LAB sindikatuak deituta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langileen ordezkariek protesta egin dute gaur Lakuan, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta erakundeari eskatu diote konplitzeko ikastoletako langileen lan baldintzak hobetzeko akordioa, uste baitute ez dela horretan ari: «Hezkuntza Saila izkin egiten ari zaio adostasunak bete daitezen duen erantzukizunari»
Arlo horretako akordioa 2023ko ekainean itundu zuten administrazioarekin. Ez zen soilik ikastoletako langileen lan baldintzak hobetzeko landu; oro har, Hezkuntza Legea indarrean jartze aldera, itunpeko sare guztietako langileen lan baldintzak hobetzea zen asmoa. Gaur LABeko ordezkariek gogoratu dute beren-beregi bi helburu jarri zirela ikastoletako langileei begira: ikastoletako langile guztien soldatak sare publikokoen soldatekin parekatzea hitzartu zen, eta azterketa bat abiaraztea lan baldintzak, oro har, sare publikoko langileenekin homologatzeko. Jaurlaritzak agindu zuen «finantzaketa» izango zela horri bide emateko, baina, LABen arabera, oraindik ez du «mahai gainean» jarri: «Ez da akordio laboralean sinatu zuena betetzen ari».
LABeko ordezkariek azaldu dute soldatak «urtez urte» igotzea hitzartu zutela, eta 2027ra bitarteko helburuak jarri. Lan baldintzei buruzko ikerketa zela eta, hitzartu zuten bi urteren buruan abiaraziko zela. Baina salatu dute Eusko Jaurlaritza ez dela ari behar beste urrats egiten.
«Kategoria» guztietan ez
Horrek guztiak «ondorio kaltegarriak» ditu lan baldintzetan, eta, sindikatuaren esanetan, «lehendik ere» ez ziren onak. Azaldu dutenez, iaz zegokien soldata igoera egin zitzaien ikastoletako langile guztiei, baina aurten okertu dira gauzak: soilik «irakasle kategorietan» dauden langileei egiten ari zaizkie igoerak, eta hori gertatu da Hezkuntza Sailak ez duelako «bermatu» gainerako langileen lansariak igotzeko finantzabidea. Era berean, salatu dute ez dela egin lan baldintzak homologatzearen gaineko ikerketarik, eta horretarako «plangintzarik» ere ez dela abiarazi oraindik.
Akordio hartan hitzartu zen hezkuntzako «azpisektore» bakoitzak egingo zituela negoziazioak, eta, hain justu ere, LABeko ordezkariek nabarmendu dute ikastolen eremuan «fin» bete dutela hori: «Akordio laboralak jasotzen zituen eremuak gauzatzeko hitzarmena sinatu zuten Ikastolen Elkartea-Partaidek, EIB Eusko Ikastolen Batzak eta LAB sindikatuak». Eusko Jaurlaritzari, ordea, egotzi diote bere partea ez betetzea.
Hain justu ere, hori salatzera atera dira kalera: «Ez da onargarria bi urte pasatzen uztea ezer egin gabe; ez da onargarria, eta LABek ez du onartuko». Are, adierazi dute aurrerantzean ere kalera atera asmo dutela: «LABek borrokan jarraituko du Hezkuntza Sailak dagokiona bete arte». Ikastoletako langileak ere deitu dituzte borrokara. Eta Ikastolen Elkarteari eta EIBri ere dei egin diete; uste dute haiek ere eskatu behar diotela Hezkuntza Sailari «adostutako» konpromisoak betetzeko.