LAB, ELA, EILAS, CSI-F eta CCOO greba egiteko prest, batasuna eten den arren

Nafarroako Gobernuari exijitu diote idatzizko konpromisoa hartzeko hezkuntza publikoan gehiago ez murrizteko

Ekintza batasuna eten den arren mobilizazioei eusteko deia egin zuten atzo borrokan jarraitu nahi duten sindikatuetako ordezkariek. IDOIA ZABALETA / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hezkuntza arloko bost sindikatuk —LAB, ELA, EILAS, CCOO eta CSI-F— mobilizazio egutegiarekin eta urriaren 27rako deitutako greba egunarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute. Sindikatuok atzo LABen egoitzan egindako prentsaurrekoan azpimarratu zuten ez dutela oraingoz arrazoirik mobilizazio horiek bertan behera uzteko. Jose Iribas kontseilariaren ahotik asmo onak entzun dituztela azaldu dute, baina gobernuak hezkuntza publikoan murrizketa gehiago ez hartzeko konpromiso erreala «idatzita» azaltzea nahi dute. Beste lau sindikatu, berriz, bide horretatik atera egin dira —UGT, Afapna, APS eta Anpe—eta, horrenbestez, ekintza batasuna hautsi egin da.

Herenegun, Iruñean hezkuntzako sektore mahaia bildu zen. Bertan, irakaskuntza publikoko bederatzi sindikatuetako ordezkariek bost puntuko proposamena aurkeztu zioten Jose Iribas kontseilariari. Hezkuntza Departamentuari eskatu diote hezkuntza arloko murrizketek «behin-behineko» izaera izateko; 2012ko aurrekontuetan murrizketa gehiago ez ezartzeko;lau urteotan ikasle bakoitzeko egindako inbertsioan izandako %9ko murrizketa berreskuratzeko plan bat ezartzeko eta ikasturte osorako ordezkapenetarako baldintzak negoziatzeko.

Atzo, LAB, ELA, EILAS, CCOO eta CSI-F sindikatuek prentsaurrekoanIribasen aldetik jasotako azalpenen berri eman zuten. Murrizketak arrazoitzeko orduan, Iribasek defenditu zuen «dirua falta» dela, neurri horiek egiturazkoak direla eta krisiak irauten duen bitartean indarrean egongo direla. 2012ko aurrekontuen inguruan, berriz, oraindik zehazteko daudela besterik ez zuen esan. Iribasen arabera, eraginak gutxienekoak izatea da Hezkuntza Departamentuaren asmoa, baina gobernuaren «erabakien menpe» dago.

Sindikatuok ez daude ados azalpen horrekin, eta asmo onen gainetik berme zehatzagoak eduki nahi dituzte. «Ez digu balio dirudik ez dagoen aitzakiak, auzi honek zerikusia duelako dirua zertan gastatzen den eztabaidarekin. UPNren eta PSNren gobernuak erabaki politikoa hartu du: azpiegitura handietan inbertitzea eta formakuntza eta etorkizuneko belaunaldien hezkuntza alde batera uztea» kritikatu zuen LABeko Expe Iriartek, euskaraz irakurritako agiri batean.

Horri lotuta, sektore mahaian, Iribasi galdetu zioten nola bermatuko duen aniztasunarekiko arreta —hau da, ikasle bakoitzaren premiei egokitutako zerbitzua—. Iribasek erantzun zien ez duela ez zuzeneko ez aniztasunarekiko arretan murrizketarik ezarriko, baina ez zuen zehaztu diru gehiago jarriko den edo lan zama gehiago izango duten irakasleek.

Gai horrek erlazio zuzena duirakasleen ordezkapenekin. Sindikatuek salatu dutenez, «hamaseigarren egunera arte» ez dira ordezkatzen gaixo agiria duten maisu-maistrak.Hezkuntza Departamentuak argi utzi du ez duela irizpide hori negoziatu nahi: «Iribas ez da mugitzen bere planteamendutik. Guretzat gai hori garrantzitsua da, sekulako kalapita sortu baita eskoletan. Ikasleek eskubidea dute egun guztietan eskolak izateko. Oinarrizko eskubidea da, eta horren alde egingo dugu. Negoziatzea exijitzen dugu», azaldu du Iriartek.

Horregatik guztiagatik, LAB, ELA, EILAS, CCOO eta CSI-Fek —gehiengoa dute bederatzi sindikatuen artean, 51 ordezkaritatik 32 dituztelako guztira— mobilizazioekin aurrera jarraituko dute. Urriaren 27rako, berriz, greba eguna iragarria dute, eta etzi erregistratuko dute deialdia. Bost sindikatuek azaldu dutenez, «pozik» dira orain arte irakasleen aldetik jaso duten erantzunarekin. Dagoeneko, Nafarroako 90 ikastetxetan ostiralero mobilizazioak egiten ari dira. Gainera, hezkuntza publikoaren aldeko manifestuaren aldeko atxikipenak biltzen ari dira guraso eta ikasleen artean.

Beste sindikatuen azalpenak

Beste lau sindikatuk, berriz, bertan behera utzi dute mobilizazioen deialdia. UGTk dio bere afiliatuen gehiengoa grebaren aurka dagoela. Afapnak, berriz, «konfiantza botoa» eskaini nahi dio Iribasi. APSk, berriz, esan du ez dela eraginkorra murrizketen aurka orain mobilizatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.