Banaketa kasuetan haurren zaintza partekatua lehenetsi behar dela uste du EAEko ararteko Iñigo Lamarcak. Hori bultzatzeko ekimenak sustatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrari. «Legebiltzarrak ez du lege eskumenik, baina legez besteko proposamen bat onar dezake».
Nahiz eta banatu arte bi bikotekideak arduratu haurren zaintzaz, nahikoa da bietako bat horren aurka azaltzea, epaileak zaintza partekatuaren alde ez egiteko. «Gainera, kasurik gehienetan zaintza amari ematen zaio». Halako jokabideak «sexistak» direla salatu du Lamarcak. «Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko, ezinbestekoa da halako jokabideak gainditzea».
Bide horretan, Kode Zibila oztopo bat dela uste du. «Nahiz eta aukerarik egokiena dela pentsatu, epaileak ezingo du horren alde egin fiskalak erabakia babesten ez badu. Beste esparru batzuetan ez da halakorik eskatzen. Gainera, haurrak zaintzeko beste modu egokiagorik ez dagoela frogatu beharko du».
Lamarcak gogorarazi du, gainera, gizartean gero eta zabalduago dagoela haurren zaintzak partekatua izan behar duen ustea. «Betiere, haurren interesen aurka ez badoa».
Azken urtean zaintza partekatuari lotutako 300 eskaera jaso ditu Lamarcak. Horietatik %58 gizonek aurkeztu dituzte, eta %32 emakumeek. Eskari gehienetan salatzen da hamar kasuetatik bederatzitan amari ematen zaiola haurraren zaintza.
Nafarroan ere ekimenak
Irailean aurkeztu zuen Nafarroako Ezker Batuak (NEB) zaintza partekatua lehenesteko legez besteko proposamena Foru Parlamentuan. Alderdi guztien babesa jaso zuen, sozialistena izan ezik.
Nafarroako Guraso Bananduen Elkarteak «begi onez» ikusten du proposamena, baina «aldaketa nabarmenak» behar dituela iritzi dio. Legeak elkarrizketaren aldeko hautua lehenetsi behar duela nabarmendu du, eta banaketa kasu gatazkatsuetan bitartekaritza hobetsi behar dela. 21 zuzenketa aurkeztu dizkiote proposamenari.
Lamarca zaintza partekatua lehenestearen alde azaldu da
Eusko Legebiltzarrak zaintza partekatuaren aldeko proposamena onartu beharko lukeela dio EAEko Arartekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu