Politika

LABen ustez, "prozesu demokratikoaren oinarria" ez da ETAren su-etena soilik izan behar

Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren arabera, "eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko akordioa" beharrezkoa da prozesua abian jartzeko. Joseba Egibarrek iritzi dio "ezker abertzalearen erabakigunea Altsasun" dagoela.

2010eko urtarrilaren 19a
15:17
Entzun
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi du ez duela uste "prozesu demokratikoaren oinarria" ETAren su-etena soilik izan behar denik, eta "eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko akordioa" lortzea beharrezkoa deritzo.

LABeko buruak balorazio ona egin du ETAren azkeneko agiriaz, erakunde armatuak "ekimen politikoaren alde apustua egin duelako, eta horrek eskenatoki berriak irekiko dituzten ekimenak ekar ditzake".

"ETAren menia edo sueten batek ez du Prozesu Demokratikoa izango dela ondorioz ekartzen", esan du erakunde armatuak azkeneko agirian. "Prozesu Demokratikoa lanabes demokratikoak erabiliz eta injerentziarik gabe burutu behar bada, eta horrela ikusten dugu guk ere, Estatuaren esku-sartze eta bortxak gelditu behar du. (...) Herri osoaren aktibazio eta presioak eramango gaitu Prozesu Demokratikora".

Info7 irratian mintzatu da Etxaide, gaur.

Egibar: "Ezker abertzalearen erabakigunea Altsasun dago"

"ETAren azkeneko agiria pare bat aldiz irakurri dut, eta ematen du ezker abertzalearen erabakigunea Altsasun dagoela, ez beste inon". Hala esan du gaur Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidenteak, Onda Vasca irratian.

Azaroaren 14an aurkeztu zuen ezker abertzaleak Altsasuko Adierazpena, eta Egibarrek adierazi du "ez edukiagatik bakarrik, baizik eta baita han bildutako jende motagatik ere, badirudi hori dela erabakigunea".

Ezker abertzaleak Altsasuko (Nafarroa) agerraldian zioen Euskal Herriko estatua eraikitzeko bideak "prozesu politiko baketsu eta demokratikoa" izan beharko duela, "indarkeriarik eta esku-hartzerik gabe" garatu beharko dela, "soilik bitarteko politiko eta demokratikoak erabilita", eta eurek horren aldeko apustua egin dutela -"alde bakarreko erabakia da"-.

ETAri kritikak egin dizkio EAJko buruzagiak, "erakunde terrorista izaten segitzen baitu, eta denekiko tutela politikoa egin nahi duelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.