogatzeko eskatu.