Labrador eta Ternua bereizten dituen Belle Isle itsasartean, Kanadan dago Red Bayko XVI. mendeko euskal baleazaleen aztarnategia, egunotan Unescok gizateriaren ondare izendatuko duena. Selma Huxley (Londres, 1927) izan zen lehena arrantzaleen agiri zaharretan aipatzen zen Gran Baya itsasarte hura zela ulertzen. Portuak ere kokatu zituen: Buttus (Red Bay), Txateo (Chateau Bay)... Eta bere ikerketekin, lurreko zein urpeko indusketetarako tokiei buruzko informazioa lortu zuen. Aitzindaria izan zen Huxley iragan hartan balearen eta bakailaoaren arrantzak euskal itsas historian izan zuen eragina ikertzeko lanean,eta, Cambridgen doktore den haren seme Michael Barkhamek ere (Ottawa, 1959), amaren urratsak jarraitu ditu, euskal itsas historian espezializatuta. Horregatik, azkenean ama-semeen arteko elkarrizketa bihurtu den honetan, Barkhamek badu oinarririk amaren lorpenen neurria azpimarratzeko, Huxleyk haiei garrantzirik eman nahi ez badie ere.
Zientzialariz eta intelektualez betetako familia batetik zatoz. Thomas Huxley Darwinen Bulldog ezagunaren birbiloba zara. Zure aita Aldous Huxleyren lehengusua zen.
S.H.: Baina hori normala da.
Baina horrek norbera markatu egingo du, hein batean...
S.H.: Beharbada, gurea bezalako familia asko zeuden Sussex-en. Ingalaterrako alde polit batean bizi gara. Ezagutzen duzu Chichester?
Ez, Ingalaterra hegoaldean dago, ezta?
S.H.: Bai, hegoaldean. Oso toki polita da, itsasadar baten ondoan. Eta familiako jende asko hurbiltzen zen. Chichesterren euskal umeak ere egon ziren, gerra garaian etorritakoak, eta Rodney Gallop ere ezagutu nuen.
M.B.: Euskalaria zen Rodney Gallop, eta diplomatikoa.
S.H.: Nire aitaren laguna zen.
Nerabe zinela iritsi zen II. Mundu Gerra. Nola bizi izan zenuen?
S.H.: Ez nuen gerra bizi izan... Nire aita [hura ere diplomatikoa zen] Washingtonera bidali zuten, eta familia guztia hara joan ginen.
M.B: 40an joan zineten [Amari ari da], baina konboi batean, itsaspekoen erasoak zirela eta. Gero, hiru urtez han abandonatu zintuzten, barnetegi batean. Eta 17 urterekin, bakarrik itzuli zinen, beste konboi batean. Londresera, 1944an iritsi zen, [Normandiako] lehorreratzearen egunetarako. Eta Londresko azken bonbak bizi izan zituen.
Eta ikasketak amaitu ostean, Kanadara joan zinen bisitan. Eta azkenean han gelditu.Eta han, senarra izango zena ezagutu zenuen.
S.H.: Bai, Montrealen. Hango unibertsitatean lan egin nuen, eta haren aita ezagutzen nuen.
Zure senarra zu ezagutu aurretik izan zen Euskal Herrian, eta, gainera, hainbatetan itzuli zen.
M.B.: 1950an etorri zen, eta urte hartan ezagutu zuen Pio [Montoya]; orduan egin zuen tesia euskal baserriei buruz. Eta, gero, 51n itzuli zen...
Eta, gero, zu ekarri zintuen.
M.B.: 1956an. Bi urteko semea zure gurasoekin utzi zenuen Ingalaterran...
S.H.: Bai, arrazoi duzu, ahaztuta nuen hori.
Nola gogoratzen duzu garai hartako Euskal Herria?
S.H.: Maleruski, Franko oso boteretsua zen, baina gure hainbat lagun zeuden haren kontra.
Pio Montoya apaiza bezala.
S.H.: Bai bai, hain justu. Kontatuko dizut geroago Oñatin bizi ginela gertatutako gauza komiko bat. Egun nardagarri batean, guardia zibil batzuk etorri ziren gure etxeko atera. Kuartelera joanarazi nahi ninduten. Eta Serena [alaba] txikiari esan nion ‘ez larritu. Zerbait izugarria gertatzenbada, joan alkateari esatera’. Erokeria zen, kuartelera eraman ninduten, eta ‘elkarte batean zaude’ esaten hasi ziren. Beste emakume batzuekin batera alargunen elkarte batean nengoelako!
Beraz, Frankismoa oso gogoan duzu.
S.H.: Oso desberdina zen. Eskerrak zuri [kazetariari ari da] garai hobea tokatu zaizula, izugarria baitzen. Izkina guztietan zeuden poliziak.
37 urterekin gelditu zinen alargun, 10 urte azpiko lau seme-alabarekin. Nola egiten da aurrera halako egoera batean?
S.H.: Lana lortu nuen berehala, unibertsitatean.
M.B.: Baina nik uste dut oso borrokalaria zarela...
S.H.: Artxiboetan interesa izaten hasi nintzen...
Hori da. Kanadako Gune Historikoetarako lanean hasia zinen, eta haietako batzuk berreskuratzeko lanetan, hala nola Louisbourgen. Eta hor bi kontuak lotu zenituen: Kanadako Atlantikoko itsasaldea eta Euskal Herria. Artxiboak ikertu nahi izatea... Euskal Herrira itzultzeko aitzakia bat behar zenuen?
S.H.: Bai, egia da.
M.B.: Eta Kanadako hotzarekin nazkatuta zeundela ere kontatu izan diguzu...
S.H.: Mexikora joan ginen, behar nuelako gaztelera ikastea, gero hemengo artxiboak ulertu ahal izateko.
Egia esan, Kanadatik Euskal Herrira Mexikotik barrena... Eta hori guztia lau umerekin!
S.H. Baina haiek gustuko izan zuten.
M.B.: Ez zenigun aukera handirik eman ere... [txantxetan ari da semea]. 10 urterekin, Mexikora! Egia esan, gu txikiak ginen: 10 urte nik eta 7 Serenak. Nerabeekin zailagoa da, bi zaharrenei gehiago kostatu zitzaien egokitzea.
Eta gero,Bilbora [1972an].Eta jakinarazi zizuten hitzemandako bekarik gabe gelditu zinela... Eta ez dezagun ahaztu, lau seme-alaba...
S.H.: [Barre egiten du] Arrazoia duzu bai... Baina nola dakizu zuk hori guztia?
...Norbaitek kontatu dit.
S.H.: Beti gogoratuko naiz, Bilbora iristen.
M.B.: Pentsa, 1972a, Santurtzira iristen paradisu tropikal batetik, guk buelta eman eta itzuli egin nahi genuen!
S.H.: Eskerrak bagajearekin andre jator batek lagundu gintuela, ostatuko andreak.
M.B.: Mexikotik gutun bidez egin zenuen erreserba, Alde Zaharreko ostatu batean. Eta zergatik han? Udalaren artxiboaren ondoan zegoelako! [barrez ari da ama].
Eta artxiboetara joaten hasi zinen. Burgosera... Burgosen esan zizuten Oñatira etortzeko. Oñatin, Gipuzkoako Protokoloen Artxiboa zegoen. Madalena egun batez iritsi zineten. Eta apaizaren bila hasi.
S.H.: Bai, artxiboetan sartu ahal izateko.
Eta non zegoen apaiza?
S.H.: ... Ez naiz gogoratzen.
M.B.: Madalenetako erromerian zegoen! Hantxe topatu genuen.
S.H.: Egia!
Hantxe, artxiboan XVI. mendeko paperik bazuen galdetu zenion.
S.H.: Lau gela bete zituela esan zidan.
Eta Oñatikoez gain, beste hainbat artxibo bisitatu zenituen.
S.H.: Simancasekoaz gogoratzen naiz beti. Esan zidaten ‘haurrek ezin dira hemen sartu’. Eta nik erantzun nien ez zela semea, laguntzaile bat zela.
M.B.: 14 urte nituen.
Eta egunero, etxera iritsi, eta seme-alabei kontatzen zenizkien aurkitutakoak.
S.H.: Bai [irribarrez].
M.B.: Zeren afaria ez zen zure kezka. Serena, gazteena zen etxeko antolatzailea.
S.H.: Oraindik ere antolatzen gaitu.
Gogoratzen duzu paperetan agertzen zen Gran Baya hura Belle Isleko itsasartea zela konturatu zinen eguna?
S.H.: Ez zen une bat izan. Nik beti izan nuen interes handia mapa zaharretan. Nire aitak bilduma handia zuen...
M.B.: Horregatik da haren familia ingurunea funtsezkoa Selmaren lana ulertzeko. Haren aitak Geographical Magazine sortu zuen, bere etxean izan ziren garaiko idazle, argazkilariak... Zu [amari ari zaio] Paris eta Londresera joan zinen mapak ikertzera, hemen aurkitu zenituen portuen bila...
Eta portuak kokatu zenituen. Zein izan zen lehena?
S.H.: Labradorko kostalde guztia ulertzea zen garrantzitsuena. Gero bai, bihurtu zen garrantzitsua portuak identifikatzea, hondoratutako itsasontzien berri izandakoan.
M.B.: Selmak ez zuen bere ikerketen egunerokorik idatzi. Baina, garai hartan, ia bi astero Kanadan bere nagusi izandakoari idazten zion. Horietako batean, Burgostik idatzitakoa, zuk diozu: ‘Gran Baya izeneko toki bat topatu dut,
hamar baleaontzi zihoazela Ternuarako Gran Bayara... Ez dakit non dagoen’. Gutunetan ikusten da prozesuan. ‘Portu bat, Buttus, Gran Bayan’, ‘Txateo GranBayan’...
S.H.: Erraza zen.
Izango zen erraza, baina inork ez zuen egin ordura arte...
M.B.: Besteak beste, behar zen ingelesa, gaztelera eta frantsesa jakitea. Parisera mapak begiratzera joateko, Londresera... Eta, noski, jakin-min intelektuala ere behar da.
S.H.: [Labradorko] Kostalde horretatik pasatu bazara eta interesa izan baduzu, eta gero agiriak aztertzeko interesa baduzu...
Zu igarota zinen kostalde hartatik, Loisbourgen-eta ibili zinenean. Baina ordura arte inork ez zuen lortu horiek identifikatzea. Zergatik ez?
S. H.: Ez zuten interesik!
M.B.: Garai hartako literatura ikusten baduzu, 1880tik asko dago idatzita ‘Ternuan izandako baskongadoez’, baita Frantzian ere. Baina ez zuten iturririk aurkitu. Donostian, adibidez, dena erre egin zen; ez zegoen artxiborik. Mariano Zirikiain-Gaiztarrok berak ez zuen ia ezer aurkitu [1961anidatzi zuen Los vascos en la pesca de la ballena]. Inor ez zen gai horri buruzkoen bila aritu, ez Oñatin, ez Burgosen, ez Valladoliden, ezta Tolosan ere.
Deigarria da XVI. mendean hainbeste markatu zuen jarduera bati buruzko memoria hainbesteraino galtzea.
M.B.: Eta mitoak sortu ziren. Ziriakinek Aldundian Etxebeste apaizak XVII. mendean Zarautzen idatzitako liburu bat aurkitu zuen. Buttus, Txateo eta beste portuak aipatzen ditu Etxebestek, eta Zirikiainek jartzen du, ‘Buttus... Bathurst, New Brunswick agian?’. Red Baytik 1.000 kilometrora dago hori! Selmaren konstantziak hautsi zuen akatsaren perpetuazioa.
Eta informazio horrekin, Labra dorrera joan zineten, Red Bayra.
S.H.: Erraza zen... Kontatu dizudan moduan, ni kostalde horretatik pasatutakoa nintzen. Eta izen zaharrei eta lekuei buruzko interesa nuen.
M.B.: Buttus, Gradun... Kanadako Sozietate Geografikoari beka eskatu zenion, bi seme-alaba gazteenak zurekin hartu eta Labradrorera joan ginen, 1977ko uztailean. Eta asmo garbia zenuen: aztarnak aurkitzea.
Eta berehala topatu zenituzten. Zer izan zen ikusi zenuten lehena?
S.H.: Teilak. Zirraragarria zen. Hemengo baserrietakoen teila berdin-berdinak ziren. Ikusgarria zen. Red Bayen soilik ez, kostalde guztian zehar zeuden.
Hangoei euskal baleazaleei buruz galdetu zenieten.
S.H.: Ez zekiten baleazaleei buruz ezer; batzuek esan zidaten agian bikingoenak izan zitezkeela, inguru hartan izan zirelako.
M.B.: Bostehun urte lehenago... Jakina, orain atzera begira, amaren lan horrek guztiak erraza dirudi. Baina gauzak aztertzen, ikus daiteke prozesu luzea izan zela.
Halako aurkikuntzek, zientzialari familia batetik zatozenez ederki dakizu, lan asko eskatzen dute.
S.H.: Baina normala da. Baldin badakizu han izan zirela euskaldunak, badietan ibiltzea da.
M.B.: Baina Buttus edo Gradun non zeuden Parisen edo Londresen ikertzen jardun ez bazina, NewBrunswickera joango zinen.
S.H.: Baina, agerikoa zen, normala, zu kostalde hartatik gora bazoaz...
M.B.: Baina ez zinen Mainera joan! Zuk ulertu zenuen non zegoen Gran Baya, eta horrela jakin zenuen nora joan!
S.H.: Normala iruditzen zait.
Baina egia da gero hori zirragarria izango zela, hondoratutako San Joan atera zutenean [Red Bayn 1565ean hondoratutako galeoia].
S.H.: Bai, beste ontzi batzuk ere hondoratuta zeudela ikusi nuen, erraza, normala zen...
M.B.: [Amaz ari da] Berari guztia normala iruditzen zaio...
S.H.: Eskerrak berak [semeak] ederki artxibatuak dituen halakoak...
M.B.: Nik uste berak bere grina bizi izan zuela [amaz ari da]. Ikerketa hau zure grina izan zen.
S.H.: Bai, baina, suertez, zu ere hor izan zinen.
Oñatira joaten al zara oraindik Euskal Herrira bisitan etortzean?
S.H.: Ama gaixorik izan nuen luzez, eta urte askoan ezin izan naiz etorri.
M.B.: Ama zaintzera Chichesterrera joateko utzi zuen Euskal Herria, baina han ere jarraitu zuen bere ikerketekin.
Donostiako Aquariumeko Urrezko domina emango dizute astelehenean. Zer iruditzen zaizkizu omenaldi horiek guztiak?
S.H.: Ez zaizkit gustatzen...
M.B.: Txantxetan ari da... Nik uste dut aztarnategi bat [Red Bay] gizateriaren ondare izendatua izatea eta hori pertsona baten aurkikuntzei esker etorri izana... Eta hori ez dut nik esaten, Kanadako Gobernuak esaten du... [Amari mintzatu zaio orain] Ezin zara besterik gabe etxean gelditu... Nik uste dut bikaina dela hemen egotea izendapen horren egunetan, hemen ospatu ahal izateko.
S.H.: Hori bai ona dela [Red Bay Gizateriaren ondare izatea]. Hango hainbat jenderi lagunduko die, batez ere.
M.B.: Han, gero eta zailagoa dute arrantzatik bizimodua ateratzea ...
Hemen Kontxako badiara begira, imajinatzen al dituzu baleontziak porturatzen...
S.H.: Pasaian gehiago gertatzen zait hori.