Trebiñuko elizako eskailerak jaitsi eta plazan bildutako ehunka pertsonen animo oihuen artean, Donostiarako bidea hasi zuen atzo Korrikak. Pilar Ansotegik (Argantzun, 1969) eman zituen lehen pauso horiek, Edurne Brouard 17. Korrikako arduradunaren eskutik lekukoa jaso ondoren. Lekukoari agur esan eta korrikaldia apur bat luzatu ondoren, autoaren bila joan zen, Korrikaren jaia Argantzunen luzatzeko, izerdi patsetan baina irribarrea aurpegitik kendu ezinik.
Korrika Trebiñun hasi ostean, Argantzunen jarraituko al duzu orain?
Ea posible den kilometroren bat egitea Argantzunen. Gure herria da, eta bertan behar dugu.
Zer sentitu duzu Trebiñuko elizako eskailerak jaistean?
Hunkigarria izan da, lan egitea merezi izan du. Kristorena izan da... Herrian eta inguruan sortu den giroa ikusi baino ez dago. Jendetza dago. Erantzuna ikaragarria izan da.
Urduri ibili zara lekukoa eramaten lehena izango zinela erabaki zenutenetik?
Oso urduri, eta pertsona askoren deiak jasotzen. Amets bat da, baina amesgaizto kutsu txiki bat ere izan du, kar, kar! Baina oso gustura. Gutxisolo elkartearen izenean eraman dut lekukoa, baina Trebiñuko euskaltzale guztien izenean ere eraman dudala uste dut. Pertsona asko daude euskararen alde lan egiten
Trebiñun bizi den emakume euskaldun batek lekukoa eramatea zen lehentasuna, eta ez omen zen oso erraza izan hori lortzea…
Gutxisolo elkartean emakume euskaldun gehiago dago, baina Trebiñun bizi arren ez dira bertakoak. Trebiñuko konderrian jaiotako bi pertsona gaude, neska eta mutila. Hortaz...
Korrika Trebiñutik pasatu izan denean parte hartu izan duzu, baina inoiz pentsatu al zenuen Korrika Trebiñun bertan hasiko zenik?
Ez, egia esateko. Korrikaren aldi bakoitzean buru-belarri murgildu gara prestakuntzan. 50 kilometro ematen ditu Trebiñuko Konderrian, eta gehienetan gaueko ordu txikietan igarotzen da. Korrika Kulturalean bi ekitaldi eta Korrikaren kilometroak banatzera ohituta geunden, baina aurten… pentsa!
Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Institutuan hasi nintzen euskara ikasten, Gasteizen. Euskara eskola zegoen, baina gainontzekoak gaztelaniaz ziren. AEKn ikasten hasi nintzen orduan, seigarren edo zazpigarren mailaraino… Ikasteari utzi, berriro hasi… horrela ibili naiz azken hogeita bost urteetan! Kar, kar...
Tarte horretan euskarak zer bilakaera izan du Trebiñun?
Duela hogeita bost urte ez zegoen ez elkarte, ez ikastola, ez ezer! Badakizu, dena poliki doa. Klaseak jasotzen genituen, eta halako batean antzerki bat egitea erabaki genuen ikasturtea amaitzean. Lagunak eta haur batzuk etorri ziren. Jendeak gustuko izan zuen, eta bertan hasi ginen. Horretaz gain tabernetan ere euskaraz egiten genuen, eta jendea guri begira gelditzen zen. Orain guztiz normaltzat hartzen da, ordea.
Pilar Ansotegi. Lehen korrikalaria
«Lan egitea merezi izan du; hunkigarria izan da»
Azken hogeita bost urteetan euskarak Trebiñun izan duen bilakaera gertutik ikusi eta horretan eragin duten pertsonetako bat da Pilar Ansotegi, Argantzungo bizilaguna eta Gutxisolo elkarteko kidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu