Lan mundurako euskarazko hiztegia, sarean

Lanekik eta Elhuyarrek elkarlanean egin dute, Lanbide Heziketan euskarak duen «hutsunea» betetzeko

mikel rodriguez
Donostia
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
«Teknologia berriak egunero sortzen dira, eta euskararen presentzia, sendotzen ari bada ere, txikia da». Iñaki Konde Lanekiko presidentearen iritziz, egoera hori moldatzeko tresna egokia izanen da Laneki elkarteak eta Elhuyarrek elkarlanean sortu duten Lanbide Heziketarako hiztegia. Lan munduko terminologiako 5.641 kontzeptu biltzen ditu hiztegiak, eta edonorentzat eskura dago Interneten, www.jakinbai.com helbidean.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean hiztegiaren aurkezpena egin zuten atzo, eta Konderekin batera izan ziren Jose Luis Elortza Eusko Jaurlaritzako Etengabeko Ikaskuntzaren zuzendaria, Antxon Gurrutxaga Elhuyarren Hiztegigintza unitateko arduraduna eta Estibaliz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Departamentuaren zuzendaria.

Kondek azaldu duenez, duela hamar urte Ikaslan elkarteak eta HETEL Heziketa Teknikoko Elkarteak Lanbide Proiektua jarri zuten martxan, eta horren barne Laneki erakundea sortu zuten, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Garai hartan, Lanbide Heziketako «familiak» edo arlo ezberdinak euskara erabiltzeko «baliabiderik gabe» zeuden, eta, horregatik, hiztegia sortzeko «beharra» zegoen. Helburu hori betetzeko, Elhuyarrekin eta Lanbide Heziketako «hainbat eta hainbat» irakaslerekin elkarlanean hasi zen Laneki. Euskarri bakar gisa Internet hautatzeak ere arrazoi argia du Konderentzat. «Terminologian aldaketaren bat badago, papera zaharkituta gelditzen da». Emaitza, hiztegi «multidiziplinarra» izan da, zientzia eta teknologia biltzen dituelako.

Euskara, «boluntarismoz»

Euskarak Lanbide Heziketan orain arte eduki duen «hutsunea» azaldu du Elortzak. Arloen aniztasunak «ikuspegi globala» zailtzen du, eta «hainbeste sailkatuta dagoenez, argitaletxeentzat ez da negozio aproposa euskarazko liburuak egitea». Elortzak azpimarratu du Lanbide Heziketan A eredua dela nagusi, eta, «orain arte», euskararen alde egin diren pausoak «boluntarismoz» egin direla. Horregatik, Lanekiren hiztegia «ezagutaraztea» garrantzitsua dela uste du. Euskararen normalkuntzarako bidean, enpresek Lanekiren hiztegia erabiltzen dutela ziurtatu du Elortzak, edo erabili «beharko» dutela.

Gurrutxagak adierazi du Elhuyarrentzat hiztegi hau egitea «berritzailea» izan dela. Itzulterm zerbitzuaren bidez, gaztelaniatik euskararako itzulpen gehienak automatikoki egin dira, eta gainerakoak «landu» egin dituzte. Lanekik Creative Commons lizentzia erabili du, eta Alkortaren ustez, horrek «balio erantsia» du, «jakintzaren zirkulazio librearen aldeko jarrera» erakutsi duelako.



Datua

5.641

Hiztegiak biltzen dituen kontzeptuak. Denera, 5.641 kontzeptu ditu Laneki hiztegiak. Euskarazko terminoak 5.889 dira, eta gaztelaniazkoak, berriz, 5.637. Termino horiekin erlazioa duten 131.630 testuinguru biltzen ditu. Hamabi familiatako edukiak ageri dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.