LABek salatu du El Regato eskolako jangelako langileak «kriminalizatu» dituztela, janarian zomorroak aurkitu ostean

Serunion enpresak eskaintzen du jangela zerbitzua; 2024an Eusko Jaurlaritzak Serunionekin zituen kontratuak bertan behera utzi zituen, antzeko kasu batzuengatik.

Eskola jangela bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Eskola jangela bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko irailaren 30a
13:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, «elementu arrotzak» —ustez gurgurioak— agertu ziren Barakaldoko El Regato (Bizkaia) ikastetxeko jangelan irailaren 16an zerbitzatutako janarian. Serunion enpresak eskaintzen du zerbitzua, eta, LABek salatu duenez, enpresak, gainera, jangelako langileak «kriminalizatu» ditu: «LABek onartezintzat jotzen du Serunionek erabaki izana jangelako begiraleei errua botatzea, El Regato ikastetxean zerbitzua kudeatzen duen enpresa gisa duen erantzukizuna bere gain hartu beharrean».

Ohartarazi dute El Regatokoa ez dela kasu «bakana». Hain zuzen, 2024an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Serunionekin zituen kontratuak bertan behera utzi behar izan zituen sare publikoko hainbat jangelatan izandako «antzeko irregulartasunengatik»: «Arazo horiek behin baino gehiagotan gertatu izanak erakusten du enpresaren aldetik kontrol eta zorroztasun falta larria dagoela, eta oraindik ere onura ekonomikoa lehenesten duela, zerbitzuaren kalitatearen eta ikasleen segurtasunaren gainetik».

Horiek horrela, LABek «babes eta elkartasun osoa» helarazi die El Regatoko jangelako langileei, eta «eskumena duten erakundeei» eskatu die Serunionen jarraipena egiteko eta jangeletan kalitatea bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.