Neurrira egindakoa. Halakoxea izan da Nafarroako Ospitale Guneko laborategiak zentralizatzeko prozesua gauzatzeko lehiaketa, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. «Lehiaketa horren deialdia enpresa jakin batek irabaz dezan prestatu du Osasun Departamentuak», erran du LABeko kide David Mendazak.
«Enpresa jakin» hori Abbott izenekoa da. «Prozedura iluna izan da, eta argi baino itzal gehiago izan ditu», nabarmendu du sindikatuko kide Txomin Gonzalezek. Atzo agerraldia egin zuten Iruñean. Itzal edo puntu ilun horien gakoa, hain zuzen, Osasun Departamentuak berak Irizpide subjektiboen ebaluazio leloarekin izendatutako atalean aurkitu du LAB sindikatuak.
Atal horrekin batera, bertze bik osatu zuten lehiaketa: atal teknikoak batetik, eta atal ekonomikoak bertzetik. Bi horiek kontuan hartuta, Roche enpresak zuen puntu gehien. «Enpresa horrena zen ikuspuntu tekniko eta ekonomiko batetik proposamenik onena», azaldu du Mendazak.
Irizpide subjektiboen ebaluazioaren atalean, ordea, Abbott etxea nabarmendu zen, argi eta garbi, lehiaketan. «Enpresa horri 14,20 puntu eman zizkion epaimahaiak; eta gainerako hiru etxeei 4,20, 5,60 eta 6,40 puntu. Aldea nabarmena da. Horrek erran nahi du departamentuko arduradunen eraginari atea zabaltzen zion atalak bilakatu zuela Abbott garaile», erran du Gonzalezek. Gainera, Rochek helegitea aurkeztua du lehiaketaren aurka.
LABeko kideak gogorarazi du orain arte enpresa batek laborategiak hornitzen zituela, eta mantentze lanen ardura hartzen zuela. Abbottek irabazitako lehiaketaren eskutik, sistema aldatu egin du Nafarroako Gobernuak: «Laborategia hornitzeaz eta mantentze lanak egiteaz gain, hainbat analisi egiteko ardura ere bere gain hartu du enpresak, zerbitzu hori kobratuz, noski».
Sindikatuko kideek nabarmendu dute, gainera, enpresa horri berari egokitu zitzaiola Balearretako laborategiak hornitzeko ardura, 2010. urtean; Abbottek Herrialde Katalanetan irabazi zuen lehiaketa hori egiteko, Mensor aholkularitza etxea kontratatu zuen Balearretako Gobernuak. «Garai hartan, Nafarroako Ospitale Guneko zuzendari kudeatzaile Ignacio Iribarren zen Mensor etxeko zuzendaria», azaldu du David Mendazak.
1,1 milioi euro gehiago
Hilaren 13an jarri zen martxan Nafarroako Ospitale Guneko laborategien zentralizazioa. Eraikin berria egiten ari dira, oraindik, eta, ondorioz, lanak bukatu bitartean, Ikerketa Biomedikoaren Zentroko solairu bat egokitu dute laborategiko lanetarako. «Horretarako, 1,1 milioi euro gastatu ditu Nafarroako Gobernuak, zentro hori ikerketarako prestatuta baitago. Eraikin berria prest dagoenean, obrak egin beharko dituzte, berriz ere, Ikerketa Biomedikoaren Zentroa lehengoratzeko», salatu du Txomin Gonzalezek. Gogora ekarri du LABek eskatu zuela bi urtez etetea laborategiak zentralizatzeko prozesua, baina gobernuak ez zuela kontuan hartu proposamen hori.
Horrekin batera, laborategiko langileen baldintza eskasak salatu ditu LABek. «Ordutegiak eta lanaldiak berrantolatu nahi dituzte, baina ez dute horri buruzko informaziorik ematen; ez langileei, ezta sindikatuoi ere», erran du Mendazak. Oraingoz lantaldeari eutsi diotela gaineratu du, baina laborategietako 40 lanpostu galduko direla salatu du.
Erantsi du gaur egun lan egiteko tokia ez dela egokia. «Hainbat tresna kartoizko kutxen gainean daude; baldintzek langileei eragiten diete, bai eta haien lanaren kalitateari ere», erran du. «Analisien emaitzak izateko batez besteko denbora tartea hiru ordukoa da orain». Salatu du, gainera, 2004an zaharkituta zeudelako baztertutako tresnak berreskuratu dituela Abbott etxeak.
Egungo egoerak agerian uzten du enpresa ez dela laborategiak zentralizatzeko egokiena. Horixe uste dute LABeko kideek. Lehiaketa Abbotten alde jarri zuten irizpide subjektiboen artean, adibidez, laborategiak zentralizatzeko prozesua gauzatzeko metodologia baloratu zuen lehiaketako epaimahaiak. «Atal horretako irizpide guztiak antzekoak ziren; hau da, egin edo gauzatu gabe zeuden kontuak baloratu zituzten. Eta orain agerian gelditu da enpresak ez duela bere lana ongi egin», azaldu dute sindikatuko ordezkariek. Hori guztia kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak ez duela iragarritako asmoa bete nabarmendu dute. «Iruzur egin digute nafarroi».
Laborategiak zentralizatzeko prozesuan itzalak sumatu ditu LABek
Sindikatuaren ustez, Osasunbideak zerbitzu hori Abbott enpresari emateko prestatu du lehiaketaren deialdia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu