Gazi-gozoa izan da bukatzear dagoen urtea Ibon Zubiela LABeko Lan Osasuneko arduradunarentzat. Izan ere, Hego Euskal Herrian lan istripuen kopurua %21 inguru jaitsi den arren, beherakadaren zergatiari kezkagarria deritzo: «Istripu eta hildako gutxiago daudelako pozik gaude, noski, baina kaleratze masiboen ondorioa izan da, ez prebentzio neurriak hobeto bete izanarena». Esparru horretan ez du hobekuntzarik ikusi Zubielak eta patronalari hildako langileak «doan» ateratzen zaizkiola salatu du.
Nafarroan, aurtengo urtarriletik irailera, 7.558 lan istripu gertatu dira, 2008ko epe berean baino 2.500 inguru gutxiago. Datu baikorrari, alabaina, irailera bitarte langileria aktiboa 14.000 lagunetan jaitsi dela kontrajartzen diote sindikatuek. Datu erlatiboak, hartara, oraindik ere «oso larriak» direla uste dute.
Lurraldeka, Bizkaian gertatu dira lan istripu hilgarrien erdiak baino gehiago (41) eta, ondoren, Nafarroan izan dira gehien, 18 behargin zendu direlako urte hasieratik. LABek eginiko zerrendaren arabera, Gipuzkoan 14 hildako izan dira eta zazpi Araban, Iparraldean aurten ezbehar hilgarririk ez da gertatu.
Larriek gora egin dute
Lan osasunaren alorretik, «urte ezkorra» izan da hau ELAko Leire Txakartegirentzat. Istripu arinak gutxitu izana «egoera ekonomikoaren ondorio» dela uste du, baina istripu larriei eta hilgarriei dagokienez, jaitsierarik ez dela egon nabarmendu du. Hala egiaztatzen du Osalanek joan den astean aurkeztutako txostenak. Eta Nafarroan ere gauza bera gertatuda, irailera arte iaz baino bost istripu hilgarri gehiago jazo baitira, %62,5 gehiago ehunekoetan adierazita.
Prekarietatea da oraindik, Txakartegiren esanetan, lan istripuak eragiten dituen faktore nagusia. Ildo horretatik, lan baldintza txarrenak dituzten sektoreetan, istripu larrien kopurua jaitsi beharrean aurten ere igo egin da, eraikuntzan eta zerbitzuetan batez ere. Prebentzioa sustatu ez ezik, lan merkatua aldatzeari «ezinbestekoa» deritzo ELAkoak: «Kontratazioan iruzur handia egiten da, azpikontratazioa ez da kontrolatzen eta ez da trebakuntza eskaintzen».
Arazoa, alabaina, aldaketak egiteko «borondate politikoaren falta da, Osalanen aldetik ere». Azken finean, lan baldintza duinagoak onartzea, patronalaren aurka joatea litzatekeela dio, eta haren ustez, «Patxi Lopezen gobernuak ez du hori egin nahi».
Baldintza prekarioetan lan egiten dutenen artean, gainera, etorkinek lanik txarrenak dituztela gogorarazi du Txakartegik: «Ondorioz, etorkinek ezbeharrak izateko aukera gehiago dituzte». Datu zehatzik ez dagoela salatu du, eta, oro har, Osalanek emandako estatistikak «oso eskasak» direla dio: «Ez dute genero, adin, sektore edota jatorriaren araberako sailkapenik egiten istripuak izan dituztenen artean». Horren ondorioz, irakurketa politikoak egiteak «zailtasunak handiak» ditu ELAkoarentzat.
LABek ere kritikatu du Osalanen lana. Besteak beste, «eduki eta borondaterik gabeko erakundea» dela salatu zuten Osalanen kontseilu nagusia egin zuten egunean, hilaren 18an. Sindikatua bat dator ELArekin, aurkeztutako txostena «inolako analisirik egiteko baliagarria ez» dela salatzeko orduan, eta, horrez gain, elkarrizketa sozialaren mahaian adostutako Lotu kanpaina Osalanen diruarekin ordaindu nahi izatea leporatu dio zuzendaritzari.
Gaixotasunak ezkutatu
Lan istripuetan ez ezik, lan gaixotasunen txostenen kopuruan ere jaitsiera adierazgarria izan da aurten. Hego Euskal Herrian 3.701 eritasunen adierazpenak egin zituzten medikuek 2008an eta, aurten, aldiz, 3.201, %13,5 gutxiago alegia. Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko Lan Osasuneko idazkariarentzat, krisiak ez du jaitsiera justifikatzen eta, oraindik ere, laneko gaixotasunak ezkutatzen direla salatu du. «Mutualitateek oztopoak jartzen dituzte».
Jasotako datuek errealitatearen berri ez dutela ematen uste du Uzkudunek, eta, EAEn beste herrialde batzuetan baino txosten gehiago ematen diren arren, prebentzio zerbitzuek lan askoz handiagoa egin behar luketela dio. Horregatik, aurrerantzean, Euskadiko CCOOk kanpaina gogorragoak egingo ditu lan gaixotasunen inguruan. «Medikuak, izen-abizenekin, egunkarietan salatuko ditugu, onartezina baita eritasunak ezkutatzea».
Minbizia eragin dezaketen gaixotasunak ez ezik, milaka euskal langilek gorreria eta halako arazoak dituztela nabarmendu du Uzkudunek, lanak eragindakoak.
Lanerako bidean hil zenlan istripuen azken biktima
Azaroaren 11n gertatu zen azken lan istripu hilgarria Euskal Herrian. Bilboko 35 urteko gizon bat hil zen Amurrion, (Araba) A-625 errepidean, lanerako bidean zihoala. Beste auto baten kontra jo ostean gertatu zen ezbeharra. Astebete lehenago zendu zen Pasaian (Gipuzkoa) 37 urteko behargin autonomo bat. Urteko hilabeterik txarrenak, hildakoen kopuruari begira, martxoa eta urria izan ziren, bakoitzean hamar langile hil zirelako. Ondoren, ekaina eta iraila izan ziren lazgarrienak, bederatzina behargin hil zirenean. Abenduan, orain arte, ez da lan istripu hilgarririk gertatu. Ofizialki, Osalanek eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak 44 hildako zenbatu dituzte urrira bitartean.25
Ez traumatikoak. LAB sindikatuak egindako zenbaketaren arabera, aurtengo 80 lan heriotzetatik 25 ez dira traumatikoak izan. Lanean ari zirela bihotzekoak jota hil dira horietako gehienak. Sindikatuek diote lanak eragindako tentsioa dela heriotza horien eragilea.Amiantoak 14 hildako utzi ditu EAEn urte hasieratik
Ontzigintzan lan egin zuen Josu Murua izan da, Asviamie elkarteak salatu duenez, amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz EAEn hil den azken langilea eta, guztira, urte hasieratik 14 izan dira diagnosi bera jaso dutenak. Euskadiko CCOOren arabera, amiantoaren inguruan aurrerapausoak eman dira aurten «osasuneko arazo publikoa» izatera pasatu delako. Industrian ez ezik, beste sektoreetan ere gaixoak daudela zabaltzen hasi da. Osakidetzaren prebentzio zerbitzuak Gurutzetako erietxeko iturgin baten minbizia lan gaixotasun gisa aitortzeko eskatu du, eta BBVAren Bilboko dorrean aritu zen elektrikari baten eritasunari buruz Lan Ikuskaritzaren txosten baikorraren berri emango dute.2,7 milioi
Gaixo baimenak. Nafarroako Lan Osasuneko Institutuaren arabera, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte, nafar langileek 2,7 milioi egun eman dituzte gaixo baimenarekin, 2008an baino %12,8 gutxiago. Batez bestekoa eginda, hamar egun inguru dira langileko.Pilar Collantes.Osalaneko zuzendari nagusia
Istripuen jaitsieraren zergatietako bat biztanleria aktiboa jaitsi izana dela aitortu arren prebentzioan ere aurrera egin dela uste du EAEko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko buruak
«Jarduera berriz handitzen denean istripuak ez ugaritzea da gakoa»
Mikel Carramiñana. BarakaldoUrte erdi darama Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen lan osasuna zaintzeko ardura nagusian, baina aurretik ere urte luzeak eman ditu Pilar Collantesek (Donostia, 1965) lan osasuneko ordezkari lanetan UGT-Euskadin. 2014. urtera arteko estrategia prestatzea du datozen hilabeteetako zeregin nagusia.
Sei hilabete dira kargua hartu zenuenetik. Nolakoa izan da epe hau?
Erakundeari egonkortasuna eta lan egiten jarraitzeko bultzada eman nahi izan diot. Aurretik zegoenaren onena hartu dut, eta bestea aldatu. Planak egiteko garaia datorkigu, 2011-2014 eperako estrategia prestatu behar dugu. Barruari begiratu diogu langile eta teknikariekin hitz eginez, haiek ere plangintzan laguntzeko, lan osasuna zer izan behar den zehazteko.
Laneko eritasunen gaia aspalditik jorratzeke zegoen.
Bai, baina gai horrek bi alderdi ditu. Lehenengoa, Osakidetzarekin erabateko koordinazioa lortzea zen. Ezin dugu ahaztu kontingentziak Gizarte Segurantzak ezartzen dituela, guk susmoen berri bakarrik ematen dugula. Medikuek galdera batzuk egitea nahi dugu, susmo horiek benetakoak diren jakiteko gaixoek sintoma jakin batzuk dituztenean. Non lan egin duen galdetuta, diagnosiak lanarekin harremana izan duen jakin daiteke.
Amiantoari lotutako gaixotasunak eta kasuak bereziki lazgarriak dira.
Esponentzialki hazi dira. Amiantoarekin duela hamarkadak lan egin zuten langileek orain garatu dituzte gaixotasunak. Gauza bera gertatzen da silikosiarekin eta beste laneko eritasun batzuekin ere, minbizia eta bestelakoak eragiten dituztenekin.
Osalan edukirik gabeko erakundea dela salatu berri du LABek.
Bertan 200 lagun baino gehiagok lan egiten dute, obretara milaka bisita egiten dira, aholkularitza lanak, langileen osasuna zaindu... erakundearen balantzea oso positiboa da eta gizarteak badaki. Hutsaren irudia eguneroko lanean parte hartu nahi ez dutenek zabaldu nahi dutela iruditzen zait. Errazagoa da kanpotik kritikatzea barrutik lan egitea baino.
Kritika zehatz batzuk egin dituzte, teknikariak falta direla, esaterako.
Lan medikuntzaren alorrean bada arazo bat. Ez zaigu guri bakarrik gertatzen, erkidego autonomo guztietan arazo bera dute, ez dagoela eskaera guztiari aurre egiteko mediku nahikoa. Baina osasunaren zaintza behar den bezala egiteko modu bila gabiltza. Teknikariei dagokienez, beharrei erantzuteko nahikoa daude.
Urte bukaera honetan, zer esan daiteke aurten izandako lan istripu kopuruari buruz?
Hainbat arlotan bisita ugari egin dira, eraikuntzan batez ere. Obra berri guztiak ikuskatu dira, bai eta obra zibil guztiak ere. Istripuak %21,8 jaitsi dira, baina ezin da esan kopuru ona denik, ekoizpena eta biztanleria aktiboa jaitsi direlako. Edonola ere, gure analisia da jaitsieraren erdia inguru krisiaren ondorioa dela, eta gainerakoa prebentzioa indartu izanarena. Kopuruak, beraz, jaitsi egin dira, baina ez behar beste. Jarduera berriz handitzen denean istripuak ez ugaritzea da gakoa.
Lan istripu bat ematen denean zein da Osalanen lanaren prozesua?
Lehenengo eta behin, SOS Deien txosten bat jasotzen dugu istripuaren berri emanez. Txosten hori eragile guztiei bidaltzen zaie, fiskaltzari ere bai, eta Osalan zein Lan Ikuskaritza istripuaren tokira bertaratzen dira txostenak egiteko. Handik aurrera, Lan Ikuskaritzak dauka agintea. Egokia baderitzo, arau-hauste agiria izapidetzea dauka, zigor prozedura administratiboa abia dezake eta, aldi berean, fiskaltzari bidali diezaioke informazioa, dagozkion zuzemenak ireki ditzan. Azkenik, familiak auzitara eraman dezake enpresa, edo fiskaltzak, delitua ikusiz gero.
Lan eskumen berriek aldaketak ekarriko dizkiote Osalani?
Hasieran behintzat, ez da aldaketarik egingo. Teknikariekin gerta daiteke Lan Ikuskaritzaren txostenak prestatzen laguntzeko zeregina galtzea. Eskumen berriekin lan hori utzi, eta prebentzioan bakarrik lan egingo lukete.
Osalanen aurrekontua murriztu egin da. Onargarria al da?
Urtebetez onar daiteke, egoera berezian gaudelako, baina ez luzerako. Hala ere, gobernuaren aurrekontu osoari begira ez da jaitsiera handia izan, eta edonola ere, murrizketak ez dio bisita kopuruari eragingo.
Askok diote ikuskaritzen berri izaten dutela enpresek.
Guk badaukagu istripu gehien duten enpresen zerrenda bat, eta inork ez du ezagutzen. Zein sektoretako enpresak ikertuko ditugun esaten da bakarrik, eta nire ustez, hori zabaldu beharra dago, enpresetan etxeko lanak egin ditzaten. Bisitak, gainera, behin baino gehiagotan egiten ditugu.
Krisiak ez al du lan osasunaren zaintza jaitsi?
Nik, oro har, ez dut hala ikusten, ikusi ditudalako erregulazioan zeuden edo ixtear zeuden enpresak prebentzioari garrantzi handia eman diotenak. Osalanek saritu duen Vicrila aipagarria da. Egoera zaila pasatzen ari dira, itxi egingo dutela esaten ari direlako, baina prebentzio planekin jarraitu dute.
Herri lanetan hildakoak izan dira aurten. Administrazioek ez al lukete eredugarri izan behar?
Eginkizun hori dute, bai, eta horretan lan serioa egiten da. Era horretako obra guztiak Osalaneko zein Lan Ikuskaritzako teknikariek ikusten dituzte ia astero. Gainera, enpresa horien jarraipen batzorde bat dago prebentziorako. Azpikontraten arteko koordinazioaren ardura enpresen esku dago, eta bete behar dute.