Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari laguntza gehiago eskatu die uholdeek berriki eragindako kalteengatik. Ebazpena aho batez atzo onartu zuten alderdi guztiek. Legebiltzarraren ustez, 2005eko Hondamendi Egoeretarako Errege Dekretua ez da nahikoa Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait herritan izan diren arazoei aurre egiteko. Dekretuak heriotza edo elbarritasun batengatik, gehienez, 17.000 euro ematea onartzen du, eta etxebizitza hondatu zaionari, 12.000 euro.
Hori dela eta, 2005eko dekretua osatzeko, Jaurlaritzari eta foru aldundiei dei egin diete Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko. Euskal Herrian, gainera, badaude aurrekariak.2010ean, adibidez,Bizkaian eta Gasteizen ziklogenesi lehergarriak eragin zituen kalteak ordaintzeko diru laguntzak era horretan eskatu zituzten. Erabaki horren atariko, lehengo astean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza bat Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta uholdeak izandako herrietako udaletako ordezkariekin elkartu zen. Bertan, diru laguntzak nola eskatu behar dituzten azaldu zieten aldundiari eta udalei.
Eusko Legebiltzarrak instituzio horiei guztie eskatu die uholdeen ondorioz hasi diren lanak ahalik eta azkarren amaitzeko. Eta uste du Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan uholde eremu gisara identifikatuta dauden lekuetan ere beharrezkoa dela neurriak hartzea. Bada kezkarako aski motibo. Hil honen hasierako euriteek ondorio latzak utzi dituzte, bi hildako tartean, Derion (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa). Eusko Legebiltzarrak elkartasuna agertu die hildakoen familiei.
Ugarteren agerraldia
Bestalde, atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak agertu behar izan zuen. EAJk eta PSE-EEk azalpenak eskatu zizkioten eta, azaroaren 8an egin zituen adierazpen batzuen harira. EAJk eta PSE-EEk uholdeak zirela-eta Bilduri egindako kritikak «mespretxagarriak» zirela esan zuen orduan. Atzo berretsi egin zituen hitz horiek. Ugarteren arabera, aldundiak behar bezalako erantzuna eman zien uholdeei, eta «lehen momentutik» irtenbide bila aritu ziren herritarren arazoak ahalik eta ondoen konpontzeko. Ugartek barkamena eskatu zien, hala ere, hilaren 8ko adierazpenak «errespetu falta» moduan hartu dituztenei. «Asmo txarrik gabe hitz egin nuen». Ugarteren ustez, gaizki ulertua «hizkuntz gorabeherengatik» sortua izan liteke.
PSEko batzarkide Eneko Anduezaren iritzian, Larraitz Ugartek, aldundiko bozeramaile den aldetik, iritzi pertsonalak «alde batera» utzi behar ditu eta hitz egiteko moduak zaindu: «Ez gaude kalean. Eredugarri izan behar dugu, eta errespetua sustatu».
Laguntza osagarriak eskatu dituzte, euritearen harira
Eusko Legebiltzarrak aho batez ebazpen bat onartu du, uholdeek berriki eragindako ondorioekin arduratuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu