Laguntzak ukatzeagatik, auzitara jo dute estatu indarkeriaren biktimek

Barne Ministerioak kalte-ordainak ukatuta estatu terrorismoaren biktimei aitortza kendu nahi diela iruditzen zaie biktimeiKontakizunean gatazka politikorik ez dela izan jasotzea da helburua, haien ustez

Maria Luisa Goikoetxea, Edurne Brouard, Axun Lasa, Pili Zabala eta Mikel Paredes, Joseba Goikoetxea ertzainburu zenaren omenaldian. MARISOL RAMIREZ/ ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
GALen, Batallon Vasco Españolen (BVE) eta AAAren biktimek auzitegietara jo dute biktima gisa dagozkien kalte-ordainak ukatu dizkieten erabakiaren aurka. Hasi dira, banan-banan, helegiteak aurkezten. Espainiako Barne Ministerioak «ETAren inguruarekin» lotura zutela esanda laguntzak kendu izana ez dela zilegi uste dute. Ez duela oinarri juridikorik diote, berdintasun printzipioa urratzen duela eta ezezkoa emateko Barne Ministerioak eman dituen argudioak aitzakia hutsa direla. Erabakiaren aurka ministerioan aurkeztu dituzten idazkiak atzera bota ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalean ari dira helegiteak aurkezten.

Terrorismoaren Biktimen Aitortzarako Legea oinarri hartuta, lau bat mila biktimak eskatu zituzten laguntzak, iaz, Espainiako estatuan. Guztiei onartu dizkiete eskaerak, 46ri izan ezik. Estatuarekin lotura duten talde parapolizialek hildakoen senideak dira ezezkoa jaso duten guztiak. Hildakoek edo laguntza eskatu dutenek «ETAren inguruarekin» lotura dutela esanez argudiatu du ministerioak ezezkoa, eta ez da salbatu GALek, BVEk eta AAAk hildakoen senide bakar bat ere. Estatu terrorismoak hil dituen biktimen artetik 46 familiak eskatu zituzten laguntzak, eta 46 horiei ukatu dizkiete.

Europako itun bat erabili du Barne Ministerioak horiei guztiei kalte-ordainak ukatzeko: Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmena. Akordio horren 8. artikuluak honakoa dio, hitzez hitz: «Kalte-ordaina gutxitu edo kendu ahalko da biktimaren edo eskatzailearen jarreragatik. Era berean, kalte-ordaina gutxitu edo kendu ahalko da biktimak edo eskatzaileak antolatutako delinkuentzian parte hartzen badu, edo bortxazko delituak egiteko erakunde bateko kide bada».

2012. urte amaieran, biktimen laguntzei dagokien legea aldatu, eta Europako itun hori txertatu zuen Espainiako Gobernuak. Juxtu, biktimen kalte-ordainak eguneratzeko epea zabaldu bezperan.

Orain arte, arazorik gabe

Aurrez, kalte-ordainak eskatu zituzten biktimek, 2000. urtean jaso zituzten laguntzak. Gerra zikinak eragindako biktima askok ez zuten laguntza eskatu nahi izan, baina eskaera egin zutenek arazorik gabe jaso zuten zegokien ordaina; hildako bakoitzeko, hogei bat milioi pezeta, erantzukizun zibil gisara. Ordutik diruaren balioa aldatu egin dela eta, kalte-ordainaren kopurua eguneratu zuen Espainiako Barne Ministerioak. Biktimako ordaindu beharreko laguntza handitu zuen, eta, aurrez ordaina jaso zutenei alde hori eskatzeko epea zabaldu zen.

BERRIAk jakin duenez, ozta-ozta izan zuten epe horren berri gerra zikinaren biktimek; ia amaitzear zenean. Egiari Zor taldearen ustez, ez da kasualitatea: «Erabaki zuten gu biktimen taldetik kanporatzea eta epea iraungiarazita saiatu ziren egiten». Horren aurrean, estatu indarkeriak eragindako ahalik eta biktima gehienek eskaerak egin zitzaten saiatu zen fundazioa. Aurrez saria jaso zutenak eguneraketa eska zezaten nahi zuen, eta aurrez eskatu ez zuten biktimek ordain osoa eska zezatela.

Lehentasuna ez zen dirua. Aitortza zen helburua. Orain ere, horregatik murgildu da kalte-ordainak jasotzeko borrokan. Eta horretarako biktimek beren poltsikotik dirutza jarri behar badute ere, amaiera arte jarraitzeko asmoa dute gehienek. Beharrezkoa bada, Estrasburgora ere joatekoa. Arrazoia dutela seguru daude. Auzia irabaziko dutela. Baina badakite, baita ere, urteak igaro daitezkeela lortu arte.

Gatazka badela ukatzeko

Baina aitortza orain berreskuratzeak berebiziko garrantzia duela uste dute biktimek. Izan ere, haien iritziz, laguntzak orain ukatu izanak badu bere arrazoia. Arrazoi politiko sakona. Kalte-ordainak jaso behar dituzten biktimen poltsan egoteak gerra zikinak eragindako biktimak terrorismoaren biktimatzat aitortzea esan nahi du. Euskal Herriko gatazkan indarkeria bat baino gehiago egon direla onartzea, beraz, eta estatuak ere indarkeria erabili duela aitortzea.

Horixe da, biktimen ustez, Espainiako Gobernuak biktimen laguntzak ukatuta saihestu nahi duena. Orain, Euskal Herrian gertatu denaren kontakizuna idazten hasi behar denean, kontakizuna lantzeko garaia denean.

Argi du Egiari Zor fundazioak: «Estatuak gu ukatzeko beharra du, gu ukatuta gatazkaren existentzia bera ukatzen duelako». Hain zuzen, Espainiako Gobernuak ETArena ez den indarkeria oro ukatuko duen kontakizuna besterik ez duela onartuko iruditzen zaio fundazioari, horrek gatazkaren izaera politikoa ukatuko lukeelako, eta, ondorioz, «estatua gertatutakoaren ardura guztietatik kanpo utziko lukeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.